Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

LIZARDI. GUTUNAK (1928-1932)

LIZARDIREN ESKUTITZAK

EUSKAL PIZKUNDEAREN HISTORIA INTIMOA

Lourdes Otaegi / Paulo Iztueta

 

1. Euskal Pizkundearen ikerketa: testuak eta dokumentuak biltzeko eta argitzeko hainbat saio.

   

    Xabier Lizardiren biografia pertsonal eta poetikoa nahiz bere garaikide izan ziren olerkarien belaunaldiko beste askorena behar bezala ezagutu ahal izateko eragozpenak ugariak izan dira urte luzeetan, baina azken hamarkadetan hainbat ikerketa garatu dira garai hartako historiografia zehatza egitea ahalbidetzen dutenak.

    Jakina da gerrate zibilaren eraginak eta haren ondoriozko izuak eta zentsurak errotik altxa zituztela literatura aztertzailearentzat behar-beharrezkoak ziren baliabideak, hala nola, idazleen eskuizkribuak, liburutegiak, ikasketa-agiriak, gutunak; horietako asko, ezkutatu beharraren beharrez, sakabanatuak izan ziren gerra hasierako zalapartan. Senitartekoek eta adiskideek jasorikoak soilik iritsi dira gure eskuetara eta horiek ikerlarien eskuetara iristen ari dira tantaka-tantaka.

    Denboraren joana —aldiaren sitsa!— bera izan da, Jose Maria Agirreri buruzkoak eta hark sorturiko nortasun literarioa, Xabier Lizardiren ingurukoak zehatz ezagutzeko eragozpen larria. Guda hasi aurretik hil zen jakina denez, orain dela hirurogeita hamasei urte. Horri gaineratu behar zaio haren lankide eta adiskide gertukoenak izan zirenetako batzuk guda zibilean hil zirela edota atzerrira joan behar izan zutela; horren ondorioz, gerra garaian eta ondoren olerkarien lanek eta jabegoek izan zituzten konnotazio politikoak zirela eta, haien dokumentu gehienak ostendu eta are suntsitzea ekarri zuen. Zorionez, zenbait gorde dira eta ikerlarien indusketa lanek material interesgarriak ekarri dituzte argitara urteen poderioz, alez ale.

    Olerkarien obra poetikoak gerraostean argitaraldi zenbait ezagutu dituzten arren, haien prosazko lanek ez dute laurogeietara arte berriro argia ikusi Lizardiren Itz lauz lan hautatuen edizioa alde batera uzten bada. Gudaurreko aldizkari-egunkarietan argitaratu zituzten artikulu eta prosa-lan ugariak bildu, editatu eta ezagutzera ematea izan da, beraz, ikerlariek egiten duten lehen lana. Egunkari eta aldizkarietako orrietan gorderik zeuden prosa-lanon edizioak dira, beraz, lehenik ekin zitzaion langintza.

    Pizkunde aroari buruzko euskal ikerketa eta ikasketa literarioen barrutia zabalduz joan da azken hiru hamarkada hauetan. Lauaxetaren egunkarietako zenbait idazlanen bilduma izan zen guztietan goiztiarrena: Jon Kortazarrek prestaturiko Azalpenak (1982) eta haren ondotik heldu ziren Agurtzane Mallonak apailaturiko Azalpenak eta beste izeneko edizioa (Klasikoak, 1991) eta berriki Xabier Altzibarrek argitaraturikoa Urkiaga, Esteban-Lauaxeta, Gure aberriaren elea: kazetarilanak (2005). Tartean, berriz, haren sorkuntza literarioari buruzko era bateko eta besteko lanak eman dira ezagutzera zenbaitetan betiko galdutzat ematen ziren dokumentuetan oinarriturik, hala nola berriki ezagutu den haren epaiketaren informea, edota haren liburutegiaren ondare interesgarria (Kortazar, 2005).

    Joan Mari Lekuonaren eskaerari erantzunez, Lourdes Otaegi Itz lauz berreditatzeko asmoan abiatu zen eta iturrietara jotzeko aukera baliatu nahi izan zuen: Azkue liburutegia, Labayru liburutegia, Lazkaoko beneditarrena eta Donostiako Udal liburutegia nahiz Ateneoarena. Lizardiren artikulu guztien edizioa prestatzeko parada egokitu zitzaion eta, Xabier Lizardi. Kazetari lanak argitaratu zuen 1987an; eta bilduma hori Lizardiren poetika Pizkundearen ingurumariaren argitan (1993) izenez aurkeztutako bere doktore-tesiaren oinarri izan zen. Aurrerago ezagutu zituen beste hiru prosa-lan bilduz argitaratu zuen Gerbault bakartia (1996) izeneko liburutxoa, kazetari-lanen sorta osatu nahiz.

    Hurrena, Aitzolen Idazlan guztiak argitaratu ziren 1987an sei aletan banaturik eta horrela plazaratu zen olerkarien interlokutore nagusi zenaren nortasuna eta pentsaera berregituratzeko tresna guztiz baliagarria, euskal literaturaren epe garrantzitsu horri dimentsio berriak erantsiz. Aitzolen Idazlan guztiak izenpean badoa ere, hainbat jakitunek Aitzolen gainean eginikoa da, berez; Ariztimuñoren biografia Martin Ugaldek egina da eta honen osagarri da Joseba Goñi Galarragak burutu duen kronologia, Aitzolen bizitza Euskadiko, Espainiako eta Elizaren baitako gertaerekin elkartuz eta erkatuz. Bestalde, beste bi kapitulu luze ere burutu ditu Joseba Goñik, elizbarrutiko misiolaritzan eta gizarte-auziaren aurreko ikuspegi kristauaren zabalkundean eginiko lana agertuz. Francisco Rodriguez de Coro historialariak Aitzolen abertzaletasun politikoa ikertu du eta Iñaki Larrañagak, aldiz, soziolinguistika alorrean eginiko lan guztien azterketa egin du, bere ekarpen eta mugapenak argitan ezarriz.

    Orixeren alorrean, aldiz, biltze-lana Paulo Iztuetak egin du gehiena, haren Idazlan guztiak osatzean 1991ean. Bera izan zen edizioaren arduraduna; eta aholku batzordea, Jose Mª Aranalde, Xabier Azurmendi, Gillermo Etxeberria eta Juan Mª Lekuonak osatu zuten (Vitoria-Gasteiz, Etor-Eusko Jaurlaritza; Donostia, 1991). Hiru alez osaturiko obra erraldoia da, lehengoak haren sorkuntzazko lanak biltzen ditu, bigarrenak, itzulpenak eta hirugarrenak, artikulu eta saiakerak. Hauei gehitu zitzaielarik laugarren tomo batean, 1988ko omenezko jardunaldietan Donostian emandako hitzaldiak biltzen dituen edizioa. Baina honen aurretik, 1965ean, argitaratua zuen Euskaltzaindiak Orixeri buruzko beste bilduma bat ere, Orixe. Omenaldia deitua, garai hartako hainbat lankideren lanak jasotzen zituena. Berrikitan, 2003an, Paulo Iztuetak berak, 1988ko ekimenari jarraiki, Orixe saiogilea, Orixe auzitan eta Orixe gaitzetsia trilogia argitaratu du (Utriusque Vasconiae), azken honek egilearen alderdi biografikoa lantzen duelarik, funtsean haren gutunetan oinarrituta.

    Laurogeietan eginiko biltze eta aztertze lan horiek neketsu eta ilun dira, gozo gutxikoak agian egileentzat, baina haien ahaleginaren ondorioz, Pizkundearen protagonista nagusien emaitzak askoz zehatzago eta zorrotzago balioztatzeko aukera eskaintzen zaio gaurko ikerlariari, garai hartako parametroak eta irizpideak ezagutzeko testuak gerturatu baitzaizkio. Horren harira etorri dira, ondorioz, zenbait ikerketa unibertsitario eta tesi. Eta horren fruitu dira gisa berean, gudaurreko kritika literarioari buruzko bi ikerketa-lan aipagarri ere: hala nola, Koldo Izagirrek eta Iñigo Aranbarrik argitaraturiko Gerraurreko literatur kritika (Labayru, 1996) eta berrikiago Paulo Iztuetak argitaratu duen Kritika literarioaren lehen saioak (19261936) (Utriusque Vasconiae, 2002). Modu honetan joan da osatzen euskal literaturaren urrezko aro honi buruzko bibliografia eta zalantzarik ez da gaur egun garai hartako euskal literaturaren argi-itzalak askoz hobeto baloratzeko irizpide objektiboak ditugula eskura.

    Ez da zer harritu Pizkunde axoko egileak eta testuinguru sozialak, politikoak, literarioak eta abarrek ikerleen arreta erakarri izana: sortze literario bikainez gain, ideia eta estetika eztabaida biziak izan ziren. Euskal sistema literarioaren baitan gertatzen ari ziren aldakuntza nabarien arrastoa jarraitzeko guztiz emankor gertatu da, testu literarioen barne-azterketaz gain, bestelako materialen ikerketa xehea: egunkari eta aldizkarietan garaturiko ideia-trukaketa eta jarrera hartze aurkakoen lekukotza agerikoen arrastoa jarraitu da eta haren inplikazioak aztertu dituzte hainbat euskal literatura-ikerlanik, zorroztasunez.

 

2. Lizardiren gutunen karpeta gordeak

    Olerkarioi dagozkien argitalpenetan, ordea, bada, Lizardiren kasuan, beste dokumentazio iturri bat: gutun, eskuizkribu eta agiriez osatua, orain artean pitinka soilik ezagutzera emana.

    Lizardi bera hil berria zelarik, Aitzolek 1933an idatzi zuen gutuneria hari buruzko ohar interesgarri hauxe:

   

    «Su nutrida correspondencia, clasificada en varias carpetas con el nombre de Eskutitzak, es una documentación inapreciable para esta época del renacimiento euskaldun. Y casi todas esas cartas, las por él escritas y recibidas, están en su casi totalidad redactadas en euskera» 1.

     

    Hau da Lizardiren dokumentazio pertsonal horri buruz jasoa dagoen lehen aipamena eta noten eskuetan geratua ote zen galderak erantzunik ez du, jakina baita haren familiakoek ez zituztela gutun horiek eskuratu 1982ra arte Eusko Ikaskuntzaren eskutik. Aitzolek aipaturiko gutunen artean zeuden zenbait gutun pertsonal argitaratu zituen Jokin Zaitegik2 1956an, inolako sarrera oharrik egin gabe, eta honako izenburu honen pean: «Lizardi eta Larreko ziranek elkarri egin-gutunak». Halaxe da, Fermin Irigarai Larreko eta Lizardik 1929ko urritik hasita, 1930eko abuztua arte elkarri bidaliriko zenbait eskutitz eman zituen ezagutzera. Lizardik garai horretan buruan zerabilen Euskal Egunkaria sortzeko laguntzaile gisa deitu zuen Larreko, aldi berean, urte horretan zehar Euskaltzaleak elkartea egiten ari zen lanen berri ematen ziolarik.

    Zaitegik argitaraturiko gutunak erantzunik gabeko beste galdera bat eginarazten digute: nola eta zein bidetatik eskuratuak zituen Jokin Zaitegik Lizardi eta Larrekoren arteko gutun horiek? Eta horiek bakarrik eskuratu al zituen, ala Aitzolek aipatzen dituen «Eskutitzak» izeneko karpeta horiek guztiak helarazi zizkioten? Eta baiezkoan, nork bidalita? Ez daukagu erantzungo digunik. Hala ere, eta hipotesiaren bidetik jo beharra dagoenez, errazena litzateke Jokin Zaitegi 1950ean argitaratzen hasia zen Euzko-Gogoa aldizkariarekin laguntzera urte hartan bertan joan zitzaion Nikolas Ormaetxea Orixek eskuratuko zizkiola uste izatea, Lizardik azken urteetan literatur aholkularirik hurbilekoena bera izan baitzuen.

    Ez dirudi hala izan zenik, ordea. Orixek Lizardiri buruz idatziriko artikuluetan zehar behin ere ez da eskutitz horiei buruzko inolako aipamenik aurkitzen. Aldiz, ondo gogoan du Aitzolek saskira bota zizkiola berak Lizardiri buruz egindako artikuluak Biotz-begietan argitaratu zenean, ez du hori bermatzera datorren Lizardiren dokumenturik aipatzen, ondoren datozen gutun hauetan froga agirikoak aurki badaitezke ere. Pentsatzekoa da Lizardik berari idatziriko gutunak gordeak zituela, baina ez du inoiz horien berririk ematen.

    Bestalde, gauza jakina da, Lizardiren kasuan ez bezala3, Orixek ez zeukala inoren gutunak gordetzeko ohitura handirik. Bada, ordea, 1963ko Olerti aldizkariko aipamen bat gutunen gordetzaile nor izan zen sumatzeko aukera ematen duena: «Eriotzondoan, zanaren moldezko paper batzuk miatzen ari nintzala —eskuzkoak apaiz Markiegi Jaun zanari eman genizkion— nere artikulu bat, Egunkari'tik goraiziz ebakia...»4. Aitzolek bezala, Orixek ere Lizardiren «paperak» banatu egin zituztela esaten du, eta gutunen aipamen zehatza Aitzolek berak egiten duen arren, Orixeren hitzek Markiegiren eskuetan geratu zirela pentsatzeko bidea ematen dute. Eskuz idatzitako paperak esanda gutunak ere tartean kontatu behar ditugunik ez da, ordea, gauza ziurra. Izan ere Markiegik Lizardiren artikuluen edizioa izan zuen bere gain eta berea da 1934ko Itz lauz liburuaren hitzaurre argigarria ere. Umezurtz olerkiak liburukiak, aldiz, Aitzolen hitzaurrea izan zuen.

    Gaur zehaztasun osoz dakigu, azkenaldian agertu diren dokumentu berri batzuei esker, Lizardiren Eskutitzak izenburua daramaten karpetak, bi zirela, nahiz eta eskutitzen aipamen zehatza egitean, Aitzolek varias carpetas zirela esan modu zehatz gabean eta gehienak euskaraz zeudela azpimarratu.

    Karpeta haiek bertatik bertara batera ikusi zituztenek —J. Markiegik, Aitzolek eta Orixek, alegia—, berehala igarri zuten hark zuen balioa Euskal Pizkundearen aroa behar bezala azaldu eta ulertzeko dokumentaziotzat. Orixek aldiz, modu zehatzean jaso zituen, akta notarial batean bezala, miatutako bi karpeta horiek zer eduki zuen: Eskutitzak. Ia guziak euskaraz. -Argia azi ta zabaldu. -Kirikiño saria. -Euskal egunkaria. -E-I'ren Uda-euskal ikastaldiak. -Andoain'go Euskal-Eguna. -Segura'koa. -Sabin bizitza. -Kristau-ikasbide egunak. -Errenderi'ko elerti-jaia. -El Dia. ?Bergara?ko Aur Eguna. -Emakumea ta euskera. -Euskal-poema... (Estas dos carpetas de cartas, euskéricas en su mayoría, (aparte del interés literario del epistolario euskaldun) son una historia íntima bastante completa de todo el movimiento euskerista de estos últimos años).

    Orixeren hitzak aintzat hartuz Lizardiren gutuneriak Pizkundearen urrezko aroko historia intimoa osatzeko dokumentuak eskaintzen ditu eta, arretaz jarraituz gero, erliebe nabariaz suma litezke aktibitate horien guztien jomugak: euskarak gizartean zuen bazterketa latza gainditzea eta kultur bideetan lekutxo bat eskaintzea, etorkizunari begira aukera bat izan zezan. Arrazoi du Orixek Lizardiren gutunen edertasun literarioa azpimarratzean. Erregistro berri batean dasta dezakegu haren lumaren eztitasuna: adiskide giroan, konfiantzazko erregistroan, lausenguz, bromez, zurikeriaz edo zirikaldiez baliatuz zuzentzen zaienean hurbil-hurbilekoenei (Orixe, Aitzol, lehengusu eta koadrilakoak...), errespetuz eta adeitasunez bera baino nagusiago direnei (Aita Estefania, Larreko,...), edota adeitasunez baina autoritate apur batez gazteagoei (Zaitegi, Lauaxeta,...). Gutuneria ugaria, askotarikoa, erakargarria da.

 

3. Gure edizioa

    Aitzolek eta Orixek aipaturiko bi sortak bateratzen ahalegintzea izan da argitalpen honen helburu nagusienetako bat. Edizio honetan bi iturrri horietakoak elkartzea lortu dugulakoan gaude. Nahiz eta oraindik ere biltzekorik izango den, noski, Lizardiren gutunen hartzaileen gutuneriak ezagutzen joan ahala.

    Laburki aipatuz, beraz, honako hau da Lizardiren gutunen argitaratze kronologia, gure edizio honetarako erabili ditugun iturrien arabera:

   

    1. Lizardiren gutunak ezagutzera emateko lehen saioa, hasieran esan bezala, Jokin Zaitegik Euzko-Gogoan 1956an irekitzen duen ildotik etorri zen. Ez sarreran ez oin-oharretan ezein azalpenik eman gabe, Lizardi eta Larreko ziranek elkarri egin-gutunak argitaratu zituen, bederatzi guztira, 1929ko urritik 1930eko abuztua bitartean idatziak. Aldizkari horretan bertan, badator Emeterio Arresek Lizardiri egindako beste gutun bat ere5, datarik gabea, baina 1932koa izan daitekeena.

    2. Jose Maria Velez Mendizabalek Jokin Zaitegi izenburuaz Arrasaten 1981ean argitaraturiko liburuan eman ditu ezagutzera gutun horietako bi: Jokin Zaitegik Belgikatik Lizardiri eginiko gutuna eta honen erantzuna. Jokin Zaitegik idatzirikoa 1932ko azaroaren 14koa da, eta berak idatzitako zenbait olerkiri buruzko irizpidea eskatzen dio Lizardiri, nahi izanez gero, Labaien eta Arreseri ere erakuts dakizkiekeela esanez6. Lizardiren erantzuna hilabete baten ondoren iritsi zitzaion Zaitegiri, bere idazlanak hobetzeko hainbat ohar eginez.

    3. 1982an, Jokin Zaitegik Lizardiren gutunetarik zenbait gehiago gorde izan zitzakeelako usteak eraman zuen Lourdes Otaegi Jose Mari Velez de Mendizabalengana, Euzko Gogoan nahiz Jokin Zaitegi liburuan argitaraturiko sortatxo horien arrastoan jarraituz. Haren dokumentu pertsonalen artean horrelakorik ba ote zen galderari baiezkoa erantzun zion Velezek: Lizardiren gutun pertsonalen sorta zabala eman zion ezagutzera. Sorta zabal horretako 61 dokumentu haien artean, 1931ko martxoaren 21ean hasi eta 1932ko irailaren lera arteko gutunak dira eta Pizkunde Aroko garai interesgarri horri buruzko zenbait gorabehera argitzeko guztiz baliagarri gertatu zitzaizkion bere tesian eta haren eranskin gisa aurkeztu zituen 1993an7.

   

    1990ean Patxi Altuna irakasleak argitaratutako artikulu batek berri jakingarriak erantsi zituen olerkarien taldeko idazleek literatur kritikari eta literatur irakasle izandako aita Estefaniari buruz. Benetan pizgarria, Lizardiren gutunetan eta egunkarietako artikuluetan literatur gidari eta kritikari jakintsutzat aipatzen den aita Estefaniari buruz gehiago jakin ahal izateko aita Altunak eskainiriko datu-sorta jakingarri hau. Bilbon 1989ko azaroaren 24an emandako Jose María Estefania Zabala (1-1942) hitzaldiaren transkripzioa da. Hor dago jasoa, besteak beste, aita Estefaniak San Salvador-en zegoelarik, aita Juantxu Goikoetxeari eginiko aipamen interesgarria:

   

    «... San Salvadorren Igande eta jai egunetan bixita egitera joaten omen zitzaion maiz, lauzpabost urte lehenago Belgikako erbeste aldian bere literatura irakasle izan zenari, eta honek behin honela esan omen zion: ?Anai Goikoetxea, nere gela onetako zenbait paper, gutun, lan eta agiri gabe ezin idatziko da XX. mendeko euskal literaturaren historia».8

    Altunak berak aita Estefaniak aipatzen dituen paper horiek eskuetaratzeko biderik ba ote zegoen jakin nahi izan zuen, baina itxaropen guztiak galdu zituen...»irakurria bait nuen Aita Goikoetxea beraren paper mutur batzutan, hura San Salvadorren 1942an ia bat-batean hil eta egun gutxiren buruan, etxeko ganbarara eraman zituztela, kutxa handi batean sarturik, haren paper guziak eta handik bizpairu urtetara ganbaratik betiko izkutatu zirela»9.

    Aurrerago, eta Juantxu Goikoetxeak aita Estefaniarekin izandako elkarrizketa konfidentzial haien berri ematen dueLarik, Lizardiren gutun batzuk aipatzen dira: «Orixe jaunak sarri idatzi ohi zion (Aita Estefaniari) ta barrengo asmo, kezka ta lagun arteko katramillen berri eman. Gogoan dut oraindik, eskutitz oiek irakurria bainaiz, Estefaniari nola azaltzen zizkion Euskalerritik Eskualerrirako joan-etorri (Lizardik Itz lauz bere liburuan eman digun) artakoxe araberak (sic)... Lauaxeta ta Lizardi ere Estefaniakin artu-emanetan zeuden, Lauaxeta leendik, jesuita izan zanekotik, alegia, ta Lizardi Orixek erakarrita. Alaxe zion itzez-itz Lizardik Estefaniari bere lehengo eskutitzean. Orixek Estefania kritiku edo iritzi-emalleagan fede itsu-itsua karta ontan (edo beste batean, ori eztakit) ageri zan, eta fede ori Lizardiri Orixek erantsi ziola ere bai...»10.

    Aita Estefania 1931n atera zen Loiolatik Belgikarantz II. Errepublikak Jesusen Lagundia desegiteko emandako aginduaren ondorioz. Jokin Zaitegi bere aldetik, Venezuelako Meridan deserriturik hiru urte igaro ondoren, Belgikara joan ten Teologia ikasketak osatzera, Marneffe-ra zehazki. Aita Estefania, aldiz, Tournai-n kokatu zuten eta bost urte eman zituen han erretorikoen literatur irakasle lanetan. Gerora, aita Estefaniak 1937an jaso zuen Ertamerikara abiatzeko agindua, aurrenik Nikaraguara, baina 1938tik, 1942an hil zen arte, San Salvador-eko jesuiten ikastetxean bizi izan zen literatura eta gaztelera irakatsiz.

    Patxi Altunak dioenez, Jokin Zaitegi ere 1938ko ikasturte horretatik aurrera hiri bereko apaizgai nagusien ikastetxean ari zen, eta Juantxu Goikoetxea ere bai. Jose Maria Velez Mendizabalek ematen dituen datuek ere hala ziurtatzen dute Zaitegiren ahoz dioelarik: «San Salvadorreko Apaiztegia nuen jomuga, haraxe izan nintzen bidalia. 1938ko Uztailaren 15ean hasten da»11.

    Jose Maria Estefaniak eta Jokin Zaitegik, bi euskaltzaleek aipatzen dituzten eskutitz, agiri eta idazkiak maisua hil ondoren ikaslearengana heldu zirela pentsatzeak ez dirudi burugabekeria. Altunak iturritzat aipatzen duen Juantxu Goikoetxeak berak gutun, agiri eta idazki garrantzitsu horiek erabat galduak direla uste badu ere, baliteke Zaitegik horien berri izatea. Nolanahi ere, bere horretan ere guztiz interesgarriak lirateke, Lizardiren gutuneriarekin zuzenki harremanik ez balute ere.

    Euskal Herrian gerratea hasi zenean Lizardiren agiri horiek jaso eta Belgikara eraman ote zituzten eta handik El Salvador-era ez dugu argitzerik izan, ezta Estefaniak edo Zaitegik egin ote zuen. Halere, aipagarri dira bi erreferentzia ukaezin: gutuneria honekin zerikusia duten pertsonak, Orixe, Zaitegi eta agian aita Estefania, han egon ziren eta, bigarrenik, gutun honetako batzuk Eusko Gogoan eman ziren ezagutzera 1956an. Izan ere, Larreko eta Arresek Lizardiri eginiko hamar testu haiek zalantzarik gabe Lizardiren bi gutun-sorta haietakoak ziren eta Arreserena aurkeztu zuen Zaitegiren pasarteak Lizardiren dokumentuen berri zehatza zuela ematen zuen aditzera.

    Aski ziurtzat eman daiteke, beraz, Otaegik azterturiko Lizardiren gutunen sorta hau Zaitegiren dokumentu artean jasoa zela eta haren ondarea jaso duen Jose Maria Velez Mendizabali esker ezagutu dela.

    4. Eskutitzen bilketa prozesuan Paulo Iztuetak emaniko urratsek, orain arte aipaturikoak baino aitzinagoko urteetara garamatzate. Paulo Iztueta 1980ko hamarkadan hasi zen Orixeren lanak aztertzen eta bere Quito'n arrebarekin irakurriz (1988) eta Orixe eta bere garaia (1991) liburuetan Lizardik eta Orixek elkarri egindako hainbat gutun aipatzen ditu. Berriki argitaratua du Orixeren korrespondentzia osoa: Orixe. Gutunak (1917-1961) bilduma (2006). Gutun hauen kokagunea Euskaltzaindiko Azkue liburutegia izan da eta hemen aurkitutako eskutitzek osatzen dute Lizardiren gutunen lehen aroa, 1928tik 1931ra luzatzen dena eta, edukiaren aldetik, gehienbat literaturaz diharduena.

    Eskuartean duzun Lizardiren gutun-bilduma hau, bada, honako iturri hauetatik jaso da: alde batetik, Euskaltzaindiko artxiboetan gorde den karpetatik eta, bestetik, Eusko Ikaskuntzan gorderiko jatorrizko eskutitzak transkribatuz. Lehen sorta, Azkue liburutegira bertara joanda aztertu du Paulo Iztuetak. Bigarrena aldiz, agi denez Zaitegiren jabegoan zegoena, Velez de Mendizabalen bidez jaso zuen Lourdes Otaegik 1982an; halere, ez dakigu zehaztasunez Euskaltzaindiaren eskuetara nola eta noren bidez ailegatu ziren, ziurtasunez ez dakigun bezala J. M. Velezek nondik bildu zituen bereak. Kasu bietan Jokin Zaitegi bitarteko izan ote zen pentsa liteke.

    Aieru hori eginda ere, ez dira zalantza guztiak itzulita geratzen. Izan ere, bada gutunen artean bat hipotesien atala zabaldu egiten duena. Zaitegik Lizardiren gutunen nondik norakoa ikertzen jardun zuen Euskal Herrira itzulita gero ere. Horren lekuko da Luis Villasantek, Lizardiren eskutitzen inguruan egiten dion galderari erantzunez, honakoa idatzi ziola Zaitegiri 1972ko urriaren 16ko gutunean: «Lizardiren eskutitzen berririk ez dakit. Ez dut gaur arte sekula deus entzun hortaz. Egin ditut hemen galdera batzuk, baina inork ez dit arrazoirik ematen».

    Jokin Zaitegi Guatemalatik zahartzaroan etxeratu berrian egindako galdera da hori, aditzera ematen duena oraindik ere argitzeke daukala Lizardiren gutunei buruzkoa. Arrasatearraren behatzak, zergatik ez dakigula, Arantzazuko artxibora apuntatzen zuen. Bego hor arazoa, dakienak —baldin halakorik bada—, argi dezan.

 

4. Gutunen azala eta mamia

    Bildu ahal izan ditugun gutunen ibilbide ezkutuak argitzeko saioa eginda, azal dezagun orain haiei buruzko beste zenbait alderdi: kopurua, luzetasuna, edukia...

    Zenbat gutuneko sorta osatu den galdetzen bada, eta nondik jasota, bona hemen ikerketak eman duen azken emaitza: gehienak Velezen bidez Eusko Ikaskuntzatik eta Euskaltzainditik, hurrenez hurren 61 eta 69, eta gainerako beste 6 horiek argitalpenen eta senitartekoen bidez. Guztira, beraz, 136 gutun zenbatzen dira, lau urteko epealdiari dagozkionak izateko ez hain gutxi ere, ondo esana du Aitzolek su nutrida correspondencia.

    Gutun horien edukiari dagokionez, arestian aurreratu bezala, lehen aroko gutun gehienak —69tik 55—, Lizardik eta Orixek elkarrekin gurutzatutakoak dira, Bilbotik Tolosara, eta viceversa, eta ia soilki literaturaz dihardute.

    Zehazkiago esanda, literatura-sistemaz hein handi batean, hots, literaturaren garapenari bideak eskainiko dizkion egitura eraikitzeari buruz dihardute garai honetako gutun askok: sariak, bereziki egunkarietan argitaraturiko artikulurik ederrena saritzen zuen Kirikiño sariaren sorrera korapilatsua, Errenteriako lehen Olerti Jaiaren antolakuntzari dagozkionak eta saritutako obrei buruzko iruzkin pribatuak...

    Bestetik, Euskal Egunkariaren lehen alea osatzera bideraturiko gestioen berri ematen dute, hots, 1929ko uztailaren 9an argitaraturiko lehen alea sortzeko Lizardik eginiko ahaleginak eta gestioak. Bereziki azpimarragarriak, bestalde, Orixeren eta Lizardiren arteko harremana eta iritzi-trukaketaren lekuko diren gutunak, hala nola, Euskaldunak poemaren sorrera ekarriko duten hartu-emanak, Lizardik Orixeri idatziriko 1930-X-19ko gutunean dokumentatua edota Orixeren itzulpen lan batzuen sortze-baldintzak eta nondik norakoak azaltzen dituztenak. Orixek egin zuen Lizardiren gutuneriaren deskripzioari atxikitzen zaio estu-estu Euskaltzaindiaren liburutegian gorderiko sorta hau; berez, Lizardiren Eskutitzak izeneko karpetetan lehenengoaren edukia dago hor jasota, xehe-xehe.

    Bigarren sorta bariatuagoa da: 1928-1932 urteetan euskaltzale eta euskal idazleen artean bizi den giroaz informazio aberatsa jasotzen da. 1931-1932 epealdiari dagokion gutun-sorta hau zehazki 1931ko martxoaren 21ean hasten da eta 1932ko irailaren batean ixten da. Ezaugarri propioak dituzte gutun hauek geroago aipatuko direnen aldean: gehienek gai politikoez dihardute eta bereziki aipagarriak dira bizi izan zuen unearen testigu biziak direlako: EAJren erabaki guneetan kokatua zegoenez, zeresana eta iritzia zuen pertsonetako bat izan zen, alderdiaren bateratze ahaleginetan (1929-31) nahiz Estatutuaren sortze-uneetan (31-32) eta J.A. Agirrerekin izandako harremanen lekuko direnak. Garaiko politikarien pentsamendu pribatuaren testigantza ematen digute haien gutunek, egunkarietan edota mitinetan agertzen zena baino matizatuagoa. Bat aukeratzekotan, Lizardik Argentinan zegoen adiskide abertzale bati eginikoa (1932-6-13koa) aukeratuko genuke: paisaia bere zabalean aurkezten du, modu sintetikoan eta orekari eusten saiatuz.

    Gutun politikoen ondoan, badira sorta horretan eduki pertsonalekoak ere, bai eta Eusko Ikaskuntza elkarteari zein euskarari eta euskal literaturari buruzkoak. Azken hauek, jakina interes berezia dute XX. mendeko lirikaren gailurra zenaren iritzi eta balorazioak ezagutzeko parada ematen dutelako. Giro kontraesankor batean garatu zuen bere obra eta hori guztiz nabaria da Orixe edota Lauaxetarekiko harremanetan igartzen den moduan: berrizaleen eztabaidaren gune-gunean idatziriko gutunak dira honakoak eta Lizardiren zenbait artikulu ospetsutan (Bide berriak? Bide guztiak? edota Bide eta bide-ondo) islaturiko polemikaren testuingurua berreraikitzen dute.

    Bi gutun-sortetan, orobat, Lizardiren nortasunaren prisma ezberdinak agertzen dira bizi-bizi. Arlo pertsonalean, sentibera eta oso maitekorra da emazte eta seme-alabekiko; umoretsu eta argia lehengusu eta adiskideekiko; Alderdiari dagokionez, berriz, zernahitarako prestu beti, apal eta erne; politika egoeraz berriz kezkatsu, interes pertsonal eta larderia gabea; Eusko Ikaskuntzari eta Euskaltzaleak elkarteekiko lanean, langile nekaezina eta ekintzak antolatzeari emana, ordena handikoa. Literaturaren arloan dira gutunok aski adierazgarri: zorrotza, zurikeria gutxikoa, ñabardura bakoitza neurtuzalea eta oso ideia garbikoa, nortasun handikoa da arlo honetan.

    Hitz gutxitan esanda, batera ekarri eta kronologikoki aurkeztu ditugu bi karpetetako gutunok, hiru sorta nagusitan antolaturik: Lizardik berak idatzirikoak, lehenik, Lizardiri idatzirikoak, bigarrenik eta, hirugarrenik, hark sinaturiko bestelako dokumentuak.

    Lizardiren nortasuna eta ekarria hobeto ezagutzeko balioko dutelakoan eskaintzen dizkizugu eta hemendik aurrerakoa zure esku dago, irakurle.

   

   

1 «El poeta José Maria Agirre `Xabier de Lizardi', Yakintza, III, 1933, 163-177; ikus, orobat, Aitzol: Idazlan Guztiak. Literaturaren inguruan, III, 137.

2 Euzko-Gogoa, 1956 (Ilbeltza-Otsaila), 94-99.

3 Gutunak gordetzerakoan, Lizardik igorleak bidalirikoa —beren jasotze data eta guzti—, eta berak idatzirikoaren kopia gordetzeko ohitura zuen, lantegiko bulegoan ohitura izan bide zuenari jarraikiz, eta, ondorioz, la kasu guztietan igorle eta hartzailearen iritzien lekukotasun interesgarria ere badugularik.

4 Idazlan Guztiak, III, Artikulu eta Saiakerak, Etor/Euzko Jaurlaritza, Donostia, 1991, 462.

    5 Euzko-Gogoa, 1956, Orrila-Garagarrila, 114. Honela dio sinatu gabeko testuak Biotz-begietan liburuaren gudaosteko lehen edizioaz: «Geigarri zurrian, beste oiek geitu bear zituzten, Biotz-begietan olerkiei buruz emandako iritziak, alegia, olerkari zanak txukun txukun gordeta utzi baitzitun: Orixe'k berak orduko egunerokoetan idatzi zitun iritziak, bere aurritza naikoa ez zala uste baitzun, antza, Iauregi'rena, Zarralde'rena, Etxegarai'rena, Lauaxetarenak, Artetxe'rena, Olaburu'rena, Aitzol'ena, Zubimendi'rena, ta abar. Emeteri Arrese'k egin zion txartela ere oso iakingarri genukean, eta alde batera utzi dute oraingo argitarazleek».

6  Velez Mendizabal, J. M., op. cit., 49.

      7 Eskutitz horiek 1993an Deustuko Unibertsitatean Lourdes Otaegik aurkeztu zituen. Lizardiren poetika Pizkundearen ingurumariaren argitan tesiaren lehen eranskina osatu zuten eta Lizardiren poetika libusuaren eranskin gisa argitaratu tiren 1994an.

      8 Altuna, Patxi: «lose Maria Estefania Zabala (1989-1942)», Euskera, XXXV, 1990, 76.

9 Ibid.

10 Ibid., 84.

11 Op. cit., 62.

 

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki