Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

VOLKSGEIST ILUSTRAZIOTIK NAZISMORA HERRI GOGOA

Joxe Azurmendi

HITZAURREA

 

      Bat: liburu hau —hiru liburukitan— ez nuen nik idatzi behar; seguruena team batek bakarrik idatzi ahal zuen. Baina bestela ez zela batere idatziko, eta idatzi dut.

      Bi: badut Humboldt, hizkuntza eta pentsamendua azterketa bat, eta Volksgeistaren oraingo hau harekin lotua dago; eta haren ondoren, edo harekin, behar litzateke irakurri. Beste liburuki bat sortu zen ondotik (baina aurretik kaleratu) Volksgeist espainolari buruz: Espainiaren arimaz; hor hobeto ikusten ahal da, oharrok nondik sortu diren. Denak nota mordo bat bakarra.

      Hiru: nola idatzi gai polemiko bat, polemikari ihes egin gabe, ezta polemikan nahastuta ere? Saio bat entseatuko dugu, ikusiko da zer ateratzen den. Ezagunki, Humboldt-ek, hizkuntzak mundu-ikuskera bat biltzen duela esaten zuen; eta, beraz, herri gogo bat osatzen bide duela; beraz, hizkuntzak nazioarekin eta nazioak hizkuntzarekin, biek —Volksgeist— bat mamitzen dutela, etc.

      Gaur, gizartea zer den edo gizakia zer den, «zientziekin» ahalegintzen gara erantzuntxo bila: historiaz, soziologiaz, antropologiaz, psikologiaz, etab.; alegia, zatika, diziplinen arabera, alderditarki, ez globalki (erantzun osoak edo globalak, «filosofikoak» esaten dira). «Giza» zientzia hauek ez dira zaharrak. Oraindik atzo sortzen eta antolatzen ari ziren, euren kontzeptuak —h. d., lan tresnak— asmatzen, entseatzen. (Voltaire, Herder, Hegel, zientzia horiek diziplina autonomo gisa konstituitu baino lehenagokoak dira). Lan tresna batzuk denborarekin desbaliatu ere egiten direla ezaguna da, eta berriak egokitu behar izaten direla orduan.

      Ezaguna da, orobat, kontzeptuak metaforatik ernetzen direla, esan zuela jada Herder-ek (eta geroago Nietzsche-k, eta lehenago Voltaire-k...). Gerta liteke, beraz, zientzian kontzeptua jada desbaliatua egonik ere, metaforak baliagarri eta eder izaten jarraitzea, zientziak erreminta bezala beretzat hartu izan baino lehenago bezalaxe, gero ere. Esaterako, herriaren izpiritua hizkuntza dela; euskara dela Euskal Herriaren arima, euskal herri gogoa. Zergatik ez? Metafora bikaina da. Kontua da, hori esaten dugunean, zer esaten dugun jakitea —metafisikarik gabe: («phérein») ez da .

      Volksgeist edo herriaren gogo, edo izpiritu, edo arimaren kontzeptu, edo metafora, edo zer korapilatsu hori ikusiko dugu hemen.

      Gai polemikoa da, ados, eta irakurleak soluzioren bat itxaroteko eskubidea du. Alabaina, askaleku definitiboak itxarongarri baino gehiago beldur izangarriagoak diren puntuetan, moldabide bat —apala, baina— kontzeptuak beren lekuan jarri eta uztea izan liteke. Polemiken askalekua, orduan, horiek zentzurik ez dutela izango da apika.

      Eta nola gai hau beti alor itxi baten barruan sartua ukabilkatzen den —euskal nazionalismo erromantiko edo «tipo alemaneko» hori—, hasteko, atera egingo dugu, ignorantzia interesatuak kondenatua daukan ring horretatik, historiara.

     

2006, iraila

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki