Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

SAIAKERAN SAIATZEKO GIDA

Fito Rodriguez

Joan Perez Lazarragak (1550?-1605), bere eskuizkribua idazten aritu zenean, ez zuen literatur generoen artean desberdintasunik markatu. Olerkiak eta narrazioak etengabeko jarioan nahasten dira, gogoeta eta errefrauak neurtitzetan nahiz hitz lauz idatzita. Garai bertsukoak dira saiakeraren aitzindaritzat hartu ohi diren Montaigneren hausnarketak (www.klasikoak.com). Je suis moy-mesme la matière de mon livre, «Ni neroni naiz vire liburuaren mamia», adierazi zuen Michel Montaignek, 1580an, Entseiuak lana argitaratzearekin batera. Egia da saiakeraren literatura ez zuela Montaignek bakarrik hasi. Ildo horri jarraituz idatzi baitzuen John Lockek, adibidez, Giza ezaguerari buruzko entsegua (www.klasikoak.com). Egia da, halaber, entsegugile adina saiakera mota dagoela. Ezin Jira alderatu, esaterako, Austria-Hungaria Inperioa gainbehera zihoan garaiko Vienaren berri eman ziguten Kral Krausen izkribuak eta Alexandro Handiaren garaiko Sexto Enpirikoren zirriborroak. Baina, historiako nahiz kultur arloko gorabeheren gainetik, antzeko idazkera mota antzematen zaie haiei guztiei, arlo berezituren bat, non literatura eta filosofia elkartzen baitira: saiakera.

Aipatutako idazle horiek guztiek norberaren sasoian gaurkotasuna zuen kultur gairen bati heldu nahi izan zioen, norberaren esperientziatik abiaturik eta liburuen erreferentzietatik harago. Ahalegin horretan, ordea, beren buruak ere, iheskor bezain aldakorrak, ezagutarazten joan ziren. Saiakerak ez baitu azalpen sistematikorik bilatzen, idazketaren bidez gogarnenari bidea ematen baizik. Arazo jakin bati buruzko digresioa dugu beste ezer baino gehiago, ez hurbilpen zientifiko edo filosofiko hertsia. Eguneroko bizitzak jartzen dizkigun traben aurrean oharkabean hartzen dugun jarrera intelektualen idatzizko adierazpena da saiakera. Ez dugu liburutegien premiarik entseguak idazteko. Horretarako ez da behar gogoa besterik, eta gogamena.

Joseba Sarrionandiak, Ni ez naiz hemengoa kartzelako egunerokoa idatzi zuenean (1985), literatura egin zuen, zalantzarik gabe; baina saiakera ere egin zuen, neurri berean. Puerto de Santa Marian giltzapetua eta isolaturik, liburu nahiz aipurik eskuratzeko aukera handirik gabe, bere gogoa eta pentsamendua medio eta idazketa euskarri hartuta, orduko estetika, etika eta kulturari buruzko hausnarketa idatziz ematen saiatu zen. Saiakera literarioa da, beraz.

Literatura, mundua ezagutzeko bidea izateaz gainera, balizko ekintza-ereduak aurreikusteko tresna ere badugu. Hau da, munduan aritzeko —eta, bide batez, mundua birmoldatu ahal izateko— lanabesa da idazketa, besteak teste. Eta horixe besterik ez da saiakera, literaturaren bidezko ezaguera. Horregatik, Montaigne eta Pirron beren garaiko dogmatismoaren aurkako etsenplu dina, entsegugileak direlako, hain zuzen. Norbera mundua ezagutzen saiatzen denean, ezin baitira onartu besteen intziak bere hartan eta besterik gabe. Saiakeragileak jakin egin nahi du, mendebaldeko kulturaren hastapenetan filosofoak jakintza bilatzen zuen modu berean. Hau da, lehenengo eszeptiko helenistikoek egiten zuten giran, bilaketa egin nahi du entsegugileak. Izan ere, skepsis hitz grekoak gogoeta bidezko ikerketa nahi du esan. Jakintzaren peskiza, beraz. Eta horixe da, bide batez, filosofiaren esangura: sofosa (jakinduria) maite eta bilatu nahi izana (filos). Ez, ostera, jakinduria aurkitu eta betiko eskuratu ahal izatea. Hori lortzen duena jakintsua litzateke. Besteok, aldiz, filosofoak, nolabaiteko saiakeragile eszeptikoak besterik ez.

Baina saiakera, berez literatura ere badena, ezin har daiteke filosofiaren sinonimotzat. Bestela, Sokratesek zioen moduan: «Benetakoa al da inora eramaten ez duen bilaketa?».

Ez, filosofian aritzeko oinarriek eskatzen duten sistematizaziorik ez du entseguak beretzat aldarrikatzen. Kantek (1724-1804) bere garaian plazaratutako filosofiaren funtsezko galdekizunak ?»Zer ezagut dezaket? Zer egin behar dut? Zer itxaron dezaket? Zer da gizakia?»— gutxiegi bide dira saiakerarako. Entseguak gehiago maite baitu Voltaireren tankera (1694-1778), gertuko galderen aniztasunaren alde, Kantena baino, saiakerak gizabanakoaren gogoeta eta haren adierazpena baititu helburu eta helbide. Hala, Denis Diderot, esaterako, saiakeragilea zen, galdera berriak plazaratzen zekielako, nahiz eta haiei ihardespenik emateko guztiz gai izan ez. Aldiz, Gottfried Wilhelm Leibniz filosofoa zen, eta ez entsegugilea, hain justu, erantzunen eta erantzukizunen atzetik ibili nahi izan zuelako; eta bide horretan, balio orokorreko hausnarketak plazaratu zituen, bere kabuzko burutazioak sortu beharrean.

Ikuspegi anglosaxoiaren arabera, fikziorik erabiltzen ez duen literatura da saiakera. Ez dakit Tomas Morok zer iritziko ziokeen horri, baina, zalantza izpirik gabe, haren Utopia obra saiakera eta fikzioa da, aldi berean. Beraz, argitu nahi duena azaldu beharrean mugatu eta ilundu egiten duen definizioa eskasa izaki, ez dirudi fikzio falta entsegua zer den adierazteko irizpide definigarritzat har daitekeenik.

Michel Serres frantses pentsalariak zioenez, egunerokotasuna alboratu beharra dago filosofia egin ahal izateko. Aitzitik, saiakerak landu ohi duen pentsaera, pentsaera filosofikoa ez bezala, egunerokotasunean eta egilearengan oinarritua da, ezinbestean; haiek baititu zutabe nahiz gogoetagai, eta hizkuntza, berriz, jolas horretarako tresna.

Alemaniako literaturan, Hans Markus Enzenbergen eta Peter Weiss idazleak ezagunak dira eleberrigintzan edo antzerki arloan, baina saiakeragiletzat jotzen dira gehienbat. Frantses literaturak ere, beretzat aldarrikatzen du J.P. Sartre filosofoa, saiakeragintzan ere aritu zelako, aurrekoek bezala nobelak eta antzezlanak idatzi arren (eta, bide batez, Literaturako Nobel saria eskuratuz...). Espainierazko letretan, bestalde, Alfonso Sastre entseguak izkiriatzeagatik da ezaguna, antzerkigile, poeta eta nobelagile gisa bezainbeste. Gurera etorrita, adibidez, inork ez luke dudan jarriko Txillardegik euskal letretara eginiko ekarri mamitsua ez duela eleberria berriztatuz soilik egin, saiakera idatziz baizik. Muga lausoak ditu entseguak. Literatura arloan askotariko generoak landu dituztenak saiatu ohi baitira saiakeragintzan ere. Honako lerro hauen bidez, bada, saiakeragintzaren bide horretan aritu ahal izateko lanabesak eskaini nahi ditugu, hain zuzen. Edozein ofizio edo giza ariketatan bezala, saiakerarako tresna-kutxa eskaini nahi dugu gida honen bidez. «Liburuen xarma» saila osatzen duten gainerako aurrekarien antzera (1.-Zer egin dezake vire ikasle batek liburu batekin?; 2.-Poesia lantzeko gida; 3.-Eskola antzerkirako gida; 4.- Ipuina lantzeko gida.), testu-sorkuntzarako adibideak ematea da gure helburua, eta horrek ikasleei biziaraziko dizkien esperientziak, gure ardatza. Gehienetan, Pedagogiak, ezagutzarako bideak eskaini ordez, ezagutza jakin batzuk belaunaldiz belaunaldi transmititzeko metodologiak landu ohi ditu, eta literatura pedagogizatzeak, idazketaren bidez norberaren bizipenez gozatzeko aukera eman ordez, eskolako irakasgai bati dagokion edukia gainditzea esan nahi izaten du sarritan, eta, horrekin batera, eta irudimenaren kalterako, literatura ulertzeko modu akademikoa eta batua finkatu du, irakurketa eta idazketa aske eta aniztuna sustatu ordez.

Saiakeran saiatzeko gida honek, aldiz, saiakerak idatzi eta entseguak irakurri ahal izateko arrasto batzuk eman nahi ditu. Saiakeraz gozatzeko gakoak iradoki. Eta jardun horretan, nola ez!, labur bada ere, euskal saiakeragintzaren —saiakera ezezagun eta, aldi berean, liluragarri horren— berri zabaltzeko lagungarri nahi du izan.

Saiakeraren aitapontekoa, Montaigne izan ordez, Uharte donibandarra balitz?

Izan ere, beste literatur genero batzuetan bildumak eta ikerketak aspaldidanik egin izan diren arren, euskal saiakeraren ardatzak ezartzeke daude oraindik eta, bere laburrean, gida honek hutsune hori betetzen lagun dezake. Horra asmoa, bada, emana.

 

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki