Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

KAXA HUTS BAT

Beñat Sarasola

BERMINGHAM KALEA, DONOSTIA

 

Bermingham kalean ez da droga

trafikatzaile gehiegi egoten,

ez dira heroinomanoen gorputz

zurbilak portalen babesean aurkitzen.

Bermingham kalean ez da istilu gehiegi gertatzen,

ez dira banden arteko liskarrak bertan ebazten,

ez dira labankadak ikusten,

ez eta tiro hotsak entzuten.

Iluntzean, bakea da nagusi Bermingham kalean,

ez dira prostitutak kale bazterrean paratzen.

Ez da hemen bizi Jack destripatzailea,

poliziek gutxitan patruilatzen dute kale honetan,

umeak trapuzko baloia hartuta

futbolean jolasten dira ondoko plazan.

Etxekoandreek erosketak egiten dituzte

merkatuan: piper berdeak, marrubiak,

patatak eta azaloreak erosten dituzte;

euren senarrak futbolaz mintzatzen dira

inguruko taberna lizunduetan.

Baina hala ere, hor dugu Migel

Bermingham kalean barrena

erradiografien estalki handia beso artean.

Mirenek ere bere nobio (zenaren) aurrean

adorea erakutsi duen arren, abaildu egin da

bere logelara bakarrik sartu denean.

Omarrek ez du gutunik aurkitu postontzian,

eta alboko postontzietan begiratzen aritu da

hutsegite bat egon delako itxaropenarekin.

Laurak sobera makillatu ditu gaur bere lotsaizunak.

Eta Violetak euren seme-alabak

non ote diren galdetzen dio bere buruari,

bakoitzak agindu baitzion astean behin etorriko zirela,

turnoka-edo moldatuko zirela, egoteko lasai,

ez zutela agureentzako erresidentzia batera bidaliko.

 

Eta denei ere, salbuespenik gabe,

huskeriak iruditzen zaizkie

telebista aurrean jarrita

Chinatownen edo Rio de Janeiron

jazotzen ei diren desgrazia ikusgarri horiek.

 

 

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki