Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

SAGARRAK EUZKADIN

Inazio Mujika Iraola

    Zain nengoen, Josebari baiezkoa eman nion arrats hartatik. Gerra hasi zenean bederatzi urte nituen eta ez nintzen gauza handiaz jabetu. Gerra, niretzat, txango luze bat izan zen. Gu, bi anaia-arrebok, Bilboraino joan ginen aurrena amarekin eta amonarekin, eta egun batean ontzi batean sartu, eta, kideko beste hainbat haurrarekin batera, Frantziara bidali gintuzten. Ez dut gogoan negar egin nuenik. Amak esan zidan ez negar egiteko, baina nik ez nekien negar zergatik egin behar nuen. «Txangoan» gindoazen. Gure gerra bukatu zenean, beste gerra bat sartu zen, orduan ere gu geunden lekuan. Gogoan dut errudun uste zehaztugabe eta zentzugabe bat jabetu zela nitaz, ni nengoen lekuan —eta ni nengoelako— halabeharrak gerra sortzea aginduko balu bezala. Etxera itzuli nintzen, ama bizi-alargunduarengana. Hamalau urte nituen amari aurreneko sosak eraman nizkionean. Hamazazpirekin sartu nintzen fabrikan.

    Nagusia falangista zen, baina ama niretzat lan eske joan zitzaionean, gizon portatu zen. Bulegoan jarri ninduen, eta zorioneko harea-turrustaren ondoan nengoelako eta haren aurrean aritzen zen langilearen eta nire artean ohol pitzatu baizik ez zeudelako ez balitz, ongi nengoela esan beharko nukeen. Eztula ibiltzen genuen, hala ere, musika nagusi. Luisek, harea-turrustaren aurrean ari zen langileak, beste inork baino gehiago, ez dago esan beharrik.

            Etxekoneko Joseba inguratu zitzaidan fabrikatik irteeran, gauza bat esan behar zidala eta ezin zuela han aipatu. Ni baino pare bat urte zaharragoa zen Joseba, eta fabrikan Joxe esan behar genion. Mendira joan ginen, jai-egunetan joaten ginen Ernio aldeko txabolara. Han azaldu zidan Josebak ?Euzkadik zergatik behar ninduen?. Hitza bera entzuteak ikaratzen gintuen. Etxean sarri entzundako hitza zen hura, baina gerrako eskarmentuak gurekin atzerriratu zuen hitza, eta han gelditzen zela iruditu zitzaidan itzuli nintzenean, haren zentzu xalo tolesgabea bai behintzat. Handik aurrera, isil-gordean esan beharreko hitza bihurtu zen «Euzkadi». Besteak beste, Europako gerra bukatu berria aipatu zidan Josebak, indarrak bildu beharra aliatuek Espainiatik Franco bota zezaten, eta orain gogoratzen ez ditudan beste arrazoi batzuk. Baiezkoa eman nion Josebari, jakina. Hain jakina ere ez zen izango, Josebak esan baitzidan hitz egindako askok eta askok ezezkoa eman ziotela. Nahikoa zutela familia aurrera ateratzearekin. Kontua da nik behintzat baiezkoa eman niola, eta berrien zain geratu nintzela.

    Zain nengoen, eta ekintza egin baino zortzi egun lehenago etorri zitzaidan Joseba. Larunbatetan eguerdia arte lan egiten dugu, eta esan zidan, nork bere etxean bazkari legea eginda, Ernio inguruko txabolan elkartuko ginela, seietan. Lehengoan bezala ez al ginen elkarrekin joango esan nion, eta ezetz, seguruago zela bakoitza bere aldetik joanda.

    Seiak jo gabe han nintzen. Joseba txabolaren atean zegoen, eta barrura pasatzeko esan zidan. Barruan gizon bat topatu nuen izkina batean ardiak jezteko aulki batean eserita, bildots bat altzoan txakurtxoa izango balitz bezala laztantzen. Artzain jantzita zegoen. «Deitu Julian», esan zidan. Galdera asko egin zizkidan Julianek. Ez zen gizon atsegina. Ez horratik. Gozorik gabeko doinua erabiltzen zuen, eta ez zidan aurpegira behin ere begiratu. Lehen hitzetik galdetu zidan zer harreman nuen fabrikako nagusiarekin. Gizon portatu zela aitortu nion nik. Ez niola estimazio apartekorik, baina herriko falangisten artean ezagutzen nituela hamaika hura baino gizatxarragorik. Behin sartuz gero, ez nuela aterabide errazik topatuko esan zidan, gero, mehatxu doinuan. Onartu nion erronka, eta, orduan, ardiak jezteko aulki txikitik altxatu eta bizkarrean txapaka egin zidan. Atea zabaldu zuen, bildotsari larrera bidea erakutsirik, eta iritsi nintzenean sumatu gabeko dozena bat lagun ikusi nituen Josebaren inguruan hizketan eta zigarroa erretzen. Joseba eta ni izango ginen gazteenak. Gainerakoak,

gehienak aita-familiakoak izango ziren. Gudari ibiliak zirela gerran esan zidan gero Josebak. Kartzelan eta langile-batailoietan urteak bizkar gainean metatutako jendea. Haiekin zegoen gure fabrikako Luis ere, harea-turrustaren aurrean eztulka aritzen zena. Banekien aitarekin ibilia zela gerran, baina inoiz ez zidan hitzik egin ez hartaz ez beste ezertaz. Ahal zela, inori ez zion hitzik egiten Luisek, lanerako behar zuenetik aurrera, ezer gutxi.

    Hurrengo larunbaterako jarri ziguten hitzordua. Orioko gainean, errepide-ertzean binaka eta berrehun bat metroko distantzian bikotetik bikotera. Saskiak, labana txiki bat eta makila eraman behar genuen, eta perretxikoetara bezala jantzita joan. Ez ahazteko txapelik.

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki