Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

HAGINAK ETA HILOBIAK

Mariasun Landa

  Orain kontatuko dudana ez dakit ipuin bat den ala ez.

  Zuek, ipuin lehiaketako epaimahaikideok jakingo duzue nik baino hobeto, baina andere±oak askotan esan digu ipuinik onena bizitza dela, egunez egun gertatzen zaigunarekin nahikoa dugula itxurazko ipuin bat idazteko eta hori egiteko behar den gogoa dela garrantzitsuena, besterik ez, gogoa. Eta nik, gaur, uste dut gertatutako guztiaz idazteko gogoa eta beharra ditudala. Azken asteotan Deorekin gertatutakoa, gure sekretuarena, haginena, hilobiena... Eta zergatik alde egin nuen iluntzean parkera, inori ezer esan gabe, eta hori guztia. Agian, ez zaizue ipuina irudituko, den-dena egia baita. Bueno, ia-ia.

  Hasteko, esan beharko dut Deo nire auzokoa dela, emakume arrunt baten itxurakoa baina barrutik ume handi bat. Izen osoa Deo Gratias du, bere aitak jarri zion izen xelebrea, arraroa. Ingurukoek beti esaten dute torloju bat falta zaiola, atzeratua dela eta horrelakoak. «Erdiko apala falta zaio neska gaixoari», esan ohi zuen nire amona zenak eta nik ez nuen jakiten apalek zerikusi zuten Deo hain berezia izatearekin, baina atsegin nuen konparaketa hori. Beharbada, amona oso txukuna zelako esaten zuen hori, gauza bakoitza bere tokian ikustea gustatzen zitzaiolako. Auzokoek ere horrela pentsatzen dute, atzeratua dela, berezi edota xelebrea, baina bihotz onekoa, hori bai.

  Dena den, aita hil zitzaionetik, duela hilabete edo, okerrago jarri zen, eta hilobiak egitea besterik ez zuen buruan.

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki