Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

PEDRO MARI OTAÑOREN BERTSOAK

Pedro Mari Otaño

ITZAURREZ

Aita I. Unzurrunzaga O.F.M.

 

        Edozein xorta eder osatzeko ale polit apartak bear baditugu, zorionean arkitzen da oraingoan gure Kuliska Sorta Otañoren bertsoak argitaratzekoan. Segur nago, nunai ta beti Pedro Mari Otañoren bertsoak apain berezi bat emango diotela Kuliska Sortari.

        Aspaldi giñan Pedro Mari Otañoren bertso liburu berri bat ikusteko goseak. Ikus bestela gure Basarrik euskaldunen poz eta naigabeak orren garbi azaltzen dakian idazle jator orrek, oraindik urte asko ez, egunerokoan eskeiñitako zenbait idazti. Izan ere Otaño bezin erriaren biotzeko bertsolaririk naiko lan izango zendun arkitzen. Bditu gure euskerak beste bizpairu izen aundi ixil-eziñak goi ontan: Iparragirre, Xenpelar, Bilintx, Txirrita... ta abar... sonatuenak aitatzen jarria, baña gure Pello Mari Otañok, bertsolariak izan ez dun doai berezi bat daramala esango muke.

        Bertsolari izateko geienetan doai auek bear dituu: etorria, maltzurkeria, lotsarik-eza; ?plaza-gizona? bear du bertsolariak (izan); bearko, plagan azaldu bearko baiditu sarri etorri eta maltzurkeri oiek. Sarri, diot, plazan, ez beti. Iñoiz entzun diran bertsorik fiñenak, gure sagardotegiak entzun dituela esaten badet ez det uste oker nabillenik.

        Ez nekin nik, lengo batean nere aitonak esan arte, P. M. Otañori ?Katarro? deitzen ziotenik. Ba aldakizu zergatik?... Eztulak ito bearrean eltzen omen zion edozer gauza kantatzen asi ala. Ona emen mozkor bati Pello Marik, nazkatuta, esandako bertsoa:

 

                Hik baldin bahukake nere katarroa

                ez huke ez aterako holako orroa.

                Nahiko kantatu dek, hoa hortik, hoa!

                Txarroa bahitzake a zer kankarroa!

 

        Auxe, nere iritziz, Pello Mariren bestek ez duten doai berezia: ?Katarroa?. Bertsoak idatzi bearrak, bestela baiño apaiñago orraztera beartzen zion. Orrezaz gaiñera mundu asko ibillitako gizona zan eta orrek asko erakusten du. Otañoren bertsoak gutxitan arkitu oi diran jakin, armoni, olerki dariote kezka izaten naiz batzutan Pello Mariren zenbait bertso olerki ala bertso ote diran.

        Etzun nai izaten lagunarte alaian sagardo ontzi ondotik datorren etorri argi ori; bere bertso geienetan irudimenaren lan argi betea arkitzen da. Gure bertsolariak geienetan gai ariñak erabiltzen dituzte. Ateraldiak eta zirikaldi zorrotzak arritzen gaitu zenbait bertsolari irakurtzean. Otaño ez dabil bide ortatik; sakonago sartzen diran bertsoak dituzu bereak; biotzetik biotzera bere sentimentu biziak irauli nai izango bazizkizun bezela. Zerorrek arrazoi emango didazu sorta au irakurri ondoren. Idatzi egin zitun, bai, Pello Marik bertsoak, baña ala ere sorta osoa ezin bildu izan degu, zoritzarrez.

        Irakurleak bearbada esango dit onezkero Pello Marik ez dula beste bertsolarien etorri azkarra, idatzi bear izan bazitun bere bertsoak; eta orrek asko esan nai du bertsolariaren aurka. Pello Mari berak kenduko dizu kezka ori. Aurrerago eskeintzen ditugu Ameriketatik etxerakoan osabari esandako bertso aiek. Iñoiz entzunak izango dituzu noski baña irakurri itzazu berriro geldiro eta esaidazu etorririk bazuan ala...

        Oietzaz gaiñera sarri izan zitun biotzaldietan etorri eutsi-eziñak, zoritzarrez gaur galduak. Andik eta emendik nolabait osatutako baten batzuk azalduko dizkizut; danetan agirian du bertsolari-zain jator ori.

        Bilintzen semea ezagutu zuanean aotik aoz esan omen zion bertso au:

 

                Zu Bilintxen semea zera nerekiko

                ez bazidaten esan ez nun igarriko.

                Gu haren aurrean gaude beti belauniko

                hemendik joan zan baina ez da behinere hilko.

 

        Ameriketara zijoala Miserikordiko Maisuari:

 

                Amerikara noa nere borondatez

                aspertu naizelako hemengo suertez.

                Honetara ezkero joan behar det nai ta ez

                hemen gelditu dianak ondo bizi bitez.

 

        Beste au ere Ameriketam zijoanekoa. Etxe aurrean agur egínaz eskuakin, ezin gorde izan zuan ixilik, biotzetik gora zetorkion bertsoa, eta asi omen zan:       

 

                Agur nere osaba ta parienteak

                adios adiskide ta lagun maiteak

                pena ematen dit zuek utzik joateak

                Berriz etortzen banaiz ez itxi ateak.

 

        Benetan gorde eziñeko miña zekarren barruan Pedro Marik. Bertso oni erantzuna Joxe Bernardok dio gero Pasaiko kaian.

        Pello Mariren jatorriari begiratzen badiogu, nai ta nai ez bertsolari gerta bear zula dirudi. Bertsolari-sendia benetan Otañotarra Aitona Pedro Mari Otaño Errekalde-zarra ta Larraulko baria deitzen ziotena, bertsolari famatua garai batean. Txirrita eta garai artako bertsolariekin sarri azaldu zan bertso-gudutan. Mikaela Lasa amona bera ere bertsolari zan eta ez nolanaikoa. Bien artean egiten zuten Pello Mariren karteri erantzuna bertsotan. Ara oietako zati bat:

 

                Aitona Pedro Mari Ta amandre Mikela

                ez pentsatu haiek zutzaz ahaztuta daudela

                orain ere ez daukate memori motela

                ikusi nahi badituzu etorri berehala.

 

                Laster hilko naizela du askok esaten

                plazo fijorik ez du gauza horrek izaten.

                Iaz bajutxo nintzan eskasago aurten

                laster EuskalHerrira ez bazera etortzen

                alkar ikusi beharko degu Josafaten.

 

        Bigarren au amonak bere osasunaren berri emanaz biali zion illoba maiteari Ameriketara; ez da beraz zuk eta nik egiteko moduko bertsoa...

        Osaba, berriz, Joxe Bernardo Otaño. Garai artan ez omen zar Guipuzkoan Joxe Bernardoren bertso gabeko pestik. Zerorrek aurrerogo irakurriko dituzu bere iru bertso eder Pello Marikin alkar izketa izendatu artan, baña beste au ere argitaratzera beartua arkitzen naiz, galdu egingo bailitzake bestela beste ainbesten bidetik.

        Donostiko barrio Loyolan pestak omen ziran, artean, 64 urte izango dira au gertatu zala, an zirala, ala bearrez, Joxe Bernardo Otaño eta beste gazte bat bertso-guduan. Loyolako plazan tabloiez estradua jaso zuten eta antxe zeuden bertsolariak jendearen gain elkarri zirikatzen. Baña jendea nunbait geiegi plazarako eta ango estuasunean bertsolarien aldamioan zerbait etenda balantzan asi omen ziran estradu gañean Joxe Bernardo eta bere lagunak bertsotan ari zirala. Ordukoa du Joxe Bernardok bertso au:

 

                Jendea arrimatzen gogor zaigu hasi

                Indarrean hasita zeinek atzerazi?

                Ez bagerade joaten hemendik ihesi

                laster gera lurrean pulpito eta guzi.

 

        Bernardo izeneko Pello Marin anaiak ere ba omen zun bertsotarako joera polita.

        Bazun bai Pello Marik jatorriz bertsolari odola; nai ta nai ez zerbait ikasi bear bertso ta kantak ain sarri entzuten ziran sukalde artan.

        Errekaaldeko sukalde bero alaian jaioa degu ba Zizurkillen Pedro Mari Otaño Barriola 1857ko ilbeltzaren 26'an. Bizki jaio omen ziran bera eta Maria Josefa arreba; eleizan baño etxean lenago bataiatuak izan ziran makal xamar baizetozen. Gurasoak Juan Pedro eta Juana Bautista; besoetakoak Pedro M. Otaño eta Mikaela Lasa aiton-amonak.

        Gazte zan Pello Mari artean familia Donostiko kale Amarara etorri ziranean bizitzera. Zerbait ikasi eta lanean asi tan gogotsu Guipuzkoako uri nagusian. Pello Mari gaztea aurrera egiteagatik asmoz eta benetan saiatua zan baña gauzak etzijoazen berak nazi bezin ongi. Euskaltasun bizia zeraman Pello Marik barnean eta onek aldameneratzen zion zerbait gizartean. Ez ote du garai eta gai ontakoa iñun entzunda artu nun bere bertso bakar au:

 

                Gau eta egun auziaz dago gure Euskal Herri edarra

                alde batera nahiago nuke ez banintz hemengotarra.

                Mundu guzia ikaratzen du euskaldunaren negarrak.

                Saiatutzeak balio ez badu zertako degu indarra?       

                Hau da txoria gari tartean goseak egon beharra.

 

        Gose orrek, zerbait izan-naiak eraman zun beste ainbeste euskaldun bezela Ameriketara Pello Mari, iñork bezin bero familia eta Erria mane zituna. Lagun asko joan omen zitzaizkion Pasaiko kaira bertsolari aipatuari agur esatera. Txirrita ere an zan eta agur bertso au ezkeiñi zion:

 

                Otsailaren hogeita bata San Polikarpo eguna

                Pasai aldera makina batek pausoa emana duna

                Amerikara dijoalako gure Pedro Mari ona.

                Zeinek ez luke estimatuko halako bizilaguna!

 

        Egun berekoa izan bear du baita ere ?bera jaio zan oia? agintzen dion osaba Joxe Bernardoren bertsoa. Joxe Bernardoren bertsoa biotzean itsasia eraman bear izan zun Pello Marik. Zori artan gazteak sentitu zitunak jakiteko Otañoren zenbait bertso ondo irakurri.       

        Etzun suerterik izan lur berri aietan; au ere beste ainbat euskaldunek bezelaxe.

        Bitan joan-etorria egin zun Ameriketatik. Oietako batean ezkondu zan Maria Magdalena Alberdi Descarga andereakin Donostin Jesusen Biotzaren Eleizan. Neska jatorra eta oso ona omen zar. Argentinan eriotza arkitu zuan 1934ko loraillaren 5an. Emen eta an sei seme alaba izan zituzten.

        Bertsorik geienak eta ederrenak Ameriketan idatziak ditu Pello Marik. Euskera maitea galdu zorian ikusten du eta gogor eusten dio berak itxasoz aruntzgo lurraldietatik:       

 

                Miru gaiztoak menderatutzen duten bezela uxua

                Ez zazutela hiltzera utzi gure euskera gaxua.

 

        Bertsoak zitun bere naigabe, urruti-miñ atsekabeen izkuntza maitea; or uzten zitun bere barru-gogamen biotzekoenak. Euskeraz eta bertsotan izaten zitun emengoekin artu-emanak, aitonak eta osabak jatorki erantzuten ziotela.

        Bertsotan ez ezik itz lauz ere luma garbia eta errexa zuen. Otañok itz lauz idatziak olerki usaia dariote. Argentinako Laurak Bat gizartean irakasle zan Euskera gaietan. Zutik Pello Marik gizarte ontan esandako itzaldiak txalo beroak jaso zitun. Sarritan aipatuta izan zan izen ori aldizkaritan.

        Garai artan Opera bati elerti ere eman zion. Artzai mutilla du izen Opera orrek eta Pedro Mariri omen eta sariak merezi zizkion.

        Euskalerrira idatzi zun, ezurrak uztera etorri nai zuala, baño etzegan ori bere esku. Argentinan Santa Fe Probintziko Rosarion, etxeko eskeleretan erorita golpe batek oeratu zun gaizki. Sendagilleari arren eskatzen dio gaitzaren arriskua argi eta garaiz azaltzeko; eta alaxe egunetara 1810ko loraillak 5 zitula joan zitzaigun Pedro Mari Otaño. G. B.

 

                Hemendik joan zan baina ez da behinere hilko...

 

        Barkatu irakurle. Otañoren bertsoei itzaurre au ematerakoan Pello Marin familian barneak geiago sartu ta aztertu banitu utsune asko beteak zenituzke, eta berri jakingarri batzuek arkitu ere; baña betarik ezak jardun au argitara arazi nau. Ala ere eskerrak eman bear dizkiot biotzez Plazentziko Apaiz Loinaz-tar J. Andoni jaunari ain zuzen eta zintzo luzatu didan laguntzagatik. Loinaz jauna Pedro Marin illoba degu eta aide tartean zokoak miatu ditunari eskerrak lantxo au zerbait jantzi degu. Izan ere Pedro Marin bertsorik ez dakien benetako euskaldunik ez det uste izango danik, baña bere berri-erditxo bat jakiteko ia-ia Zizurkillen Errekalde baserriko sukaldea usmatu bear izan degu.

        Beste esku gogoaingarri bat ere izan det lagun jardun kaxkar ontan: nene aitona maitea. Larogeita sei urte ditu, baña burua argi oraindik beste zenbait urtetarako. Otaño-familia nunbait auzoko zitun garai baten Donostian. Joxe Bernardoren Loyolako pulpitokoan, an zan nere aitona Patxi, Donostiko Ayuntamientoak bialitako Aginaga jaunaren ondoan, parrez lertu bearrean. Baita ere Pedro Mari aurrenengoz Ameriketara zijoanekoan Pasaiko kaian agurtzera bildu ziran jende tartean; eta oraindik esango zitun justu-justu egun artako giroa eta nun ta nolako sagardua edan zuten ere. Eskerrak, aitona; urteak erakutsi dizuten jakituri urtetsu bezin baliotsuak, a ze liburu lodi ta jakingarri bete lezaken.

        Ala ere nere lanaren aula aitortu bearrean nago. Osatuko al ditu baten batek emengo utsuneak Pedro Mari Otañori dagokion aiñako jardun berri eder osoa eskeiñiaz!...

 

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki