Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

ESTATU ETNOZIDAREN KONTRA

Joxe Manuel Odriozola

DIFERENTEA IZATEAREN ESANAHIA

 

Gaur nagusi ditugun ideologien eta diskurtsoen arabera, diferente eta bestelakoa izatea ez dago begi onez ikusia (1). Berdintasunaren (2) kultura eta ideologia sartu zaizkigu harra zur ustelduan sartu ohi den bezain barru eta sakon. Otzan eta esaneko gatzaizkio berdintasunaren onkeriari. Amenka gabiltza hitz totemaren aurrean. Batez ere, jakina, berdintasunaren (3) izenean diskriminazioaren salaketa tartean dagoenean.

Agerikoa denez, berdintasunaren adiera bikoitzari azalpentxo bat zor diogu:

 

A) betor berdintasuna, nola ez bada, berdintasunak eskubide, duintasun eta ahalmenetan mundutar guztiok berdintzen edo parekatzen baldin bagaitu, eta diskriminazio-iturriak gainditzeko balio baldin badu;

B) utikan!, ordea, berdintasuna, berdintasunaren izenean guztiok berdinkeriaren uztarriko bihurtu nahi bagaituzte, eta diferentea eta bestelakoa izatea, hots, hizkuntza eta kultura desberdineko herritar eta mundutar berezi izatea, bereizkeria dela irizten badiote (4).

 

Eskubideen eta ahalmenen berdintasunari bai, pertsonen eta herrien berdinkeriari ez.

Gizakia zer den jakin nahi badugu, gizakiak zer diren jakin beharko genuke, eta gizakiak, guk dakigula, askotarikoak dira. Clifford Geertzek zioen Ilustrazioak (5) ozenki aldarrikatu zuen gizaki guztien berdintasunak gizaki askok desberdin izateko daukaten eskubidea eta askatasuna (6) zapuztu eta ukatu zituela. Alegia, bidezko eskubide eta ahalmenetan berdindu beharrean, herri, hizkuntza eta kultura-identitateetan berdindu egin zituela Ilustrazioaren egitasmo etnozentrikoak (7).

Diogun, orobat, Ilustrazioaren teoriak giza eta kultur aniztasunaren oparotasuna eta aberastasuna ez zituela gizatalde kolektiborn baitan atzeman, gizabanakoaren bakantasun soilduan baizik. Aniztasunaren iturri bakarra gizabanakoa da, ez dago aniztasun kolektiborik:

«Argien filosofiak —dio, bere aldetik, Ives Ternonek— espeziearen barneko batasunean kultur aniztasuna onartu ordez, gizabanakoa azpimarratzen du eta gizaki oro jaiotzez askea eta berdina dela aldarrikatzen. ( ... ) Mende honek —hogeigarrenaz ari da— hainbeste herri suntsitu dituenez, gizatasunaren kontzeptua soiltasun hutsera murriztu du» (8).

Dakigunez, gertakari horiek guztiok ez dira gainera nolanahi gertatu, gizalegearen aginduetara, bortizki baizik. Ez, Aegia, inoren nortasuna behartu eta bortxatu gabe, baizik eta estatu etnozidak berez bereak ez dituen hiztun-nazioak mendean hartuta. Hasieran, feudalismoan, erregetzari zerion erregimen zaharkituaren bidegabekeriak gainditzeko xede zuzenaz. Bere legitimitatea eskuratzeko eta finkatzeko giza eskubideen izenean egin zuen Ilustrazioak oinarrizko giza berdintasunaren aldeko aldarri ozena. Bidenabar, ordea, gizarte-alor batzuetako zuzentasun eta aurrerapen horiek beste batzuetako ukapen suntsigarria ekarri zuten berekin, hartara, bere Estatu sakratuaren mendeko herri-mintzaira eta kultura bereziak asimilatuz. Jatorrizko horri-identitate (9) orok dagokion izaerako izateko daukan eskubidea, nor izateko ahalmena, duintasuna, oinarrizko giza eskubideen arloan bertan suntsitu zituen zorioneko Argien filosofiak (10).

Horrenbestez, gizabanakoen eta gizataldeen arteko diferentziak (11), munduan izateko modu jakin eta bereizgarriak ukatu eta birrindu zituen Ilustrazioaren ikuspegiak. Gizatasunaren bereizgarri eta ezaugarri oro, legezko eta hegemoniazko gizaki-arauetatik aldentzen zen guztia, desbideratze moduan hauteman zuen. Ilustrazioaren doktrina hori ezin hobeto zetorkion nazionalismo jakobinoari. Praxiak bazuen ideologiaren zilegitasuna estatuaren baitako eta mendeko hizkuntza-identitateak ezabatzeko.

Herriak, ordea, zorionez, ez dira berdinak. Dituzten nortasun-ezaugarriak dituzte, giza eboluzioak hartaraturik. Historia propioaren berariazko emaitzak dira. Munduaren aniztasuna kontuan hartuta, giza eskubideen aurkako jokabidea da nazio-identitate hegemonikoaren ezpaleko berdintasuna inposatu nahi izatea. Baina horixe egin du nazio anitzeko estatu etnokratikoak, hots, bere etniaren araberako nazioa eraiki duen estatu-motak. Nonbait, gizatasun unibertsalaren (12) eredua bere izaera nazional sakratuari zegokion ezaugarrietan besterik ez zuen ikusten Mendebaleko filosofia politiko gailenduak (13).

Gizakiaren kontzeptu zurrunari dagozkion ideiak bildu ditugu Ilustrazioari buruzko aurreko lerrootan. Zurruntasun horren gaina eta gailurra, oker ez bagaude, gizakiari buruzko izaera bakunaren ideiak biltzen du bere baitan. Alegia, giza izatearen ezaugarri-muinik oinarrizkoena bere izatearen sinpletasunean datzalako ustekizunak. Murrizkeria itzela, itzelik bada. Giza eta gizarte errealitateen konplexutasun mugagabea kabitu ezin den eskema zurrunaren erakusgarri baita ikuspegi hori.

Giza bizitzaren aniztasuna gizaki unibertsal eta kosmopolita (14) bakunaren eskema zurrunera errendiarazi nahi izan zuen, beraz, Ilustrazioak, eta filosofia horri zegozkion balio-sistema

formal eta legalak neurri-neurrira zetozkion nazio anitzeko estatu etnozentriko jakobinoari. Berdintasun formal eta legalaren mozorroa erabili du mendebaldar estatu modernoak hizkuntza eta kultura-identitateak larrutzeko. Utikan!, tribuen, etnien, herrien eta naziotasunei darizkien bereizgarritasunak oro. Denok berdin-berdinak baikara lege sakratuaren aurrean. Printzipio horrek, liberté, égalité eta fraternité-ren (15) hirutasun santuak, hain zuzen, legitimatuko du ondoren mundu osora hedatuko den estatu etnozentrikoa.

Aldiz, eta zorionez, Roland Breton bezalakoak «gora diferentzia!» aldarrikatuz datozkigu sistema totalitarioen —naziotasunari dagokionez— aurkako borrokan. Bestelakoa eta diferentea izatearen nahiak ez duelako, izan ere, inoren izaera derrigorrez eta besterik gabe gutxietsi behar. Betidanikoa den diferentziaren (16) askotarikotasunari erabateko begirunea zor ornen diogu. Eta burubide horri onuragarria ez ezik, oparoa eta desiragarria dela iritziko dio Bretonek.

Gu bezalakoa ez dena ez da sendatu beharreko gaixo bat, lagundu behar zaion anormal bat; aitzitik, ni ez naizen beste bat da. Diferentea izateko eskubideak elkarren arteko begirunea du eskakizun, batetik, eta nork bere baitan dituen tasunen eta kerien erakusgarri da, bestetik. «Gora diferentzia!» aldarrikatzeak ez baitu, arestian genioen moduan, besteen gainetik jartzeko berezko gibel-asmorik adierazten, besteak mendean hartzeko irrika makurrik. Nork bere buruaren aldeko baietzak ez baitakar, bere horretan, bestearen gutxiespenik (17). Hartara, etnia batekiko identifikazioak ez du inplikatzen berez beste inori ezer erauzi behar dionik, baldin eta, jakina, beste horrek ez baldin badio bidegabeki aldez aurretik berari zegokiona erauzi (18).

Ives Ternonen ustez, bestalde, estatuak begitan hartua daukana ez da berez banakoaren nortasun berezia, gizatalde kolektiboen identitate-izaria baizik. Egin dezagun kontu, adibidez, bi gizatalde dauzkala begitan hartuak nazio anitzez osaturiko estatuaren nazionalismo etnozentrikoak: alde batetik, bere mendeko lurraldean bertan bizi den gizataldea, hizkuntzaz eta kulturaz arrotz (19) zaiona, eta, beste aldetik, kanpoko gizataldea, basati edo barbarotzat jota daukana edo zeukana, hots, beste estatu nazional baten identitate arrotza. Estatu hegemonikoentzat barruko nahiz kanpoko diferentziak etsai izan dira azken mendeotako historian. Historia horretan, barruko diferentziak murrizteko eta desegiteko ahalmena izan du gehienetan estatuaren asimilazio-politikak. Bere neurriko eta indarreko estatuen nazio-identitateak menderatzea, ordea, gaitzago egin zaio, kolonialismoaren kasuetan izan ezik. Azkenean, nolabaiteko bakeak egin dituzte beren arteko norgehiagokan, eta, bitartean, estaturik gabeko hiztun-herriak irentsi ditu kasurik gehienetan etnokrazian oinarritutako estatu motak.

Estatu etnozidaren obsesioak ez du neurririk. Alergia dio berezitasunari, bere ezpaleko eta izaerako ez denari, eta garai bateko «barbaro» elearen ordez orain «terrorista» darabil. Orain «terrorista» da bere batasun nazional sakratua kolokan jarri nahi duena.

Ondorengo adierazpenok dira esandakoaren zurkaizgarri: «Euskaldun batek bi era dauzka Espainian egoteko —diosku Henrike Olasolok—: edo espainiar gisa (eta horrela bada munduko pertsonarik onena izango da: noblea, ausarta, etab.) edo «barbaro» gisa. Zaila da bigarren kasu honetan hitz bat aukeratzea. Niri barbaro hitza gustatzen zait: «ulertzen ez zaiona», ?zibilizazioaren amaiera dakarrena? da. Testuinguru horretan terrorismo hitza sinonimo bat da» (20).

Genioen bezala, berdinkeriaren aldeko totalitarismo nazionalista ez da batez ere gizabanakoaren (21) aurkako asimilazio-politika, besterik gabe; aitzitik, bere mendeko etniak edo rnazioak asimilatzea du xede. Estatu modernoaren ereduak ezin du aniztasunik onartu bere baitan, nazio-aniztasuna bere izaeran txertatzea oximoron bat delako. Nazio anitzeko estatu etnokratikoak gizabanakoaren berezitasunak tolera ditzake; alabaina, inola ere ez, beste nazio baten ezaugarri-tasunak partekatu (22) .

Munduan gertatzen ari den hizkuntzen eta kulturen galera testuinguru horretan kokatzen da. Jakina, herri menderatu guztien erantzun ahalmena ez da antzekoa. Asimilazioaren eta erresistentziaren arteko gatazka-izaera ez baita berbera. Estatu etnozentriko gehienak berdintsuak izanda ere, batzuk belaxkagoak dira asimilazioaren politikan: esaterako, Espainia ahulagoa da Frantzia baino. Orobat, herri batzuetan sendoago eutsi zaio jatorrizko hizkuntzari beste batzuetan baino. Hern bakoitzaren historia nolakoa, halakoxea izan ohi da erresistentziarako ahalmena (23).

 

 

1. Hona Nazio Batuen Erakundean izandako eztabadaida adierazgarri bat: «Ez ditut onartzen zure herriaren eskubide kolektiboak. Ez dut ikusten zu ezberdina zarenik, denok gara berdinak» esaten dio Erresuma Batuko diplomatiko batek Kaigang (Brasil) herriko Azelene indigenari. Indiarrak, orduan, kaingang hizkuntzaz erantzun zion. Itzulpenik ez zen izan eta esandakoa ez zuela ulertu esan zuen britainiarrak. Indigenaren erantzuna berehala etorri zen: «Horregatik naiz ezberdin; nire herriak soilik egiten duelako hizkuntza honetan». «Giza eskubide kolektiboen aldeko aldarrikapena blokeaturik NBEn», Berria, 2004-11-26

 

2. «Berdintasuna bilatzerakoan, munduko gizatalde batzuk hartzen dira eredutzat, eta gainerakoak haien mirabe bihurtu. Eredua mendebaldeak izan behar baldin badu, jakina, gizateriaren zati bat bihurtzen da unibertsala, eta ideal horrek ikaragarri larria den menderatze-sistemaren arazoa estaltzen digu». Eduardo Camacho, La muerte de las lenguas indígenas, 14. or.

 

3. «Berdintasunaren aitzakian, Frantziak uniformetasuna bultzatzen duela salatu du Paul Bilbaok. Horrela, Frantziarentzat frantsesa da herritar guztien hizkuntza eskubideak berma ditzakeen bakarra, zangopilatuz bertze hizkuntzetan mintzatzen diren haurren hizkuntza». Aitor Errenteria, «Behatokia: `Hizkuntza eskubideak sistematikoki urratzen ditu Frantziak»', Berria, 2009-05-15.

 

4. Diferentziatzeko eskubidea eta berdintasunerako eskubidea bi eskubide-mota desberdin dira: «Berdintasun tenninoak gai sozio-ekonomikoetan balio du nolabait, baina kulturalean ez. Diferentea izateko eskubidea agerian dago ikastolen existentziarekin, baina berdintasunerako eskubidea litzateke, ikas garaian dauden haurrak elebidun bilakatzeko bitartekoak ezarriko balira». Thomas Pierre, «Zientzia ez dago euskalduntasunaren alde», Argia, 2010-09-19.

 

5. Ilustrazioari postmodemismotik egindako kritika: «Mendebaldar arrazoiaren izaera absolutua: horra hor, besterk beste, Ilustrazioaren izaera totalitarioaren iturria». Jorge Larraín, ¿América Latina moderna? 2005, 145. or.

 

6. «Gizabanakoaren askatasuna nazio-kultura baten baitako izatearekin hertsiki loturik dago». Will Kymlicka, Ciudadanía multicultural, 1995, 111. or. Euskal poeta baten begietan, berriz, hizkuntzaren eta askatasunaren arleko lotura honela irudikatzen da: «Euskaraz naiz ni bakarrik / euskaraz naiz ni libre, / eta euskaraz bakarrik / nezake mundua maite. / Nire libertatea ezin da / euskara besterik izan». Bitoriano Gandiaga, Euskalminez, 2005, 22. or.

 

7. «Izatez, arrazoiketa ororen atzean ikusi behar dena zera da: kritikarako eta autokritikarako pentsamendurik ezaz gainera, sentikortasun gabezia Rousseauk ulertzen zuen moduan; alegia, geure izaera propioaren ahaztura. Izaera hori ez zuen aintzat hartu Ilustrazioak, Rousseau-ren baitan zegoen moduan». Edgar Morin, Breve historia de la barbarie en Occidente, 2009, 50. or.

 

8. Temon, Yves: El estado criminal, 1995, 69-70. or.

 

9. Identitate etnikoaren izaera, dirudienez, irrazionala da gure inguruko ideologia hegemonikoetan eta, hainbatean, gaitzesgarria ere hai. Etnikotasunak ez ote du, ordea, bere izate-moduko arrazoimenik? Txit jakingarria da auzi honetan ere Klaus Zimmermann-en iritzia: «Identitate etniko-kulturalaren eskubideak aldeztu nahi dituztenei honakoa egotzi izan zaie maiz: alegia, erromantikoak direla, identitate mota hori sentimendu irrazionalari dariola. Baieztapen hori, ordea, onartezina da. Nortasun pertsonala bere baitan biltzen duen identitate etnikoa ez da inola ere arrazoigabeko zerizan bat, baizik eta beste arrazoitasun mota batekoa. Zentzu materialari darion arrazoibidekoa ez izateak ez baitu esan nahi okerra edo zilegia ez denik. Gizarte bizitzan badaude beste balio batzuk, eta hauek ere berezko razionaltasun-irizpideak dituzte». Política del lenguaje y planificación para los pueblos amerindios, 1999, 137-138. or.

 

10. Geertz, Clifford: La interpretación de las culturas, 1973, 57. or.

 

11. «Europar basakeriaren alderdi bat, behintzat, bestea, diferentea, gizalegerik gabekotzat jotzean zetzan, diferentzia hori onetsi eta bestelako izate horretan elkarren arteko ezaupidearen eta giza harremanen garapena atzeman ordez». Edgar Morin, Breve historia de la barbarie en Occidente, 2009, 54. or.

       

12. «Intelektual antikolonialista batzuentzat, Frantz Fanon lekuko, balio unibertsalen kontua herri kolonizatuen gain ezarritako europar kultura zuriaren menderakuntza iraunarazteko mito bat zen». Antoni Reig, «Proceso hacia el multicultaralismo», Tribuna catalana, 2010.

 

13. «Bada hor zehar gizakiaren batasuna aldarrikatzen duenik ere, gizaki ororen izaera komuna eta bakarra dela irizten dionik. Jakina, aldarri hori Mendebaldeko kultura gailenduaren parametroetan egiten baldin bada, iruzur handi batek mehatxatzen gaitu: etnozentrismoak, alegia. Hau da, gizatalde edo etnia boteretsuaren betiko joera zertan den ondo asko dakigu: `gizakiak' gu gara, eta gainerakoak ez dira gure mailakoak. Bestalde, bada zera dioenik ere: kultura oro etnozentrikoa dela izatez, zeren kultura oro bere autobaieztapenaren aldekoa baita». María Elena Riveros E., Religión e identidad en el Pueblo Mapuche, 3. or. Azken puntuari tiraka, gutxieneko etnozentrismoa beharrezkoa omen: «Herri orok du etnozentrismorako joera, eta esan liteke neurri bateko etnozentrismoa nahitaezkoa dela komunitatearen orekarako; izan ere, horrela bere auto-kontzeptua, hots, bere buruaz daukan irudia duindu egiten du». J. J. Esparza, El etnocidio contra los pueblos, 2. or.

 

14. «Kosmopolitismo delako hori, nire iritziz, entelekia soil bat da». Ulises Moulines, Jakin, 2007, 162. zenbakia, 35. or.

 

15. «Nazio-identitatearen arazoa konpondu nahi izan zuen Frantziako Iraultza Garaiko Convention-ek, Abbe Gregoire aipatuaren txostenak eta beste egin ziren eta arras argi zen Frantsesaren identitatea hizkuntza batek egiten zuela, frantsesak, beste guztiak nonbait «kontra-iraultzalariak» deklaratuak zirela (le fanatisme parle basque...). Frantses izaitea zen ere Errepublikako departamentuetan bizitzea eta honen balioen aitortzea, hots Liberté, Egalité, Fraternité hiru ardatzen inguruan, frantses pertsona citoyen bat zen, eskubideak Droits de l'Homme et du Citoyen ageriak finkaturik». Luzien Etxezaharreta, «Identitate Nazionala», Berria, 2009-10-30.

 

16. Hannah Arendt-en pentsaeraren harira, hona Markos Zapiainen gogoeta: «Arendt-ek aholku bat eman die herri txikiei: eustea kosta ahala kosta, diferentzia zaintzen tematzea, `inperio unibertsal bateko hiritarra, super esperanto batean pentsatu eta mintzatuko litzatekeena, munstro bat bailitzateke»'. «Arte politikoa», Berria, 2006-10-14.

 

17. «Diferente» izatearen onurak filosofo baten begietan: «Gure bizitza interesgarria egiten duena hain zuzen ere gure artean interes,lehentasun eta ikuspegi diferenteak edukitzea da. On da eta mesedegarri maitatzeko jende diferentea aurkitu ahal izatea, dudarik gabe, edota kultura eta jarduera diferenteak egoteak egiten du giza bizitza liluragarri». Robert C. Solomon, El pequeño libro de filosofía, 2009, 58. or. Perun, adibidez, hezkuntza-eragile elebakarren aldetik sortzen da bestelakoa, diferentea, izatearekiko eraman ezina: «Jatorrizko kultur adierazpenak beren berezko logika eta arrazionaltasunean atzeman ezinak, ondorioz, iseka, kritika eta mespretxua eragiten du hizkuntza-eragile elebakarren aldetik, hirietan bizi diren elebakar hispanoen aldetik». Taipe Campos, «La educación en castellano en poblaciones quechuas en los Andes peruanos», Revista Iberoamericana de Educación, 1988, 16. or.

 

18. Breton, Roland: Les ethnies, 1992, 114-115. or.

 

19. Euskal Herriko Laborantza Ganbera-ren aurkako epaiketan fiskalak esandako salaketa-hitzak: «Atzerriko hizkuntza batean ezkutatzea bere helburuak erdiesteko». «El amplio respaldo social a Laborantza Ganbera deja el juicio visto para sentencia», Gara, 2010-02-19.

 

20. Henrike Olasolo, «Euskal Herria nahiko herri birtuala da», Argia, 2010-01-17.

 

21. Bide batez, zergatik ez argitu identitatearen auziak dituen mailak edo geruzak? Identitate-ezaugarriak maila indibidualean hautemateko dagoen joera modernoaz ari gara: «Orain hitzetik hortzera aditzen dugu nazio eta etnia-identitatean izaera `situazionala'. Baita mundu modemoan `askotariko identitateak' izateko aukera ere. Ikuspuntu horren arabera (hain modan dagoen ikuspuntua), tolde-afiliazioaren multzo jakin batekin identifikatzen gara: hala nola, familia, genero-kategoria, eskualdea, langile-taldea, alderdia, erlijioa eta etnia, eta, egoeren eta aldarteen arabera, identitate batetik bestera joan-etorrian gabiltza, modu erraz eta aisean. Hartara, aldi eta alde berean izan gintezke emazte edo senar, kristau edo musulman, esku-langile edo profesional, eskualde etniko bateko nahiz besteko, gure argudioari esker izan gintezke talle horietako bateko edo besteko, hainbat xedetarako. Gisa horretan, gutako bakoitzak astotariko identitateak ditu: hasi familiaren bihotzetik eta gizateriaren zirkulurik zabalduenera irits daiteke gutako bakoitzaren identitatea. Are gehiago, gizarte libre batean identitate hauetako zenbait, azken buruan, izatez sinbolikoak eta hautazkoak baizik ez lira. Baina, jakina, identitate kolektiboen auzia horrela planteatzea, gizabanakoaren eta subjektuaren ikuspegitik behatzea da. (...) Komunitateak eta tolde-identitateak banakako kidez osaturik egonda ere, errealitate horiek ezin ditugu elementuen ezaugarri-batuketa soil-hutsera murriztu eta mugatu. Nazio-identitatearen dimentsioa askoz ere handiago da, partekatzen ditugun balio eta arauak, oroitzapen eta mitoak, gogoan hartzen baldin baditugu behintzat». Anthony D. Smith, Nacionalismo, 2001, 33-34. or.

 

22. Ternon, Yves: El estado criminal, 1995, 75-76. or.

 

23. «Harrigarria da baldintza horietan, gaur egun, euskaltasunak irautea. Herri xumeak mendeetako zapalkuntzari eutsi dio, Euskal Herriaren nortasun nazionalaren adierazpen gorena guztiona eta guztiontzat dela sentitu duelako». Inazio Agirre, «Nafarroaren euskaltasuna berrezartzea», Berria, 2009-10-06.

 

 

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki