Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

HARAGIAREN GAUAK ETA EGUNAK

Joan Mari Irigoien

(...)

        Txalo zaparrada berehalakoa izan zen, bai orduan eta bai osaba-ilobek pieza bat jotzen zuten bakoitzean ere; Don Alfredok ere biziki txalotzen zituen txistulariak: txalotu aurretik, baina, baita txalotzerakoan ere, Gabinori so egiten zion aldizka, era adierazgarrian —Gabinoren begiak topatu zituèn aldi haietako batean, burua goratu eta beheratu zuen lauzpabost aldiz, keinu ezin nabarmenagoan—, bere jarrera harekin Gabinori esan nahi balio bezala: «Nik ere maite ditut hemengo ohiturak, zer uste duzu, bada? Txistua, baina, beste gauza bat da, musikaren hizkuntza unibertsala da-eta»; Gabinok, berriz, don Alfredoren txaloak ikusten zituen —txalo hutsak besterik ez, zeharreko edo haratagoko interpretazioek kutsatu gabekoak, itxura guztien arabera—, don Alfredori era berean erantzun zion bederen, jendetasunez eta gizalegez, burua goitik behera lau aldiz bero mugituta; eta hala joan zen saioa, txaloz txalo, eta halakoa izan zen haien arrakasta, itzela eta berebizikoa, halako moduan, non Maria Bibiana, azkenean, halaxe mintzatu baitzitzaien ikusleei:

        —Orain niri dagokit emandako hitza betetzea, eta ea aurrerantzean ere ongi tratatzen zaituztedan, edo are hobeto...

        Gabino pozak airean zegoen; Gabinok, baina, bazuen beste kontutxo bat; izan ere, osaba-ilobei sendategi ingurutik paseotxo bat egiteko proposatu eta Feliperen osabak erantzun zionean: «Zoazte biak, ni sobran nago-eta», Gabinok halaxe esan zion:

        —Nik dudan zalantza, ordea, berorrek bakarrik argi diezadake...

        —Ongi da. Baina hitz egidazu zuka.

        Irten ziren, bada, hirurak kanpora, txistuak eta ttunttunak Maria Bibianaren ardurapean utzita; kontatu zion Gabinok Feliperen osabari nola izan zuen Feliperen kartaren bitartez haren berri; kontatu zion, halaber, galerian gertatutakoa hizkuntzei buruzko eztabaidan, beste gaixoekin batera; eta gero esan zuen:

        —Baina Lorenzo Rodolforen alde atera zenean, eta don Alfredok mapen kontua aipatu zidanean, argudiorik gabe geratu nintzen.

        —Entzun al duzu behin ere Sabino Arana? —galdetu zion Feliperen osabak, Jainkoaren izena ematearekin batera argudio guztiak eman dituen fededunaren segurtasun berarekin.

        —Bai. Baina aitak ezin du ikusi, eta, haren izena aipatzen duenean, madarikatzeko besterik ez da. Izan ere, gure gurasoak monarkikoak dira. Eta Cánovas dute gogoan.

        Halaxe zen: hainbeste miresten zuen, izan ere, Nazario Orbek Cánovas, non, zirika etortzen zitzaizkionean ere, Cánovasek Espainiako inperioa galbidean jarri zuela-eta, ez baitzen hitzik gabe gelditzen; aitzitik, Mateo Sukunzak noizbait esan zizkiòn hitzak bere egiten zituela, erantzuten zien: «Nik ez dakit Cánovasengatik galdu ziren Kuba eta Filipinas, baina dakidana da, berarengatik ez balitz, Espainia hautsi eta Espainia bera galduko genuela, Cánovasek ezarri baitzuen Espainian monarkia posible bakarra, Espainiari halako batasun bat ematen diona».

        Horixe nahi zuen, ordea, Feliperen osabak, Espainia haustea eta galtzea, katez lotuta zeuzkàn nazioak —Feliperen osaba noiznahi aritzen zen kateak gora eta kateak behera, inperioaren eta inperioak bere mende zituèn nazioen arteko arazoak planteatzeko— behingoz aska zitezen. Baina Feliperen osabak bazekien non zegoen une hartan, baita noren aurrean ere, eta hala, buruan zeukana inguratzen zuèn errealitatera egokitzen zuela, esan zuen:

        —Aizu, Gabino: ni ez naiz orain zure aitaren kontra arituko. Gaztea zara, eta gaizki irudituko litzaidake. Enpresa indartsu bat erakitzeak bere meritua du, gainera...

        —Bai, baina nik jakin egin nahi dut —egoskortu zen Gabino.

        —Ongi da —amore eman zuen Feliperen osabak—. Mapa bat dago, arrazoi duzu: mapa ofizial bat, baina mapa ofizialak ez dira betikoak. Orain dela bostehun urteko mapetan, adibidez, Nafarroako erresuma agertzen zen, Frantzia eta Espainiaren artean, bai, baina baita Espainiatik eta Frantziatik bereizita ere; Amerika, berriz, ez zen agertzen, Kolonen deskubrimendua geroagokoa izan zen-eta: ez zen, beraz, ez Colombia, ez Uruguay eta ez Paraguay azaltzen; gaurko mapetan, baina, hantxe ikusiko dituzu, hakoitza bere hiriburuarekin, dotore-dotore...

        —Bai: Colombiak Bogotá du hiriburu; Uruguayk, Montevideo; Paraguayk, La Asunción —Gabinok.

        —Portugal ere ez zen agertzen, jakina, Portugal 1640an independizatu baitzen... Baina Portugalek iberiar penintsulan bere marra ezartzea lortu bazuen, guk zergatik ez? Ulertzen didazu? —Feliperen osabak.

        —Guk...?! —Gabinok.

        —Guk, bai: euskaldunok! Badakizu zer esan zuen Sabino Aranak? «Euzkotarron aberria Euzkadi da». Eta Euzkadik ikurrina du bandera, eta euskara du hizkuntza, Primo de Riverak bestela nahiko lukeen arren! —eta, alde batera eta bestera so egiten zuela, balizko etsai baten atzetik balebil bezala, eskua paparrera eraman eta papar barrutik lepoko bat atera zuen, zintzilik bi dominatxo zituena, Jainkoaren bihotzarekin bata, eta ikurrinarekin bestea, Gabinori esaten zion bitartean—:

        —Hemen Jaungoikoa eta hemen ikurrina: Jaungoikoa eta lege zaharra!

        Feliperen osabak —jelkide sutsua zen, jendea bere kausarako irabazteko irrika bizia zuena, halako moduan, non joera kontziente batek egituratutako joera inkontziente bat ere behar baitzuen bere psikearen osagai, noiznahi bultzatzen zuena singularreko lehen pertsonatik pluralekora oharkabean pasatzera— sutsu hitz egiten zion Gabinori:

        —Guk beste nazio bat osatzen dugu, bere ohiturak eta bere nortasun propioa dituena, eta nazio guztiek dute mapa ofizialetan toki bat edukitzeko eskubidea!

        Feliperen osabak sutsu hitz egiten zion Gabinori, bai, eta Gabino adi-adi zegokion, ahoa zabalik eta begiak ere zabalik, mundu berri haren atarian; Gabinok, egia esan, bisitarien berri jakin ondoren eta bisita-gelako txistu saioa entzun ondoren —Feliperekiko errudun usteak txistuaren hotsetan urtu zitzaizkion, apika, nolabaiteko hegaldiaren eta kontzientzia zabaltzearen esperientzia bereganatuz—, Feliperen osabak eskain ziezaiokeèn zernahitara —baita mundurik ezinezkoenera ere— zabalik behar zuen: Feliperen osabak, adibidez, lur bar agindu ziezaiokeen, non harriak mintzatu eta patatak printzesa sorginduak izan baitzitezkeen, eta Gabino lur hura bere egiten ahaleginduko zen ziurrenik, baita harri- eta patata-bildumak osatzen ere, oina mundu hartan pausatu ahala; Feliperen osabak, baina, mapen lurra agintzen zion, eta mutila mapen amaraunean harrapaturik gelditu zen:

        —Mapak aldatu beharko ditugu orduan... —esan zion Gabinok Feliperen osabari, osaba-iloben lubakiaren aldera berriro jauzi eginez.

        —Bejondeizula, Gabino! —esan zion Feliperen osabak, eskua luzatu eta Gabinorena estutzen zuela.

        —Bai. Bejondeizula, Gabino! —esan zion Felipek, ordura arte isilik egon zenak, osabaren keinu bera errepikatuz.

        Baina Feliperen osabak zerbait gehiago esan nahi zuen —jelkidetasunerako arima bat irabazteko zorian zegoen!—, eta hala, hatza gora begira jartzen zuela (meza-liburuan gordetzen zuèn estanpa bateko Kristoren keinua imitatzen ari ote zen, bere bildotsei berri ona ematen ari zaien artzain ona iduri?), honela ekin zion:

        —Jainkoak amets eder bar jarri digu, bai, bidean, eta Sabinok eman zion izena: Euzkadi. Eta orain, ametsean sinestea eta ametsa geure egitea bakarrik falta zaigu. Gure eskubidea da, aizue, ez baitugu eskatzen guri ez dagokigun zerbait: bakoitzari berea, Jainkoaren legea!

        Paseotxoa egin eta esatekoak esanda gero, agur egiteko garaia zen; hartarako, beste esku-estutze eta beste besarkada bat eman zien Gabinok osaba-ilobei; hantxe zegoen, halaber, Maria Bibiana, zeinak, Feliperi eskua emanda, esan baitzuen:

        —Eskerrik asko, Felipe —eta jarraian—: Eskerrik asko, Francisco Javier.

        —Xabier, axola ez bazaizu... —erantzun zion Feliperen osabak, irri zabala ezpainetan.

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki