Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

ILE LUZEEN KONDAIRA

Iban Zaldua

  Garai hartan bazen Nardul izeneko kapitain bat, benetan gerlari trebea zena, ezpataren zein lantzaren erabileran iaioa, eta baita borrokarako magiaren arte ilunetan ere. Erresuma Handiko probintzia urrun bateko alaba zen Nardul (ez zen, beraz, Ile Luzea jatorriz), baina hala eta guztiz ere Ile Luzeen armadan onartua izan zen zortzi urte bete zituenean, eta izugarri bizkor igo zen aginte-mailetan zehar. Edonola ere, esan beharra dago Erresuma Handia gero eta soldadu gehiagoren beharrean zegoela Jansar IV aren amona ízandako Lizber II.aren garaitik: Ile Luzeen lemuko seme-alaba soilez ezin zen armada erraldoi hura guztiz hornitu. Horregatik, orduz geroztik uraren froga Erresuma Handiko jaioberri guztiei egiten hasi zitzaien, Ile Luzekoen endakoak izan ala ez: gainditzen zutenek Ile Luzeen armadan zerbitzatzeko ohorea eskuratzen zuten.

  Zertan zetzan froga hori? Espartarrek bezala, erditu bezain pronto, ur izoztuan murgiltzen zuten Ile Luze jaio berria, eta lepoa mozten zieten negar egitera ausartzen ziren guztiei; uraren tortura jasan eta txintik ere ateratzen ez zutenek izango zuten Ile Luze eta, beraz, soldadu bihurtzeko ohorea. 

  Nardul, bada, jatorriz Ile Luzea ez bazen ere, froga jasandako ume horietako bat zen; baina soldadu gisa igarotako urteen poderioz ez zen apenas bere jatorriaz gogoratzen, eta erabateko Ile Luzetzat zuen bere burua.  Dena dela, kontatzen dutenez, Nardulek ez men froga gainditu: ur kasik hormatuan sartu bezain laster, malko ugari isuri zituen jaio berriak, haren ahotik intziri bat bera ere atera ez zen arren. Frogaz arduratzen zen kapitaina umea baztertzeko prest zegoela, harekin zegoen laguntzailea konturatu bide zen, malkoak erori ziren lur zatian, tupustean, belar luze eta zorrotz batzuk hazten hasi zirela. Eta Ile Luzeek «ezpata-belar» izendatzen dituzte mota horretako landareak: Erresuma Handiko poetek askotan erabili dituzte ezpata-belarrak gerrazaletasunaren metafora gisa, eta etengabe agertzen dira haiei buruzko aipuak Ile Luzeen kanta epikoetan. Gertakaria mirarizko seinaletzat hartu zuten soldaduek, eta Nardul armadan onartua izan zen.

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki