Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

ITSASOAN EURI

Joxerra Garzia

Galtzear dauden espezieak

2002ko ekaina

 

  Lehen «ingurugiro» eta orain «ingurune» esaten zaion horren nazioarteko eguna izan zen joan den asteazkena.  Behin baino gehiagotan esan izan dut hemen zerbaiten aldeko egun bakar horiek ez ditudala gustuko, baina oraingo honetan aitortu behar dut dezente ikasi dudala Ingurumenaren Eguna zela eta.

  Ikasi dut, adibidez, badela Ekuador aldean dortoka bat, George, 70 urteko arra, bere espeziean bakarra omen dena munduan. Jarri omen dizkiote Georgeri bere antzeko espezie bateko eme gazteak aukeran, baina ez omen du nahi zerako zera zertzerik, eta, adin horretako gizonek ez bezala, muzin egiten die behin eta berriz eme gazteei.

  Gauza berriak irakatsi ez ezik, zaharrak berritu dizkidate komunikabideek, ingurumenaren egunaren aitzakian. Esaterako, badela Donostian igel espezie bat, hiria bezala bakarra omen dena munduan. Ibaeta aldean du bizilekua, eta hantxe prestatu diote igerileku partikular moduko bat, luzaroan iraun dezan. Bejondeiola!

  Donostiatik irten gabe, PPkoek sekulakoak esan dizkiote alkateari, Kontxako bidegorria egiteko tamarindoren bat edo beste ebaki behar izan dutelako. Izan ere, zer litzateke Donostia tamarindorik gabe?

  Espainiako telebistan, azkenik, arrano inperialen egoera larriaren berri jakin nuen. Zehatz-mehatz azaldu zuten zer-nolako ahaleginak egiten ari diren espeziea gal ez dadin. Besteak beste, kume jaio berriak hartu, habia berezietan hazi, eta lur-alor berriak egokitu dizkiete. Arranozale batek egokiro azaldu zuenez, egoerari dagoen-dagoenean eustera mugatuz gero, 200 urte baino lehen galduko omen litzateke espeziea. Eustea ez da, beraz, nahikoa: ausartago jokatu behar da, eskuzabalago.

  Aitortu behar dut nigan behintzat eragina izan duela aurtengo ingurumen egunak. Hala, bada, galtzeko zorian dauden gure inguruko beste espezie batzuen berri eman nahi nieke, atrebentzia ez bada, egun hori antolatzen dutenei.

  Bata «iritzia» da. Bateko jatena ukatzen zaiola, besteko iritzi-ehiztari eta eskopeteroak tiro eta tiro dabiltzala, ale bakarra baino ez da ikusten, ez entzuten. Batasunaren arranoa eta Eliza Katolikoaren usoa daude une honetan jomugan, kaioei ez beste denei tiro egiten baitzaio aspaldion. Ni, egia esan, ez naiz ez arranozale ez usozale, baina mezua ondo ulertu badut, biodibertsitatea omen da kontua, ala?

  Arriskuan dagoen beste espeziea, hizkuntza da, euskara. Zuek ingurumen zaleok ulertzeko moduan esanda, Espainiako arrano inperialen antzekoa da euskararen egoera. Ez da George dortokarena bezain tristea, baina hor nonbait. Kumeak egin egiten ditu, baina lur-alor berriak egokitu ezean baliteke 200 urte baino lehen galtzea ere. Arrano inperialen kasuan bezala, egoerari dagoen-dagoenean eustea ez da nahikoa: ausartago jokatu behar da, eskuzabalago.

  Eta, ahal dela, ez urtean behin bakarrik, euskararen edo iritziaren nazioarteko egunetan, baizik eta gainerako 364 egunetan. Ez dut uste euskarak eta iritziak kalte handirik izango luketenik urtean egun bakar batean orain arte bezala jokatuta ere.

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki