Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

HAURRAK NAGUSI

Xabier Mujika

LEHEN IRTENALDIA

 

        Zazpi hilabete inguru zeramatzan Tomasek Donostian bizitzen. Bezperan, «ikusiko duk bihar haurren eguna nolakoa den» esan bazioten ere, egunero ohi bezala lanerantz abiatu zenean ahazturik zegoen oso.

      Goizeko zortziak laurden gutxi ziren garajetik ateratzen ari zenean. Ehun metro egin baino lehen ertzain pare batek geldiarazi zuen.

      —Geldi! Priii!

      Eskerrak jaiki berria izan arren erabat esna zegoen. Izan ere, ertzainak bapatean jarri zitzaizkion aurrean, eta doi-doi frenatu ahal izan zuen garaiz.

      —A zer nolako sustoa eman didazuen!

      —Aditu al diok? —ertzain batak besteari. Eta Tomasi zuzenduz: —Polikiago ibiliko bazina ez zenuke horrelako sustorik jasan beharko. Gainera, ez al dakizu gaur ezin dela kotxez ibili?

    —Zer?

    —Beno, atera zaitez kotxetik, eta hitz egingo dugu.

    Ustekabeak sortutako urduritasuna baretzen ari zitzaion heinean, begien aurrean zuenaz ohartzen hasi zen eta harriduraz betetzen. Ertzain itxura eginez gerarazi zutenak ume kakatsu batzuk besterik ez baitziren!

      Plaiera zuriz eta txandal ilunez jantzirik zeuden. Gerriko zuritik zintzilik arkatz lodi bana zuten «porra» bailitzan. Buruan egunkari paperez eginiko txanoa zeramaten, eta lepotik eskegita bular gainean zuten txistua karamelozkoa zen. Izua haserreari bidea uzten hasi zitzaion Tomasen baitan.

 

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki