Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

ZINEA ETA LITERATURA

Harkaitz Cano

Finean, zerbait kontatzeko beharra

 

Narratzaile orok plan sekretu bat ezkutatzen du bere buruan, eta kontaketa oro konplot bat baino ez da, aldez edo moldez.

Jean-Claude Carrière

 

    Egiaz, eta literatura eta zinea lotzen saiatu diren ehunka liburu egon badauden arren, batak zein besteak batere zerikusirik ez dutela esatea da tentaziorik nagusiena, askoz ere zerikusi gehiago duela zineak komikiarekin, pinturarekin, edo, are, musikarekin. Idazleok, achtung: egin kasu Silvestre Mariniellori («erretzen ari den paper baten gainean idaztea da zinema egitea») eta ez inguratu sobera zinemara, erre nahi ez baduzue. Baina nola egin uko eguzkiari zuzen-zuzenean so egiteari, bada? Badago ezkutuko indar bat, erakarmen bat, vanitas vanitatis, zinemaren distirak eta glamourrak jaulkitzen duen balizko banitatetik haratago doala dirudiena. Idazleek, mimo eske, atentzio eske —edota, sinpleki, beltza zuriaren gainean ipiniz egin duten horren pobretasunaz jabeturik hura beste zenbait bihurtuko den esperantzan—, sarritan aipatu ohi duten kontua da, euren liburuak aise egoki daitezkeela zinemara, dirurik gabeko zine zuzendariak direla haiek. Baina, orduan, zergatik ez dute zuzenean gidoi bat idazten? Tira, aitor dezagun garaiak nahasiak direla: zuraren itxurako marmola aurkitzen dugu gure sukaldeetan, eta marmolaren itxurako zura gure komunetan, materialen arloa ikertzen dutenek mirariak obratzen dituzte franko. Zergatik ez du, orduan, nobela batek film baten itxura izango eta alderantziz? Ez al litzateke alderantzizkotasun hori postmodernismoaren label? Ortodoxiak ortodoxia, egia da agian, idazle baten erronkak gaur egun gehiago behar lukeela izan Vicente Verdúk No ficción liburuaren kontrazalean harro predikatzen duen hori: «Liburu hau ezin da zinemara egokitu, eta ezta ia beste ezertara ere»: Idazle bagara benetan, egin dezagun zerbait paperean soilik zentzua duena, eta paperak soilik zentzua ematen diona. Baina... idazle al gara? Idazle al da idazletzan dabilen oro? Eta idazletzan aritzea, nahikoa al da hori idazle izateko? Hezur horri beste zakur batek heldu beharko dio, eta maldizio bat omen denez esatera noan hau, «idatz dezala liburu hori nire etsaiak».

    Zinemaren eta literaturaren arteko loturarik sendoena da istorio bat kontatzeko beharra dagoela atzean. Eta, beharbada, film on bat ikusten duen idazleari istorio bat idazteko gogoa piztu edo areagotzen zaiola automatikoki, eta alderantziz. Istorioak ondo kontatzen dituen jendeak badu irrika hori eragiteko ahalmena, eta bi diziplinak, zentzu horretan, etengabe elikatu dute elkar azken ehun urteotan. Edo elikatu baino areago, elkar ziztatu, edo elkar kolpatu, bumeran batek bezala. Bumeranekin azti ibili beharra dago, ordea, bai baitago haietako zenbait kutxila baten gisara lepoa mozteko prestatua, metal zorrotzez landua, hala ikasi genuen japoniar zinemako yakuza filmetan.

    Nouvelle vaguearen garaian askotan erkatzen zen kamera luma estilografikoarekin. Zinema eta literatura definitiboki gurutzatuko bide zituen asmakizuna, Alexandre Astrucek proposatu zuen 1948an: camera-styloa. Idazluma edo arkatza kamerari asimilatu eta zine formatua filosofoek ere erabiliko zuten komunikazio sistema kuttuna bilakatuko omen zen, urte gutxiren buruan, sortzaile ororentzat. Camera-styloa ez zen aurrera atera, baina izan da kameraren aurrean bere burua jarri eta eguneroko-kaiera bezala erabili duenik zinema. Nani Morettiren Caro diario (1993) dateke ahaleginetako bat —zuzendariak berak azalean zuen gaixotasuna nola sendatu zuen kontatzen du, medikurik mediku egindako erromesaldia umorez eta etsipenez aletuz—; edota, berrikiago, Antoine D'Agata marseillarrak egin duen Aka Ana (2004), plazerez, bortxaz eta transgresioz bizi izandako bere gau japoniarrak gordinki kontatzen dituena. Gutxi iritsi dira, ordea, Sophie Calle artista bezain era sarkastiko eta gardenean norbere bizitza zineman ustiatzera. No sex last night (1996) filmean, bere garai hartako bikotekide Greg Shepardi, New Yorketik abiatuta kostarik kostako road movie bat egitea proposatu zion. Road movie horrek, aldi berean protagonista ere badiren bi zuzendari ditu (Sophie Calle bera eta Greg Shepard), bakoitzak kamera bana darama, eta biek elkar behatu eta itauntzen dute, sentimentalki beren onenean ez daudela garbi uzten duen eguneroko filmatua osatuz. Sophie Calle-en offeko ahotsarekin amaitzen da diario horretako anotazio oro, filmari izenburua ematen dion esaldia behin eta berriro errepikatuz: «No sex last night» Bidaia, bikotearen ezkontzarekin amaitzen da, Las Vegasen, horren ondotik hotel bateko gelara bidean abiatzen direla, filmaren bukaerarekin batera. Arteak ez du, ordea, miraririk egiten: bikotea handik gutxira banandu zen.

    Kontakizunak, jaiotzen garenetik hil arte menperatzen ditu gure bizitzak, familian, eskolan, irakurketan... Baita heriotzako orduan ere. Norberak bere buruari istorio bat kontatzen dio hilurren delarik, bizitza honetatik eta mundu honetatik alferrik igaro ez garela sentitzeko. Adineko jendeak, beti istorio berberak errepikatzen dituelarik, ez ote du bere ipuin-buklea findu eta norbere bizitzako narrazioa eraikitzen eta perfekzionatzen? Krudelkeriari jarritako langa dateke narrazioa: krudelkeria krudeltasun bilakatzeko modua, besterik ez. Erran nahi baita, ironiaren bidez samurtasunera eta erredentziora iristeko modua.

  Lehenik eta behin, kontuan hartu behar da zinema, literaturarekin alderatuta, arte adierazpen «berria» dela (honen harira esanguratsua da Raymond Chandlerrek zioena: «Ez da arte bat soilik, baizik eta azken ehunka urteetan lur gainean jaio den arte diziplina berri bakarra» (1). Kontuan hartu behar da, halaber, berau lantzeko, orain arte bederen —bideo digitalarekin hau ere aldatzen ari baita— ondoan jendetza eskatzen duen unetik, ez dela soilik egiten dutenen interesen araberakoa, baizik eta nagusiki, publikoaren edo audientziaren ohitura mentalen menpekoa dela, eta ohitura hauen izendatzaile komun txikiena, zuzen zein oker, interpretatzen duten zine-ekoizle eta ekoizle-etxeen menpekoa. Litekeena da literatura ere gustu orokorraren (orokortuaren?) eta merkatu ikerketen menpe egotea, baina, teorian behintzat, pertsona bakarra behar denez eskuarki obra burutzeko, ez luke hain baldintzatuta egon behar bere autonomiak. Zineari dagokionez, gero eta gehiago, argumentu aldetik pobreak eta narratiboki narrasak diren istorioak egitera (idatzi baino gehiago diseinatzera) mugatzen dira estudio handiak. Pere Gimferrerren arabera (bere Cine y literatura liburua gidari ezinbestekoa izan dut orrialde hauek idaztean, Jordi Ballóren Imágenes del silencio saio ederrarekin batera) ez dago arte diziplina bakar bat ere sortzailearen gurariak zineman bezain mugatuak daudena, arkitekturaren salbuespenarekin, beharbada.

 

———————

 

1. Gaur egun, bideo-jokoak eta net artea ere sartu beharko genituzke gutxienez, argazkigintzarekin batera.

 

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki