Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

HIRU MARIAK

Arantxa Urretabizkaia

7

 

        Udaberri hartan dezente aldiz ikusi nuen semea, gehienetan etxean eta bazkal aurretik. Behin baino gehiagotan, goizeko bueltaxka egin eta etxera itzulitakoan, han zegoen bera, gure zain. Egia esan, semearen hitzei esker jarraitu nuen errainaren haurdunaldia, berak ematen zidan zetorren umearen garapenaren berri. Horrela jakin nuen mutila izango zutela, errainari zangoak handitu egiten zitzaizkiola, sabela puzten zitzaion eran.

        Inoiz kalean egin genuen topo berarekin, bera bakarrik eta Gorri eta biok elkarrekin. Agian horrela izan zuen gure ohituren berri. Iruditzen zait arratsaldez gurean beste norbait aurkitzeko aukerak zituelako etortzen zela goizetan. Halere, udaberri hartan pare bat aldiz etorri zitzaigun, aitzurraz lorategiko lurra lantzera. Bigarren egunean esan zigun egingo zigula loreontzi zabal bat harresira ematen zuen paretaren kontra. Horrela ez duzu makurtu beharko loreak zaintzeko, esan zidan. Nik esan nion pentsatua genuela horrelako zerbait, idatzita ere bai Kalorentzat osatzen ari ginen eginkizunen zerrendan.

        Berehala igarri nion begiak lainotu zitzaizkiola. Gorrik esan zuen nahikoa lan izango zuela Kalok aulkiarekin eta gainerakoekin eta huraxe zela loreontzia egiteko sasoia. Dudarik gabe, semeak eskertu egin zion proposamena eta biharamunean bertan hasi zen adreiluz loreontziak prestatzen. Handik gutxira, aldatuak zeuden bertan geranioak, gorriak, arrosa kolorekoak, moreak. Hantxe sartu nituen, halaber, etxe zaharretik ekarritako begoniak. Bazegoen lekua Gabonetan oparitu zizkidaten erreboilentzat, baina ordurako lurperatuak zeuden loreontzi handi batean eta ez nituen zeuden lekutik mugitu, hasiak baitzeuden lurra zulatzen. Eskuineko bazterra libre utzi nuen, aspalditik nuelako fuksia bat zaintzeko gogoa, semeak oparitutako landare liburuan azaltzen zirenak bezalako fuksia koloretsu bat.

        Gorrik auskalo noiz erositako ardo botila bat ireki zuen eta hantxe, orain aulkia dagoen tokian, hiru eserleku ipini eta Gorri, semea eta hirurok, emaitzak miresten jardun genuen, luzaro. Gorrik esan zuen adreiluak estaltzen zituen zementua margotu egin behar genuela, kolore biziz eta nik ezetz, horko koloreek jan egongo zituztela loreenak. Azkenean, hondarraren kolorez margotu genuen pareta eta goizetan, eguzki jaio berriak ematen dionean, urrea dirudi ia-ia. Sarritan amesten dut nola egongo den lorategia hamar urte barru, eta halakoetan ahaztu egiten zait epe luzea, luzeegia dela hori ni bezalako zahar batentzat.

        Semeak alde egin zuenean pentsatu nuen huraxe zela, aspaldiko partez, semearekin batera egin nuen gauza bakarra, eta aurrekoa Joxe gobernatzea izan zela. Hortxe erabaki nuen jertsetxo bat egingo niola, galtzetorratzez, jaioko zen ilobari. Biharamunean erosi genuen artilea, Gorrik eta biok. Nik urdina nahi nuen, mutila izango zelako eta hala erosi genuen, baina ez urdin argia, zeruak ilunabarrean duena baizik. Egia esan, trebea nintzen galtzetorratzekin, eta azkeneko lana egin nuenetik urte asko joan baziren ere, berehala egiaztatu nuen trebe izaten jarraitzen nuela.

        Ez da hainbeste denbora, Kalok egindako aulkian jarrita, Gorri josten eta ni puntu egiten ari ginela, arratsaldeko eguzkipean, zorionak horrelako zerbait behar zuela izan pentsatu nuela. Egia esan, ez nuen sekula santan amestu horrelako zahartzarorik. Are gehiago, Joxeren gaixotasuna astunago egiten zitzaidanetan ere ez nuen pentsatzen nolako bizitza eramango nuen Joxerik gabe, ez zitzaidan burutik pasatzen halakorik posible zenik. Gorrirentzat bizitza dibertigarria da, pizgarriz josia eta argi horrek kutsatzen du bere ingurunea. Ez da bakarrik bizirik egoteak berez dakarren poza, beste zerbait da, poza bera baino akuilagarriagoa.

        Sasoi hartan, askotan izan genuen Handi hizpide, baita Gorrik hartu berri zuen erabakia ere. Afalondo batean esan zidan udan ikastaro bat egingo zuela euskaltegian. Agian, azaldu nion harridura ezabatzeko argitu zidan inbidia sumatzen zuela Laidarekin eta haren lagunekin hitz egitean, eta ez zela euskaraz irakurtzeko gauza. Hori entzun nuenean jabetu nintzen zeinen arin eransten zituen Gorrik hitz berriak bere hiztegira, ikastaro, euskaltegi. Esate baterako, lehen aldiz konkortzen ari nintzela esan zidanean, ejerzizioak egin behar nituela agindu zidan. Berehala aldatu zuen, ordea, hitza, eta handik aurrera, nire bizkarrezurra aipatzen zuen bakoitzean, ariketa erabiltzen zuen, edo, Laidak Handiren berriak biltzen zituzten paperei txostena deitu bezain pronto, izen hori erabiltzen zuen huts egin gabe. Betidanikoa du Gorrik hizkuntzekiko trebetasuna. Bere gaztelera nirea baino hamaika aldiz aberatsagoa da eta bere euskara, are euskaltegira joan aurretik, nirearen pareko. Horretaz gain frantsesa ere menderatzen du eta gauza da ingelesez zerbait esan eta ulertzeko.

        Euskaltegikoa adierazi zidanean esan zidan berak ikasi egin nahi zuela, ez zuela besteei etengabe lezioak emateko irrika duten zahar horietako bat izan nahi. Zer pentsa eman zidan eta, askotan bezala, iruditu zitzaidan ni erdibidean nengoela, ez nuela Gorriren ikasteko grina, baina, era berean, ez nuela besteei eskatzen ez zituzten aholkuak emateko gogorik ere.

        Euskaltegitik etorri zitzaidan, uda hartan, mintzalagunaren kontua ere. Gorrik esan zidan bazegoela han euskara ikasten ari zen jendea eta, astean behin-edo, norbai. tekin euskaraz hitz egitea komeni zitzaiela, ikasten laguntzeko. Noski, ezetz esan nion. Nire euskara landu gabea da, ez naiz apenas bi hitz idazteko eta irakurtzeko gauza. Ezetz esan nion, baina alferrik. Aste hartan bertan hasi ziren etxera etortzen bi neska gazte, bertakoak baina euskaldun berriak. Izen moderno horietakoak dituzte, Gorrik eta Laidak modernoak baina zaharrak direla esaten badute ere.

[...]

 

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki