Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

ZU(T)GABE

Aitzpea Goenaga

      Ixabel kanpoko atetik egongelara sartuko da. Kamioiak eraman ditu gauzarik haundienak, garraiolariekin egon da, eta alde egin ondoren etxera dator. Transportistaren faktura dakar esku artean.

 

IXABEL.- Joño! Ondo pagatua dago bai, aszensorerik ez edukitzea! Eskerrak laugarrenean bizi naizen, bestela... (Papera gordeko du) Listo! Egina dago eta amen, doazela traste guztiak... Orain hauek jaso eta kitto. Hauetxek okerrenak ordea! Atx! (bizkarreko gerri aldeari helduko dio) Ai, adiskide, ez daukazula gora eta behera pixuarekin ibiltzeko adinik. (Sofan eseriko da) Ez, hemen gaizki. Halakoetan hoberena egurra, gure ama zenak esaten zuen bezala, bai horixe!

Lurrean etzango da.

 

IXABEL.- Mmmm! masajetxo bat behar nuke orain (irribarre egingo du). Eskatu, Ixabel, eskatu beldurrik gabe... Inork ez dizu jaramonik egingo eta!

Batera eta bestera luzatzen ari dela azkurea sartuko zaio, igurtzitzen hasi, baina ezin du azkurea duen lekura iritsi. Altxa egingo da.

 

IXABEL.- Ai, eta bizkarra igurtzitzeko eskutxoa? Aiiii! Zein kaxatan sartu ote nuen? Ixabel, zergatik sartu zinen potaje honetan, zergatik? Esplikatuko al didazu hemendik alde egiteko ze behar zenuen? (bere buruari beste tonu batean erantzunez) Ez, ez gara berriz ere kontu berdinarekin hasiko, ezta? Gainera etxe honek ez dauka aszensorerik eta... zer arraio, erabaki dut eta kitto, akabo! Ez buelta gehiagorik eman.

Kantari hasiko da bizkarra izkina batekin igurtzitzen duen bitartean, hau egitearekin batera, alboan duen egutegi batí begirada bat botako dio.

 

IXABEL.- Ui! Hara! Gaur San Apolino dugu eta, ene! hori ere ospatu beharko dut ba, ez? Gizajoa, halako izenarekin jaiotzea ere. Seguru ez dagoela zure izen berbera duen beste inor munduan eta hori ere bentaja bada, ezta? Tira, ba eskerrak gaur zure santuaren eguna den, izan ere, zerbait ospatzeko sekulako gogoak eta beharrak neuzkan, pentsa zein ederki zatozkidan Apolino maitea.

Sukaldera joan eta hozgailua irekiko du, eta ez du edatekorik aurkituko.

 

IXABEL.- Kaka! Zer nabil baina?

Hozgailua itxi eta armario batetik ardo botila on bat aterako du, sakakortxoarekin botila irekitzen duen bitartean berriketan jarraituko duelarik.

 

IXABEL.- Ui! Ez nago, ez nago batere sano. Noizdanik ni hozgailura ardo bila! Ai, gure Antton zenak ikusiko banindu... eta eskerrak ez zen mokofin horietako bat, baina... (Anttonen ahotsa imitatuz) «Kristoren odola» hori gauza sakratua da, eta egia esan behar badizut San Apolino maitea, ardoa hozgailuan sartu behar ez zela ikastea dexente kosta zitzaidan. Baina ondo ikasi nuen, eta orain ez dut sekula santan ardo botila on bat hozgailura sartzen. Baina... niri ardo ona edo txarra izan, frexkoa askoz ere gehiago gustatzen zait, ze demontre! Aizu, Apolino, zuk ez duzu edaten, ezta? Nire buruari aterako diot, ez zaizu inporta, ezta? Tira ba, hala hobe! Hau zure ohorez, San Apolino, izen hori edukitzeagatik, eta... zure eguna ospatzen den honetan, nik penaz eta dolorez etxe hau utzi behar izateagatik. Ez, ez, horregatik ezin dut txin-txinik egin. Tira, hau zure urtebetetzeagatik eta... (hasperena) etxe honetan bizi izandako guztiagatik.

Tragoxko bat hartuko du.

 

IXABEL.- Ai, ene, ze tuntuna naizen, hasi naiz sentimentala jartzen. Ez naiz bada tuntuna jarriko, ez horixe! Baina... uste gabean nola aldatzen den bizitza, ezta? Orain dela gutxi, nork esango liguke, zuk alde egingo zenukeenik, eta gainera etxe hau utzi egin beharko genukeela noizbait? (Buruarekin ezezkoa eginez, pentsakor geratuko da tarte batean). Ahal banu, zoruko egur puska bakoitza eta ate bakoitza eta zintzilik jarritako kuadro bakoitzarentzat egindako zulo bakoitza ere nirekin eramango nituzke. Ai, San Apolino maitea, ezin dut neure burua beste etxe batean esnatzen imajinatu... Eta nire landareak?... Ez dakit, ez dakit ondo egokituko ote diren... Baina badakizu, gauzak horrela etortzen dira eta horrelakoetan hoberena... zure urtebetetzea ospatzea. Lastima zuk ardo tantarik ere ez hartzea, (ardoa edan eta daztatuz) Mmmm... nahiz eta epela egon oso ardo ederra baita... Bai, jauna, oso ederra gainera! Ikusiko duzu, tripa hutsik dudala edaten ari naiz eta mozkortu baietz. Horixe besterik ez nuen behar, orain eramateko geratzen zaizkidan lau trasto hauek balantzaka jaso behar izatea. A ze kuxidadea, San Apolino! Hara, oraindik ez nabil hain gaizki, zure izenez deitu dizut! Baina horrela jarraituz gero laister San Panplinino deituko dizut... Eta okerragoak!

Azkeneko esaldi hau telefono hotsak moztuko lioke eta ez luke bukatzerik izango. Ardo kopa utzi eta telefonoa hartzera doa.

 

IXABEL.- Bai, nor da? (Nor den entzutean, ederra datorkiona adieraziz keinu txiki bat egingo du. Mozkor puntua igartzea komeni da) Zer da, Ines? Bakarrik nagoen? Eeez! Hara, kabitu ezinik, jendez gainezka daukat etxea, zu bakarrik falta zara, baina zer nahi duzu? (Etena eta jarrera aldaketa) Jesus, neska, ez zaitez horrela jarri! Bai, alde egin du. Ez, den dena ez. Nirekin eramango ditudan azkeneko lau gauzatxo geratzen zaizkit. Ez, eskerrik asko, lasai, moldatuko naiz. Lau tontokeria besterik ez dira. Eta gainera lasai egin nahi dut. nire martxan, bai. Ez, hemen geratuko naiz lotan, etxean egingo dudan azken gaua. Badakit hutsik dagoela baina ez daukat beste etxera joateko batere gogorik. Ez, eskerrik asko, nahiago dut hemen pasa gaua. Ez da hori, tuntuna, asko gustatzen zait zure etxea, baina benetan, hemen geratu nahi dut. Kanarietara? Zertara? Ez. Ines, ez zait Kanarietan ezer galdu. Londresera? (farrez hasten da). Aizu, Ines, oso ondo nago eta ez duzu niregatik arduratu behar, estimatzen dizut niregatik kezkatzea baina ez dut inora ihesi alde egin behar, etxe hau utzi eta beste batera joan behar dut, ez da beste munduko kontua etxez aldatzea. Gainera nahiz eta aste beteko eskapada egin, berriz etxe berrira joan beharko nuke eta dena antolatzen hasi, beraz, ez dut ezer aurreratzen; hara! zenbat eta lehenago hasi hobe! Baina, Ines, nola joango naiz depilatzera bihar dudan panoramarekin? A ze bonbero ideiak dauzkazun; aizu, moztu egingo dizut, zeregin haundia daukat eta ez dut tontokeria gehiago entzun nahi. Zer egin behar dudan? Ba etxea txukundu, eta... Nola zertarako? Ba gogoak ematen didalako, badakit etxe honetara ez dela nire atzetik inor etorriko, eta badakit bota egin behar dutela baina nik etxea txukun utzi nahi dut, eta inporta ez bazaizu eta ez nuke haserretzea nahi baina utzi egingo zaitut, agu... Zeeer? Bai, Ines, oso ondo nago, primeran. Jakina benetan ari naizela. Eta zer nahi duzu egitea, ez badidazu sinisten zure arazoa da. Ba... oraintxe bertan, butakan eserita ardo bat edanez Apolinoren urtebetetzea ospatzen ari nintzen eta utziko baninduzu ospakizunarekin jarraituko nuke. Zein den Apolino? Gaur bertan egutegian esistitzen zuela jakin dudan santu bat, eta hain zuzen ere, gaur bere eguna du. Ines, oso ondo nago, eskerrik asko ez dut Kanarietara joan nahi eta agur, bihar arte.

Aspertuta dagoela adieraziko duen hasperen batekin telefonoa utzi egingo du.

 

IXABEL.- Emakume hau gogorra da gero, Jesus! ez nauela...

Telefonoaren txirrina entzungo da berriz ere.

   

IXABEL.- Aiiii! Nor da? Aizu, Ines. Ez, inola ere ez, ez, ez dut zu hona etortzea nahi eta utz nazazu pakean!

Telefonoa zintzilikatu egingo du.

 

IXABEL.- Ze gogaikarria! Ez dakit zer uste duen, neure buruaz beste egingo dudala edo..., bestela ez dago ulertzerik Antton hil izanaren errua berea balitz bezala... hau da hau ni zaindu beharra! Zaindu ez! Pakean ez utzi! Ederra utzi didazu hemen zure arrebatxoarekin. Egunero... zortzi aldiz gutxienez: «Iepa, zer? Zer egin behar duzu?» (Koinataren ahotsa imitatuz) Eta okerrena da bere borondaterik hoberenarekin egiten duela, baina ze astuna jartzen den. Ahizpa balitz... berehala aidean bidaliko nuke, eta ez nuke horrenbeste kezkatu beharko, baina bera den bezala izanda... honez gero, telefono ondoan malkoak dariola negarrez egongo da, masusta bat bezalaxe.

Telefonoa hartu eta Inesen zenbakia markatuko du.

   

IXABEL.- Ez andrea, ezin dela ez, ezin dela norberak nahi duena egin, beti bada esplikazioak eman beharreko norbait... Txikitan ama, gero senarra... eta denekin bukatu nuela uste nuenean... misiolari bokazioa duen koinata azaltzen da... danba! esplikazio eske. Ez dagoela irtenbiderik... Nahikoa dugu, demontre!

Inesek bapatean telefonoaren beste aldetik erantzungo dio eta Ixabelek bere jarrera erabat aldatuko du.

 

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki