Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

ZIGARROKIN ZIZTRIN BATEN KEAK

Juan Luis Zabala

ZIGARROA PIZTU AURRETIK

     

      Iverstar bulegari anodino batek 1958 eta 1959. urteetan zehar 7 eskutitz anonimo igortzen dizkio urlia Marc Outryve-ri, hots, igande baten hirian suertatu zenean bere begirada serio eta misteriotsuarekin gure protagonista anonimoaren baitan zirrara bizia sartu zuen ezezagun bati.

      Hogeitamalau urte geroago, bulegariak, ordurako erretiroa hartuta eta minbizi prozesu baten azkenetan, gutun sorta berri bati ekiten dio lehendabiziko anonimo harrigarri haiek igortzera bultzatu zuten motiboak ahalik eta era arrazionalenean azaldu nahiz. (Gutun hauek osatuko dituzte elaberriaren kapituluak dei genitzakeenak.)

      Irakurleak, gu guztiok garen Marc Outryve ezezagun horrek, anonimoak idazlearen bizimoduan nola teilakatzen diren soma dezake, pixkanaka bere ikuspuntua hartuz doalarik. Era honetan, hasieran patologikotzat jo genezakeen egitate baten esplikazioak argi berri bat projekta dezake geure buruaren gainean, ezen azken finean denok ezkutatzen bait dugu zer edo zer.

      Protagonista anonimatuak eskaintzen dion babespenaz baliatzen da bere biziari errepasu sakon eta zintzoa emateko. Beraz, aitorpen bat dugu, eta hitz erlijioso hau nahiko egokia da gutunen hartzailea hartzen badugu kontutan: protagonistak behin bakarrik ikusi du hura, eta bere izen-deiturak eta helbidea besterik ez du ezagutzen; alegia, «ezezagun perfektua» da hartzailea igorlearentzat, eta «soilik ezagutzen ez denaz pentsa daiteke perfektua dela, akatsik gabekoa» (35. or.). Sarritan ezagutza desmitifikazio izan ohi da hastapenean; ezagutzen ez dugunaz egiten dugun irudiaren gainean, geure bizi porrotetik sortzen diren premiak direla medio, irreal dela jakinagatik ere halako mementu batean hain baliagarri zaigun perfekzioa sortzen dugu zenbait kasu konkretutan; ezezagunarekin harremanik izanez gero, perfekzio hori hausten hasiko da.

      Elaberri hau 65 urteko gizon baten bizi porrotaren kronika da; lan arbuiagarri eta absurdu baten morrontzapean bizi ondoren hilabete gutxiren buruan hiltzera behartua, bere gaixotasun sendaezina nola garatzen den sentitzen du, gerra nuklearraren arriskuak suposatzen duen gaixotasun kolektibo arriskutsuaren parean. Inguruan suertatzen zaizkionekiko inkomunikaziora kondenaturik, bakarti, behin betiko galdua duen iraganaren mineriak hartua, eskeptiko gehienetan onartu ohi diren kontsolamenduen aurrean («Ordudanik begi pare eder bat begi pare eder baino ez delaz jabetu nintzen. Eta, ez pentsa, ez zen lan erraza izan hori onartzeraino heltzea; oraintxe bertan, heriotzaren ateetan ere, lanak ematen dizkit begi pare eder batek begi pare eder bat baino ezin dezakeela gorde sinisteak» —133-134. orr.— edota, bestalde, «Nire fedea txikitandik zegoen pitzatua eta soilik beldurrak iraun arazten zuen zutik; horregatik beldur hori desagertu bezain laster mila puskatan hautsi eta behera etorri zen». —135. or.—), ate blindatuek ezin ekidindako lapurreta bat jasaten ari delaren jakin gainean (bere denbora bait da kendu diotena), honako galdera hau sortzen zaio: zein da espresioa —hor dugu lehen gutun sorta adibidetzat—, eta espresioa ezezik bizitzea ere galerazi dion indarra?

      Horregatik «meatzaritza»zko lanari ekiten dio, barnerapen arakatzaileari, autoanalisiari, hots, bigarren gutun sortari. Baina dogmatizatzeko gogorik gabe egiten du hau, besterik gabe atsegina zaiolako, delako indar hori, boterea bezala —eta ez bide da hau kasualitate hutsa—, leku orotan zehar pixka bana barreiaturik dagoela kontutan hartuta. Zer zen leku guztietan zegoela esaten zitzaigun Jaungoiko hura, bere jopuek jopu gisa jokatzeari uzterik izan ez zezaten, goiera pribilegiatuetatik jopu ororen mugimendu guztiak zaintzen zituen polizia ahalguztiduna baino?

      Bere harreman sozialetan, suntsidura hurbil batetara bideratutako ingurunean, eta baita bere baitan ere, delako indar horrek era askotara segitzen du jokatzen harik eta, biriketako minbizi bihurturik, protagonistak duen gauza bakarra, hots, bizitza, guztiagatik ere hain gogo biziz eutsi nahiko lukeen bizitza, bukatzeko zori atzeraezinean jartzen dueneino: «Inor ez da bizitzeaz aspertzen. Gaizki bizitzeaz asper gaitezke, edota zaharrak izateaz ere, baina orduan ez da bizitza bera aspertzen gaituena, bere mugapenak baizik. Ilusiorik gabe bizitzea da beharbada aspergarriena, baina orduan ilusiorik ezak aspertzen du, ez bizitzak. Bizitzaz gain ez dugu ezer, eta bizitzak beregan biltzen ditu aukera guztiak eta bizitza bera da, aldi berean, aukera bakarra. Ziztrina izango da, eskasa beharbada, baina hauxe da dugun gauza bakarra: bizitza.» (55. or.)

      Elaberria idazketari berari buruzko erreflexiotzat jo daiteke, literaturari buruzko literatura egiteko saiotzat, literaturak kreatzailearen ingurunean izan dezakeen eragina hatzemateko ahalegintzat, eragin honi oraingoz «terapeutiko» kalifikatzailea egokitzen zaiola esan dezakegularik.

      Pertsonaiarentzat gutunen idazketak eguneroko ahozko hizkeratik aparteko komunikazio premia bati erantzuten dio («Kalean jendearekin hitz egiteak lehen baino are urduri eta nahasiago uzten ninduen, baina halaber norbaitekin hitz egiteko premia nuen, norbaiti zerbait esan beharra» —38. or.—). Lehenengo eskutitz anonimoak, idazketa automatikoaren teknikaz eginak alegia, pertsonaiaren antsia suntsitzaileen eta eguneroko bizimoduan zehar pilatutako tentsioen deskarga suposatzen du.

      Baina idazketa ez dago gure bizimodutik aparte eta isolaturik; aitzitik, eragin nabariak ditu bai idazketak gure bizimoduan bai bizimoduak gure idazketan. Hasieran, lehenengo anonimoak, lehen gutun sortaren aitzindari gisa, egitate orijinal eta —ordura arte— bakar bezala, eragin terapeutiko nabariak lortzen baditu ere («Gutuna idatzi izateak ekarri zidan bi edo hiru egun hits haietako poz bakarra». —39. or.—), idazketa egintza jarraikor bihurtzen denean, ia-ia ohikeria edota jolas soila, eten egin beharra dago nahitaez. Are gehiago gure bulegari anonimoaren ardura estetikorik eza hartzen badugu kontutan: ez zaio axola testuen edertasuna, irakurketak izan lezakeen atsegintasuna, testuen aberastasuna. Arrazoia oso sinplea da. Bere jaistaldietatik irtetzeko behar duena ez da hori, «harridura sorteraztea» baizik, zerbait «txokantea» egitea, eguneroko hizkerarekiko (eta eguneroko bizimoduarekiko) haustura, hizkera hori, idazkera automatikoa, dada publizitarioa, ortografia-sintaxien apurtzea etab. bezalako teknikak direla medio, iraultzea.

      Orain artekoan «terapia» hitza erabili dugunean, begiratu batera pentsa litekeen baino zentzu zehatzagoan egin dugu: Gaixotasuna, bere aldaera diferenteetan, elaberri osoan zehar ageri da etengabeki.

      Gaixotasuna, estrainekoz, produktu soziala da. Protagonistaren biriketako minbizia bere «burusuntsidura»rako joeraren eta bere eguneroko infernua gainditzeko premiaren ondorio da («nik behera eta behera doan bidea hartzen dut eta ke ilunen artean aurkitzen dut paradisu galdua». —60. or.—). Gaixotasuna, osasuna —sinesterazi nahi izan zaigunaren kontra— ondasun absolutu eta betiere gutiziagarri ez delaz jabetzearen etsipenean jasotako patua da. Ezen osasuna produkzio sisteman esku hartzen segituko bada bete beharreko baldintza bait da batipat, bere definizioa, horrenbestez, sistema horren interesen arauerakoa delarik: «Ez dakit, beraz, ez ote den mesede bat izango honen garai egokian minbizia izatea». (44. or.).

      Koherentzia nabaria soma daiteke gaixotasuna eta gainerako zenbait bizi-esperientziaren artean. Witold Gombrowicz poloniar elabergileak bere «Cosmos» nobelaren protagonistaren ahotan ironia faltarik ez duten hitzok ezartzen ditu: «Norberak norbera izan nahi du, eta neronek ere ni neu izan nahi nuen, jakina, ezin dezake inork sifilisa maita, inork noski, eta haatik are sifilitikoak ere bera izaten segi nahi du, alegia, sifilitiko bat; erraza da ?sendatu nahi dut? esatea, baina horrek badu bere tonu arraroa, zera esatea bezala da kasik: ?ez dut naizena izan nahi?. »

      Bestalde, William Burroughs-ek birus baten hedapena aipatzen badu gure zibilizazioari hobeto dagokion metafora gisa, hemen protagonistaren minbizia da («Gizakiaren aurrerakuntza bezalakoa da minbizia: hazi eta hazi dihardu, gero eta handiago, gero eta gehiago, gero eta azkarrago... harik eta areagotze horrentzat lekurik geratuko ez deneino.» —52. or.—) gizakiaren eta naturaren domeinu eta hurrupaketan oinarritutako aurrerakuntzaren gezurra darakusguna. Giza-espezie osoaren heriotzearen ertzeraino erakarri gaituen aurrerakuntza alegia, geure buruarenganako zein erabaki kolektiboetarako botere oro ohostu digutelaren jakin gainean, ezintasunik larriena sentierazten digun aurrerakuntza.

     

      Luis O.

 

 

AURKEZPEN HITZAURREA

 

      1959. urtearen hasierako egun batean 1958.eko abenduaren 24ko dataz eta izenik gabe sinaturiko gutun estrainio bat jaso nuen etxeko gutunontzian, eguberrietako oporraldia nire emaztearen gurasoen etxean igarotzetik itzuli nintzenean.

      Anonimoa izateaz gain, eskuz eta oso letra moldagaitzez idatzia zen, eta zentzugabea zen zeharo gutunaren edukina. Esate baterako, hauxe zen gutunaren lehendabiziko esaldia: «Negarraren irtenbide ahulak inolaz ere ireki ezingo lituzkeen bideetatik abiatzeko beharko nukeen tresna urrezkoa izateaz ala ez izateaz mintza gintezke, honek inorentzat ardurarik izango ez lukeelarik.» «Zer demontre ote da hau?», galdetzen nion neure buruari gutunaren testua behin eta berriro irakurtzen nuen bitartean. Ez nekien zer pentsatu, ezin nuen ulertu gutun hura nork bidalia izan zitekeen, edota zertarako, zergatik...

      Harrez gero 1959. urtean zehar beste halako bost gutun gehiago jasoko nituen, eta beste bat gehiago oraindik 1960.eko urtarrilaren hasierako egun batean. Guztira, beraz, zazpi gutun, denak gisa berekoak, luzera aldetik eta, batez ere, hizkera aldetik diferentzia nabarmenak aurki bazitezkeen ere. Denak gutun izengabe eta zentzugabeak ziren, eskuz eta letra nahasiz idatziak. Gutunen testua irakurtzeak bere lanak zituen; gutunen edukinari zentzu koherente bat ematea berriz, ezinezkoa zen.

      Zigilua Iverst-eko hirikoa zuten denek. Ez nuen Iversten ia inor ere ezagutzen; han nituen bi lagun bakarrekin hitz egin nuen telefonoz eta beraiek ez zirela gutunen autoreak esan zidaten behintzat. Ez zuten gezurretan aritzeko itxurarik; geroragoan egia ziotela egiaztatu ahal izango nuen.

      Grafologo batekin ere izan nintzen, ea zer esan ziezadakeen gutun haien egileaz. Grafologoak hitzik ulergaitzenak argitu eta gutun haien egileari zegokion izaeraz zenbait ideia eman zizkidan. Baina ideia horiek ezin zidaten batere lagundu gutunen igorlea zein zitekeen hautemateko ahaleginetan.

      1960. urtearen hasieran jaso nuenaz geroztik ez zitzaidan niri Iverstiko gutun izengabe gehiago iritsi 33 urte t'erdi geroago arte. 1993. urtearen bigarren erdian zehar jaso nituen beste zazpi gutun berriek ere ez zuten igorlearen izenik agertzen. Alabaina, gutun berri hauek ulertzeko modukoak ziren behintzat, eta ez bakarrik idazmakinaz idatziak zirelako. Gutun hauen egileak, laster hil beharko duela jakinik, 34 urte aurreragoko gutunen egiletasuna aitortzen du eta, are gehiago, gutun zahar haiekiko xehetasunak argitasun osoz emateko eginahalak egiten ditu. Lehendabiziko gutunean —barkamen eskari eta guzti— azalpen orokor bat egin ondoren, hurrengoetan zazpi gutun zaharren ingurunea argitzen saiatzen da; hala ere azken gutunaz ezin izan zidan ezer esan, Heriok aurre hartu bait zion.

      Gutun berri hauei esker, gutun guztien egile anonimoari dagozkion zenbait xehetasunen berri jakin ahal izan dut, bere izena beti ongi gordetzen asmatu badu ere; 1928ko abuztuaren l0ean jaio zen herri koxkor batetan; 14 urte zituela Iverstera joan zen bizitzera bere gurasoekin; bulego batetan egiten zuen lana, 65 urte bete aurretik erretiroa hartu zuen arte; ez zen sekula ezkondu —hala dirudi behintzat—; iazko abenduan hil zen, 65 urte zituelarik, Iversteko ospitalean, gehiegi erretzearen ondorioz sorturiko biriketako minbiziaz...

      Bigarren aldiko azken gutuna jaso ondoren, gutunen egilea hilik izango zela eta gutun izengabe berririk ezin jasoko nuelaz jabetu nintzenean, gutun guzti haiek norbaiti erakutsi behar nizkiola erabaki nuen. Psikologia gaietan ikasia eta, horrez gain, literaturzale amorratua den nire lagun Joss Vington jaunarengana jo nuen orduan iverstar ezezagunak igorritako gutun guztiekin. Interesgarriak iruditu zitzaizkion oso Vington jaunari gutun haiek. Gutun haien berri eman beharra zegoela esan zidan eta, azkenik, gutun haiek argitaratu egin behar genituela erabaki zuen. Joss Vington jaunaren laguntzari esker, aise eta laster izan dut gutunak non argitaratua.

      Argitarapen honetan, beraz, nik jasotako gutunen testuak biltzen dira, hitzez hitz eta inolako aldaketarik gabe emanak. Soilik bigarren aldiko gutunak emango ditugu argitara, 1993.eko urtearen bigarren erdian idatzitakoak alegia, bigarren aldiko gutun hauetan zehar lehen aldiko gutunen idazmakinazko transkripzioak ere igorri bait zizkidan gutunen egile anonimoak.

      Argitarapen honi eman beharreko izenburuaz izan genituen gure zalantzak. Hasieran «Iverstik heldutako gutun anonimoak» edota «Iverstiko gutun izengabeak» iruditzen zitzaizkigun egokienak. Baina gero, izenburu biziago eta adierazkorrago baten bila jo genuenean, «Zigarrokin ziztrin baten azken keak» aukeratu genuen azkenik, gutunen egileak bere burua «azkenetan dagoen zigarrokin ziztrin ahantzi»tzat jotzen duen unean oinarriturik. Egia da «azken keak» ezezik lehenagokoak ere, aspaldikoak, ageri direla —1958 eta 1959ko eskutitzak—, baina horiek ere zigarrokinaren azken mementuetako oroipen gisa baino ez dira ageri.

      Gutunen egilea ere poztuko zatekeela uste dut gutun hauek,argitaratuak izango direla jakin ahal izan balu. Berak honako hau esaten bait zidan iaz igorritako bostgarren gutunean: «Gero zuk nire gutun hauekin nahi duzuna egingo duzu, baina paperontzira bota ala erre egiten badituzu ere, nik ez dut sekula jakingo, eta gutun hauen harrerari buruzko hipotesi guztiek bizirik iraun ahal izango dute nire irudimenean. Hipotesi horien artean, nik ezer jakiteke, nire gutuntxo hauek sekulako istiluak sorterazten dituztela edo sorteraziko dituztela imajinatzea gustatzen zaidala gehienbat aitortu behar dizut. Hots, hil behar badut hil nadila, baina arrasto bat utzi nahi nuke, ahalik eta larriena, sarkorrena, eta baita ahalik eta zalantzagarriena, nahasgarriena... »

      Aurkezpen orokor hau bukatutzat jota, gutun guztien irakurketaren ondorako uzten ditut oraindik irakurle kezkatiarentzat baliagarri gerta daitezkeen beste hainbat azalpen eta iruzkin.

     

Marc Outryve

     

 

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki