Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

ESTATU ETNOZIDAREN KONTRA

Joxe Manuel Odriozola

David Crystal hizkuntzalaria Euskal Herrian izan dugu oraindik orain Hizkuntzaren iraultza liburuaren aurkezpenera etorrita. Esan dizkigun gauza jakingarri askoren artean, nik bereziki hitzok azpimarratu nahi nituzke: hizkuntzez baino areago, hizkuntzez mintzatu behar genukeela gure kezken adierazpenetan, eta, alde horretatik, norberaren mintzaira berreskuratzen saiatzeak eta besteenak ahazteak ez duela zentzurik, gurearen antzera edo okerrago milaka eta milaka hizkuntza daudelako mundu zabalean. Begirada miope samarra dugula, alegia, eta gure begiradaren ikusmira zabaldu egin behar genukeela. Eta, jakina, bide batez, elkartasuna (1) sustatu.

Kritika horrexek gidatu nau lan honetan barrena. Neronek ere sarri izan baitut antzeko irudipen bat. Ez ote gabiltzan, alegia, talaia mehar eta zurrunegietan hizkuntza-herri menderatuen zona begiz jotzeko eginkizunean. Ez ote genituzkeen mundu zabalera begiak zabaldu behar egiten dugun baino maizago. Ez ote genituzkeen etxeko gorabehera soziolinguistikoak hobeki hautemango beste errealitate eta eskarmentu batzuen argitan.

Oker ez banago, euskaldunok ere jatorrizko herri (2) menderatua gara, eta, hain zuzen, jatorrizko hizkuntzen, kulturen eta herri-identitateen (3) gorabehera batzuk jorratu nahi izan ditut oraingoan. Gugandik urrun bizi diren hiztun-herri zapalduen ahots xumea izan nahi luke hausnarketa honek. Bestalde, gainerakoen eginak eta ezinak zertan diren jakiteak gurea hobeto ezagutzen lagun diezaguke. Bai baita izan munduan arazo honen inguruan zaildutako herririk, kezkabide ez ezik argibide ere gerta dakigukeenik. Barne-bulkada horiexek bultzatu naute hango eta hemengo hiztun-herri ahulduen plazan esku hartzera.

Hizkuntza orok bere baitan errotuak dauzka gizatasun-balioak (4), mintzairaren jardunari darizkion askatasun, zapalkuntzaeta etika (5) kontuak. Horretaz ere jardun gara lan honetan. Orobat, merkatu zekenaren lege-indar baztergarriek han eta hemen nola diharduten sumatu dugu herri-mintzairen aurkako lehian. Gehiengoaren eta gutxiengoaren arteko joko bidegabeak ere gainbegiratu ditugu. Aniztasunaren eta homogeneotasunaren arteko sokatira desorekatuak ikusi ditugu. Nazio askotariko estatuek nazio bakar balira bezala nola jokatzen duten. Globalizazioaren alimaleko tsunamiaren ondorioak aletzen saiatu gara. Azken batean, hizkuntz heriotzaren zurrunbiloan katigatuak dauden herri-identitateen knsi eta traumen intziriak aditu ditugu. Historia beltz eta tragiko horren informatzaileei entzuten saiatu gara, eta entzun ahala interpretatzen.

Erabili dugun tonuari eta sentimendu tragikoari buruz, ohar pare bat. Batzuek tonu dramatikoegia darabilgula iritziko diote seguru asko, eta ez dela hori, hain zuzen, euskaldunoi komeni zaigun gogo-aldartea. Halakoak, pentsatu ere pentsatuko du, aurretiaz ere bagenekiela gauzak nolatsu zeuden hizkuntza minorizatuen mundu hitsean. Ez zegoela hil kanpaiak jotzen ibili beharrik, hemen berritu dudana berritzeko (6). Are gehiago: baten batek esan dezake hil kanpaien ahots etsigarri horrek egiantzetik ez daukala askorik, euskararen beraren historia dela horren lekuko. Hainbatek hainbatetan jota ere, oraindik hemen gaudela bizirik, eta munduko leku askotan, beharbada, beste horrenbeste gerta litekeela. Etsi-behar gogorrak ez garamatzala mora.

Zer esatea nahi duzue? Nik behintzat hil ezkilen hotsak, krisi-ahotsak, intziriak eta antzekoak aditu ditut munduko bazter-hizkuntza gehientsuenen oihartzunetan, eta, nik dakidala, ez daukat etxekalte izateko neurezko joerarik. Egia da, ez dut ukatuko, hemen landutako informazioaren eta lekukotasunen iturriak horren goibelak izanda, arriskua dagoela etsi gaiztoaren osinean amiltzeko (7). Baina, tira, gutako bakoitzak errealitatearen esanahi eta ñabardura pertsonalak hautematen ditu, ezinbestez. Errealitate objektiboa subjektiboa baita, jakintzaren eta ezagutzaren arlo honetan dauden interesak eta zioak guztiontzat berdinak ez diren neurrian.

Lan hau nolatsu bururatu nahi nuen pentsatzen jarrita, ez neukan ez eskutik eta ez gogorik munduko herri-mintzaira menderatuen zerrendarik eta estatistikarik egiteko. Horrenbestez, ezta halen berri banaka-banaka, hurrenez hurren eta xehe-xehe emateko ere. Horretarako, gutxi-asko, badaude erakunde eta ikerketa-taldeak, auziaren ikuspegi kuantitatiboa ematen dutenak, lan honetan bertan maiz agertuko den liburu mamitsu bat tarteko (8). Beraz, sintesi moduko zer edo zer egin nahi izan dut problematikaren ezaugarri eta joera adierazgarrienak jorratuz. Erabateko ikuspegi sistematikoa baino areago, irizpide kritiko batzuen galbahetik igarotako gogoeta-lana aurkituko du hemen balizko irakurleak. Eztenka jardun naiz, halako eta holako esparruetan.

Lastoa eta alea ahalik eta zorrotzen bereizten ere saiatu naiz, lastotik gehiegi baitago gai honen inguruko diskurtsoetan. Eta aleak aipatu orduko, estatu-mota jakin baten irudia datorkit burura: hots, mundu osoan aspalditik zulo beltzen —estatu etnozidaren metafora: inguruko hiztun-herriak irensten dituen estatu-mota— eskutik burutu den eta oraindik burutzen ari den etnozidio globalaren aleak xehatu nahi izan ditut. Zulo beltzaren irudiak ezin hobeto adierazten digu, guk uste, gertatzen ari den hondamendi latza: espaziokoak bezalatsu, estatu etnozentrikoak (9) bere inguruan dituen hiztun-herriak zurrupatu eta irentsi izan ditu, bere izaera bakarreko identitate etnolinguistikoa (10) eta nazionala ezarri arte. Nazio-identitatearen monopolioa baitauka, eta homogeneizazioa (11) eta berdinkeria baitu helburu estatu modernoaren egitura nazionalak.

Zulo beltzen grabitate-indarra gehien-gehienetan gaindiezina den arren, bere inguruan bizi garenok ezin dugu amore eman eta nazio anitzeko estatu etnozentrikoaren zuloan amildu. Zulo horretatik libratzeko aukera gutxi edukita ere, ez genuke etsi behar aldez aurretik (12). Jatorrizko herri-mintzairen eta kulturen aberastasuna eta balioa galtzea nahi ez badugu, nekeak neke eta ezinak ezin, gure ahalegin guztiak egin behar genituzke grabitate-indar horren kontra. Aniztasunari eutsi, kosta ahala kosta: horra euskaldunok eta munduko herri zapalduek daukagun erronka bat.

Munduko hizkuntzen mosaiko nabarra errotik pitzatuta dago, hori da gogoeta honi darion ondorio bat, baina horrek ez gintuzke, aurreratu bezala, etsi-behar gogorrak jota utzi behar. Horregatik, nahiz eta munduko hizkuntz puzzlearen atal gehienak galzorian egon, salba ditzagun batzuk bederen zulo beltzen erauzpenetik. Mundua ikusteko eta gozatzeko modu ederragoa baita ñabarduraz jantzitakoa, totalitarismoaren ispiluan islatutakoa baino. Aniztasunak ederragotu egiten gaitu, murriztasunak itsusiagotu.

Azken iruzkin bat. Bateko eta besteko, hango eta hemengo, egoeraren datuak, lekukotasunak eta informazioak erreparatzerakoan ez harritu kontraesanik (13) aurkitzen baldin baduzue. Bateko eta besteko egoeren interpretazioak, arestian genioen legez, norberaren irizpideen argitan itxuratzen dira. Metodoak eta kontzeptuak antzekoak izan litezke beharbada errealitate soziolinguistikoa aztertzeko jardueran, baina, berriro diot, arrazoimenaren mugetan nekez kabitzen dira begiraden esanahi pertsonalak.

 

 

 

1. «Baldin eta Euskal Herria bere praxian horrelako paradigma batez jabetu ahal izan bada, hala izanik, mundu honetako herri txikiek eta txikituek jasan behar izan duten izugarrizko ezarpen kultural, linguistiko eta bestelakoa ikusita, elkartasun gogoak ez ote gaitu bultzatzen herri horiei ere beren bidea aurkitzen laguntzera?» Alan R. King, «Maiatzeko ura! Hizkuntza berreskurapenaren artasoroa lantzen», Jakin, 148. zenbakia, 2005, 15. or. Samien herritik datorkigun Mari Boine kantaria ere elkartasun-minez bizi da: «Baina beste kultura batzuekin, beste jende batzuekin konektatzen duzunean, errazagoa da bizitza. Horregatik da ezinbestekoa kulturen artean elkar ezagutu eta esperientziak trukatzea». Mari Boine, «Samieraz abestea erabaki politikoa da», Argia, 2010-09-19

 

2. Jatorrizko herriak terminoa erabiltzen dut nik. Izan ere, termino horrek herri jakin batzuei egiten die erreferentzia: herri horiek norabide bat erakuts diezaguketenak dira, jatorri bat gogorarazten digutelako», J. M. Sánchez Carrión Txepetx: «Abiapuntuak ez du kuantitatiboa izan behar, kualitatiboa baizik», Zenbatgara, 4. zenbakia, 1998, 36. or.

 

3. Hizkuntzaren eta identitatearen arteko harreman-auzia etengabeko kalaka izango dugunez lan honetan zehar, betor hasieratik Amin Maalouf idazlearen iritzi han: «Hizkuntza aldi eta alde berean izaera miragarri honen jabe da: identitate-faktorea da batetik, eta komunikazio-tresna bestetik. Beraz, erlijioaren kasuan ez bezala, hizkuntzaren zeregina identitatearen esparrutik erauztea ezinezko eginkizuna iruditzen zait; egia osoa esateko, ezta komenigarria ere. Hizkuntzaren bokazioa da kultur identitatearen ardatza izatea, eta hizkuntz aniztasuna aniztasun ororen bizkarrezurra». Identidades asesinas, 1998, 159-160. or.

 

4. «Balioa kasu bakoitzean falta zaigun zerizan hura dugu. Ondasun jakin batean hezurmamitzen dugun balioak, osoki edo partez, gabeziaren hutsunea aseko digu. (...) Maiz, gabeziaren sentipenik ez dugunean ez dugu dena delako balioaren premiarik sentitzen. Horrelakoetan, gogoeta-ariketa bat egin behar izaten dugu hartaz konturatzeko. Osasunari dagokionez, adibidez, ez gara bere balioaz behar bezain zorrotz ohartzen osasun arazorik ez dugun arte; gaixotu ondoren jabetzen gara osasunaren oinarrizko balioaz». Luis Villoro, El poder y el valor, 1997, 16. or.

 

5. «Nire etika hizkuntz aniztasunaren aldekoa da, han da, nik zuri aitortzen dizut zu zeu zaren bezalakoa izateko eskubidea, zeren nik neure buruari ere gauza bera aitortzen diot. Hortik aurrera arrazoizko elkarrizketa bat aldeztuko dut; farrera desberdinen arteko lokarri gisa arrazoimena tarteko dugula». J.M. Sánchez Carrión Txepetx, Igandegin, 1995-09-10.

 

6. Frisieraren patuari dagokionez era baikor honetan mintzo zaigu Koen Zondag fauna: «Duela 100 urte desagertu egingo zela zioen askok. Jadanik 100 urte igaro dira eta bizirik dago oraindik, eta gainera telebista, irratia, eskola elebidunak eta abar dauzkagu. Beraz, ni neu baikorra naiz gure hizkuntzari gagozkiola». «Ostadar koloreaniztunaren alde», Egunkaria, 1994-04-05.

 

7. «Nondik hasiko gara?» Horra David Crystalen galdera, eta hona bere erantzuna: «Komunitateak bere buruan eduki behar lukeen konfiantza piztea ez da nolanahiko lana, maizenik ehunka urtetako kultur menderatzearen ondorioa baita hori. Beraz, aurreikuspen goibela dakusagu. Horregatik, eginkizunaren neurri gaitzaz jabetuta, ez da zaila izango jendeak amore ematea. Badakite ez dakitela nahikoa, eta badakite, orobat, baliabideak urri dituztela. Hala, erabakiak atzeratzen hasiko dira azkengabeki, edota zalantzaz beterik ekingo diote eginbeharrari modu sistematikoan jardun ordez. Emaitza azkarrak nahi dituzte, eta halakorik ez baldin badator, atzeraka hasten dira berriro. Egindako aurrelana gutxiesteko joera daukate, nolabaiteko lorpenak ikusten hasteko. Horiek horrela, aldartearen gorabeherak ez dira txikiak: hots, beltzetik oso beltzera doan eskala. Garrantzitsua da, beraz, honako honetaz ohartaraztea: komunitate batzuetan problemak konpondu egin dira eta egindako aurrerapena adierazgarria izan da. Eta ez dira gutxi gainera». La muerte de las lenguas, 2001, 144. or.

 

8. Félix Martí, Paul Ortega, Itziar Idiazabal, Andoni Barreña, Patxi Juaristi, Carne Junyent, Belen Uranga eta Estibaliz Amorrortu: Hizkuntzen mundua. Munduko hizkuntzei buruzko txostena, 2005, EHU.

 

9. «Estatu etnozentrikoa» edo etnokrazian oinarritutako estatu-mota, estatua nazioanitza izan arren: hots, bere jatorrizko nazio-lurraldeaz gaindi beste nazio-lurralde bat edo batzuk konkistatu eta haietan ere bere nazio-identitatearen ezaugarriak (hizkuntza, kultura, historia, lurraldea...) inposatzen dituen estatu-mota.

 

10. Identitate etnolinguistikoaren kontzeptua argitze aldera, hona xehetasun batzuk: «Kategoria etnikoa, modu zabalean edo konplexuan ulertuz, hainbat osagarrirekin eraikitzen da, eta kategoria etnolinguistikoa horietako bat da. Identitate etnolinguistikoa da, hain zuzen ere, talde etniko eta linguistikoen artekoa, eta ukipen egoeretan erlatiboa edo konparaziozkoa da». Maria-Jose Azurmendi, Nekane Larrañaga eta Jokin Apalategi, «Identitate etnolinguistikoa Euskal Autonomi Erkidegoan», Bat soziolinguistika aldizkaria, 67. zenbakia, 2008, 133. or.

 

 

11. «Gizarte demokratikoetan nahitaezkoa da giza multzo homogeneo samarra edukitzea bertako kideak nahikari komun baten ordezkari sentitzeko eta interes orokor batekiko leialak izateko. Laburbilduz, nazio bateko partaide sentitzeko». Salvador Cardús i Ros, «La mentira del multiculturalismo», La Vanguardia, 2010-10-27.

 

12. Zer egin, egindako guztia ere nahikoa ez denean? «Egoeraren paradoxak honako honetara eraman gaitzake: erremediorik gabe hilko zaizkigu hizkuntzak ezer egiten ez badugu, baina zerbait eginda ere hil egingo zaizkigu egungo errealitatearen argitan. Beraz, zer egin?». Nora Dauenhauer, Richard Dauenhauer, Technical, emotional and ideological issues in reroersing language shift: examples from Southeast Alaska, 1998, 78. or.

 

13. Hona hemen lan honetan garatu dudan mezuaren Ildo nagusiarekin kontraesan betean egon litekeen adibide bat: «Aipagarria da, esate baterako, (herri-mintzairari) kontzienteki eustearen adibide gisa, (...) lurralde anglofonoetan eta frankofonoetan hitz egiten diren hizkuntza zeltena (Eskoziako eta Irlandako gaelerak, kornubiera, galesera, bretainiera). Miresgarria da komunitate horiek kanpoko erasoen aurrean agertu duten tinkotasuna eta iraunkortasuna». Askoren artean, Hizkuntzen mundua. Munduko hizkuntzei buruzko txostena, 2005, EHU, 334. or.

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki