Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

EKILIBRISTAREN POLKA

Mikel Zubeldia

ALDAMENEKOA

 

Guztiok dugu kantari itsu bat barrenean. Non aditu ote zuen Jon Gallimorek esaldi hura? Kantari itsu bat... Barrenean... Bai, noski. Aspaldiko kontua zen, ezteietako bideoak filmatzen ibiltzen zen garaietakoa. Menturaz burura etorritako esaldiak, behinola bizi izandako egun haren hatsa ekarri zion. Era absurduan hasi zen dena; nola bestela? Telefonoak jo du ezorduetan. Fabrice da, eskola garaiko cricket taldeko kapitaina. Apenas lortu du Jonek beretaz oroitzea. Fabricek ezkontzera doala esaten dio tupustean eta egun gogoangarri horren lekukotza jasotzeko, bera beste pertsona aproposagorik ez duela ezagutzen aitortzen dio; ea ezkontza filmatzeko mesede egingo dion. Jon Gallimore zeharo harritzen da; ez du berehalakoan erreakzionatzen. Fabrice aberaskumearen arrastorik ez duela urte dezente igaro dira eta, zertara dator ezkontza filmatzearena? Zirt-zart erabaki beharra du. eta agian, taldeko kapitainak behinola harengan izandako autoritateak telefonoz baietza ematera bultzatzen du, gauzak taxuz pentsatu gabe. Dei hura jaso eta handik gutxira aisa damutu zen, haina, Fabriceri baietza eman izanaz. Ez zuten gainera, diru konturik adostu telefonoz. Eta, ezkontzaren data iritsi bitartean bertara ez azaltzeko mila aitzaki bururatu zuen arren, ez zuen kapitain ohiari hots eta huts egiteko adorerik izan. Deia gertatu eta pare bat hilabetera, Ochrelandetik oso urrun eta mende batzuk atzerago zegoen hitzordu lekura azaldu zen, ezinbestean.

 

Mendi-mendiko baseliza ortogonalean ospatu zen ezkontzaren sakramentua; itsasotik hurre zen zelta usaineko tenplu ttiki batean. Larunbat goibela zen. Negu berantiarreko elur lohia errepide bazterretan pilatzen zen. Kostata igo zuen Jon Gallimoreren MG kabrioletak baselizarako gurutze-bidea. Nola edo hala aparkatu zuen malkarrean. Laster berretsi zuen lan hura onartu izana okerra izan zela; erabateko okerra. Kamera autotik atera eta prestakuntzak egiten hasi zen motel, gogo gabetuta. Maletategia kolpez ixtean, Mick Jaggeren mihia isekan ari zitzaiola nabaritu zuen. Bera ere bai. Ordurako  gonbidatuak baselizan pilatuta zeuden, andregaia noiz etorriko zain. Zerua eguzki errainu batez erditu zen. Errainua leiho erromanikotik sartu zen herabe. Jon Gallimore apur bat animatu zen orduan. Andregaia sartu zen pausu pinpirinaz; portzelanazko panpina zen. Emozio neurtuaz begiratu zion zeharka, aurpegiera gogorreko senargaiak. Hasi zen zeremonia. Ezkongaiak zorioneko eta eder, galant eta bero, natural eta cool antzezten ari zirenez, aisa ehizatu zituen Jonek kameraz maitaleen meza bitarteko begirada konplize eta malko-minak. Elkarri baietza eman eta gero, bizitza osorako zoriona opatu zien abade aguretu xarmagarriak, eta, zoazte Jaunaren bakean erein ondoren, bazkaria ospatuko zeneko jatetxera joan ziren guztiak, prestu eta alai.

 

Hiruzpalau eztei-bazkari batera ematen zituzten molde klasikoko jatetxea zen. Eztei-faktoria bat. Beheko solairuan harrera moduko saloi handi batean kanape eta koktelak eskaini zizkieten kofiadun amandreek. Ongietorri koktelaz gozatu ondoren, eskaileretan gora jangelara bideratu zituzten gonbidatuak. Berrehun bat lagunentzako mahai borobilez atonduta zegoen jangela. Dekoratu karkailakoa zen berau: egur higatuzko zoru, kremazko horma, armiarma lanpara, dama biluzien igeltsuzko sabai eta belusezko errezela granateek osatzen zuten. Lau ate garaiek terraza luze batera eramaten zuten. Senargaiaren bazkal aurreko brindisa iritsi bitartean gonbidatuen plano orokor batzuk hartu zituen Jonek. Giro aldakorraren erruz, etengabekoak ziren argi-ilunak. Ez zen erraza asmatzea. Ochreland eta inguruetako jende printzipal ugari bertan zela iruditu zitzaion. Dirudun jende asko. Arribistak ere bai. Senargaiaren brindisa amaitu bezain pronto, zegokion aulkian eseri zen Jon Gallimore; kostata topatu ere, sukalde inguruko mahai batean, zerbitzari ejertzitoen joan-etorria etengabekoa zen gunean.

 

Brigodoon orkestinako kideekin egokitu zitzaion mahaian. Feltrozko jaka granate zein ttattarrez jantzita ziren. Edadean aurrera joanagatik eta lotsaz, berriz, atzera, peluka zein tindagaiez estaltzen zituzten buru soilak. Euren solasa hutsala zen, higatua eta kaskarina. Baina hori ez zen okerrena. Okerrena, bazkaria hasi eta berehala etorri zen. Gonbidatuak langostinoak zuritzen ari ziren bitartean, aulkietatik altxatu ziren Brigadoonekoak eta Meine Liebe Braut hasi zitzaizkien kantatzen ezkonberriei. A capella egin ere, tiroldar erara. Faltseteaz irrintziak osatu ahala aulkietatik jarri eta altxa, jarri eta altxa egiten ziren, kuku-erlojuak bailiran. Gonbidatuak ahoa bete hortz ziren eta, horrorearen erdian aurkitzen zen Joni auzo-lotsa eta negargurak nahastu zitzaizkien sentimenduen paletan.

 

Edonola ere, bailara bakartu horietako eztei-bazkari tipikoa izaten ari zen, pantagruelikoa ez esatearren. Eper, oilanda, arkume, oilagor, azpizun, kontsome eta beste zientoka jaki zein edari zerbitzatzen ziharduten kofiadun zerbitzari nekagaitzak; Bacoren arreba mutxurdin barizedunak. Brigadooneko musikari perroket hauengandik jakin zuen Jonek, Fabrice, eskolako cricket kapitaina, enpresari famatu bihurtu zela eta bere Barbiek, berriz, gizarte-laguntzarako erakunde batean lan egin bide zuela. Brigadoonekoekin hizketa egiteari utzi zion berehala. Sabela betetzera dedikatu zen ondorenean. Ezkontza-tarta partitu bitartean, ezkonberriei filmatzea egokitu zitzaion. Puruak banatzeko garaia iristean, Fabrice bera etorri zitzaion. Irribarre beteaz, Kaixo aspaldiko! esan zion, eta besarkada gogor eta zintzo bat eman. Ondoren purua eskaini eta Egunen batean hots egingo dizut gehituaz alde egin zuen, irribarre izoztuaz. Argi zegoen ez zuela Jonek filmaketarengatik dirurik jasoko trukean. Orduan jabetu zen guztiaz: bi pijo horien ezkontza filmatzera musutruk joan izana hutsegitea izan zela, erabateko denbora galtzea. Negargura etorri zitzaion berriz ere. Irentsitako janari guztiak pisutasun izugarria eragin zion gainera, bihotzerrea. Eztanda egingo zuen eta hesteak, pailazoen kaxetatik lukainkak bezala, bere baitatik ihes egiten imajinatu zituen. Terrazara irten behar zuen. Kosta ahala kosta.

 

Terraza korrituak bankete gela batetik beste batera joateko aukera ematen zuen. Kanpoan ilun zegoen. Suzko estufa batek apenas argiztatzen zuen. Pausu batzuk aurrera eman ondoren balkoiko egurrezko baranda sendoan bermatu zituen eskuak. Alkandoraren lepoko botoia askatu eta gorbata lasaitu zuen. Aurreko paisaian ipini zuen gogoa: errepide bakartu bat zegoen, farolak albo banatan. Farolen argi lausoek nekez eusten zioten behe-lainoari. Errepidearen ezkerraldean errekasto bat. Errepideak tenplu barroko erdizka argiztatu batera bideratzen zuen. Tenpluaren kupula elurtuta zegoen, souveniretako bolazko paisaietan bezala. Eite irrealagoa ematen zion honek guztiak paisaiari. Eta bihurriagoa. Ezkutu zein agerruneak kapritxoz beterikoak izaki, tenplua bezala paisaia ere jesuitikoak ziren, oso. Zigarro luze bat erretzen hasi zen Jon eta inguruan zebilen zerbitzari bati vodka-laranja kankarroa ebatsi zion fardeletik.

 

Charriots of fire kantua aditu zuen hor nonbait. Brigadoonekoak hasiak izango ziren. Terraza utzi eta ezkonberrien baltsearen irudiak hartu beharko zituen teorian; hala egin ohi zuen ezkontza gehienetan. Gogogabetuta zegoen, baina. Eta vodka-laranja kankarroa, berriz, erdi betea. Aberaskume esker txarrekoak. Bankete gelara ez itzultzeko erabakia hartu zuen. Eta, zigarroari atxiki luze bat eman ondoren, beregana bilduta, errepide ondoko errekastora jausi zitzaion begirada. Eta luze eman zuen aldarte hartan. Ez zuen asmatuko zenbat denbora, edo, zenbat zigarro egingo zituen horrela. Akordeoi aire herrikoi batek flotatzen zuen. Aldamenean gizon gazte bat zeukala ohartu zen. Balkoiko barandara bermatuta zegoen, bera ere. Gintonika zuen itsumutil. Itsasoan galdutako gatzezko eskulturak ziruditen biek ala biek. Aldamenekoa lozorrotik iratzarri bide zen:

 

ALDAMENEKOA. Guztiok dugu gizon itsu bat... Kantari itsu bat barrenean... —bota zion, braust.

 

Harengana zuzendu zuen Jonek begirada. Mantsoki jiratu zuen burua. Ez zituen egiazki sobera maite guztiok dugu... edo guztiok gara... bezala hasten ziren esaldi eta proklamak. Are gutxiago aldarri horiek egiten zituzten gizasemeak. Zahar itxurako gizon gazte bat zen Aldamenekoa. Paisaiari beha segitzen zuen honek, mugiezin. Tarteka begiak erdi ixten zituen, miopeen modura edo mozkorren modura edo tentelen modura edo bisio marianoak ikusi ohi dituztenen modura. Esku artean gintonik kankarroa eusten zuen. Bazen harengan zerbait Joni arreta erakartzen ziona: haren aurpegi obalatua izango zen, kokospeko puntaduna, ile argi kizkurrak, begi irten turkesak eta begizulo hasiak? Edo papar lodi eta aurpegi zurbil hura, Otello albino baten pareko egiten zuena? Edo, haren lepamotz eta ipurdi guriak ote? Ez zekien ziur zerk erakartzen zion arreta. Haatik, dotorezia xelebrez jantzita zegoen: jakarik ez zekarren eta pistatxo argiko txalekoaren barrenetik, alkandora more argi eta gorbata borboilak ageri zituen. Paparrean lore sortatxo bat.

 

Tarteka, hitz erdiak, zirpilduak, taxurik gabekoak askatzen zituen Aldamenekoak, Jonek harrapatu ere egiten ez zituenak. Irri estrainio batek kizkurtzen zion aurpegia; irri mengel, triste eta patetiko batek. Terrazako suzko estufak, haren aurpegiko itzalak dantzan jartzen zituen. Solaserako grinaz zirudien. Zigarro bat eskaini zion Jonek. Esku dardaratiaz onartu zion honek. Piztu eta atxiki sakon bat eman zuen.

 

ALDAMENEKOA. Kantari itsu bat... Kantari itsu bat... —errepikatu zuen, mihiaz kearekin jolas eginez.

 

Totel zihoakion mihia. Metalezko ahotsa zuen. Jonengan tinkatu zuen begirada nahasi eta tormentatua.

 

GALLIMORE. Ilargiaren alde ikusezina bezalakoa —bota zuen handik askora; film finlandiar eterrezkoetan bezala, zeinetan bost minutuz behin aktore batek silaba xuhur bat ahoskatu eta berriz ere isiltasunezko putzuan jausten den filma.

 

Hitz horiek esan izanaz harritu zen. Eta damutu.

Aldamenekoak lepoa okertu eta Jonengan finkatu zuen begirada galdua. Irribarre egin zion segundo batzuk geroago. Irribarre tristea zen berea, putzu lohian islatzen den eguzkiaren modukoa. Zein egoera estrainioa, esan zuen Jonek bere artean. Bazirudien, bi biak itsasontzi batean urruneko itsasoetara partituak zirela, lehorreko burrunba, tristezia usaineko biolin desafinatu eta confetti horiek guztiak alde batera utzita.

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki