Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

ADARRAREN IPUINAK

Toribio Alzaga

AURKEZPENA

 

  Esango nuke, honezkero, Toribio Altzagak ez duela aurkezpenik behar, ez behintzat euskal literaturaren mundu txikia ezagutzen dutenentzat. Hala ere, gai honetan ezjakinik baldin badago oraindik, esan dezagun, laburbilduz, bere garaiko antzerkigileen artean argi berezia daukala Altzagak, sortu zituen lanen kalitateagatik eta kopuruagatik, eta, horrenbestez, bere belaunaldiko eta ondorengo teatrogintzan arrasto nabaria utzi zuela.

  Baina oraingo honetan ez gatoz bere antzerkirik aurkeztera; aitzitik, berak idatzitako ipuinetako batzuekin osatutako bilduma baten sarrera izan nahi dute hitzok.

  Toribio Altzagak, ipuinak? Bai bada. Antzokirako literaturaz gainera, irakurria izateko literatura ere idatzi zuen Altzagak, eta ez gutxi. Nondik ateratzen ote zuen denbora hainbeste sortzeko, horixe da askoren galdera orain arte inork erantzunik aurkitu ez diona.

  Ipuin hauek Euskal-Erria aldizkariaren azken etapan argitaratu ziren, hau da, Frantzisko Lopez Alen bertako zuzendaria hil ondoren Altzagak aldizkariaren ardura hartu zuelarik.

  Izenpetzerakoan, A. Darra izengoitia baliatu zuen, eta egia esan, guk dakigula, Toribio Altzagak inoiz ez zuen aitortu izengoitia erabili izana. Jon Bilbaoren Eusko Bibliographian ageri da, lehenbizikoz, identifikazio hori. Izengoitiari azalpen bat bilatuz gero, badirudi Alzaga deitura ezkutatzen dela hasierako «A.» horren atzean, eta bigarren zatian «tarra» atzizkia dagoela, baina hori ere ezkutuan, «Darra» bihurtuta, dena batera irakurtzean, egilearen benetako asmoa ager zedin: «A. Darra (jotzea)».

  Ipuinen izena daramate, baina beren ardatza umorea denez, txiste luzeak ere dei geniezaieke, maiz bukaeran esango den ateraldiak eragingo baitu efektu komikoa.

  Istorio hauetako pertsonaiak, asko behintzat, Altzagaren antzerkietan jarduten duten berak edo horien oso antzekoak dira: baserritar eta letraduak, sendagile eta gaixoak, andre hitzontziak, mutil alferrontziak; indiano baboak, neskame buruarinak; giza ahulezien biktima diren erromesak, guraso inozoak... eta horien guztien artean aparteko aipamena merezi dute mutilzahar eta neskazaharrek. Ez dakigu zer arrazoirengatik erabili zuen hainbestetan ezkongabearen baliabide hori, baina baliteke hor nolabait bere buruaz barre egitea. Izan ere, nahiko mutilzahartuta —garai hartarako noski— ezkondu zen Altzaga, berrogei urteak betetzen zituen egunean hain zuzen.

  Liburu honetako testuak Donostian euskararen gainbehera hasita zegoen garaian idatziak dira. Izan ere, Donostiako biztanle gehienak donostiar eta euskaldun izatetik beren etxean gutxiengoa izatera iragan ziren, urte gutxiren buruan, Euskal Herriaz kanpotik etorritako bizilagun berrien uholdearen eraginez.

  Errealitate hori zeharka aipatzean, badu Altzagak garraztasun ukitu bat, nostalgiaz haratago, batzuetan txantxetan bezala esana:

 

  «gaurko Donosuaa erbestea dala esan leikek»,

 

  baina baita minduta dagoenaren argitasunaz adierazia ere:

 

  «beñere baño biarragoa derizkiot orain gure donostiartasuna erakustia, bada badirudi Donosti-zarraren arrasto guziak txetu nai dituztela batetan, kondaira gabeko erria gure erria balitz bezela, gurasorik gabeko semiak bagiñake bezela».

 

  Donosti-zarra —gure belaunaldikook Parte Zaharra deitzen duguna erdaratik itzulpena egind— hain zokoratua ikusteak min ematen zion, eta zokoratze eta ahanztura horren errematea, bere iritziz, Donostiako suntsipenaren mendeurrenaren ospakizunak suntsipena bera hasi zen lekutik, Bretxatik, urrun eramatea izan zen:

 

  «... bretxatik sartu omen ziran, orain eun urte ingeles eta portugesak; eta alare eunkidako jaialdietan ez degu bretxa aldian ezer jairik ikusi, ez dute ezer egin... bretxan barrena».

 

  Kontuan hartu behar da mendeurrena oroitarazteko artelanak Alderdi Ederrean eta zabalguneak ordura arte iritsitako azken muturrean jarri zituztela. Orain, laster bigarren mendeurrena beteko da; ondo legoke oraingo honetan Donosti-zarraz oroituko balira.

  Denborak zekartzan aldaketen kontrako norabidean idatzitako testuak dira beraz; agian horregatik umorea baliatzen du bertan; umorea delako askotan eragozpenei aurpegi emateko arma eraginkorragoa, errabia edo mingostasuna baino. Izan ere, bere bizitza pertsonalagatik ondo zekien hori, bost seme-alabetatik hiru garaia baino lehen lurperatu behar izan baitzituen; hala ere, barrengo pena hori ez zen inoiz bere lanetara iragazi, eta umoreari eta bizipozari eutsi zion beti.

  Eta denborarekin euskara gizartean irabazten zihoan lekuari zegokionez, ez zebilen batere okertuta halako alaitasun-kutsuko idazlanak egitean. Horren adierazgarria da, adibidez, Euskal-Erria 1918an desagertuak ez ziola hutsunerik ekarri euskalgintzari, beste proiektu berrizaleagoek —eta euskaltzaleagoek— hartu baitzuten haren lekukoa. Baina hori beste ipuin bat da, bukaera itsusi samarra izan zuena.

  Orain aurkezten ditugun ipuinek azken ederra izaten dute, algara edo gutxienez irribarrea sortarazteko modukoa. Horregatik, egileari zegokion umore eta baikortasuna ohoratzeko, buka dezagun aurkezpen hau Toribio Altzagak hain maitea zuen ipuinetako bukaera erabiliz: «Eta haiek han eta gu hemen, gure kontuak Flandesen».

 

  Ander Estala

 

 

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki