Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

NIRE TESOROA

Roman Garmendia

1.- PSIKOLOGIA ARISTOTELIKOAREN ESTUDIOA

 

  1-a.- Halako lore ezinago ederra hazteko behar zen lurra ikertuko dut. Sokrates, Platon, Aristoteles. Zer zuten filosofo hauek besteek eduki ez dutena? Zergatik daude filosofiaren mendiburuan? Piska bat deskribatzen badugu zer nolako zirkunstantzietan burutu zuten euren lana gauza batez ohartuko gara: Sokrates plaza publikoan jendearekin ibiltzen zen berbetan, eta gero ikasleak egin zituen eta Platon ere zegoen bere ikasleen artean. Taldean ibiltzen ziren egiaren bila, lagunen taldean, Platonek hain maisuki deskribatzen duen moduan bere dialogoetan. Esaten da Platon bera ere bazela oso pitagorikoa eta Pitagorasek garrantzi handia ematen zion adiskidetasunari. Hor dago, nire iritziz, filosofo handi hauen sekretua, zeinak argitzen baitu zergatik diren sanoenak eta baita egiazkoenak ere, batez ere Aristoteles. Eta lagun artean asmatu zen pentsaketa zientifiko, egiazko, ororen propedeutika: logikaren artea deritzana. Pertsona bakar batek ezin du hain maisukiro gezurrezko argumentubideak errefutatzeko moduak ikertu, hori soilik talde lanean ikasten da, eta hori zen Akademian lehen, eta gero Liceoan, egiten zena. Aristotelesen obra logikoa irakurtzea besterik ez dago ohartzeko talde lan baten ondorioa dela, eta ez pertsona bakar baten asmakuntza. Eta helburua egiaren bilatzea, ongi finkatutako helburu argia.

 

  1-b.- Beraz Atenasen figura nagusien inguruan filosofoen eztabaidak modan jarri ziren, adiskideen arteko eztabaidak, egiaren bilatzea zelarik helburua. Taldelana, hitz batean. Eta ez bakarlari lana. Nik horregatik ez ditut bakarlariak gaitzesten, badaiteke filosofo onak atera halako egoeretan, baina kasu klinikoak ere halako egoeretan gertatzen direla garbi dago, eta kasu kliniko izatera iristen ez badira, behintzat, ikertuz haien filosofiak, oso emaitza pobreak aurkituko ditugu konparatuz filosofian izan den loratzerik zoragarrienarekin Greziako Atenas klasikoan. Eta horrek ez du Atenasekoa gaindiezina egiten. Ondo uler bekit. Nik azpimarratu nahi dut adiskidetasunaren garrantzia lehen filosofoen artean, argi dudalarik taldelanean hazten direla lorerik ederrenak ezagutzan. Bistan dago. Patologia kognitiborik behintzat ez dugu aurkitzen Atenasko zirkulu eredugarri haietan, zein Aristoteles bezain arrazoizko? Lagunek elkar osatu egiten baitute dialogoetan, eztabaidetan, errefutatzeetan eta hola, konpainia onaren modukorik ez baitago buruko patologiak uxatzeko, gure kasuan, patologia kognitiboak batez ere. Ezagutzari dagozkion patologiak. Argiago ezin egon daiteke.

 

  1-c.- Dugun aztertu kasu kliniko bat: Kierkegaard. Filosofo honengatik esaten da ezen behin maitemindu egin zela eta beste hiri batera ihes egin zuela. Nola baina daiteke erreakzio hori? Agian berak idatzitako eleberri bakarrean dago gakoa: Seduktore baten memoriak. Nobela horretan protagonistak tratua egiten du neska gazte baten amarekin neska harekin ezkontzeko, eta tipoa korkobatua, zatarra eta tuberkulosoa da, baina baita «joyero» ere, eta neska gaixotzen hasten da, gaixotzen eta gaixotzen, eta azkenik tipoak bertan behera uzten du ezkon tratua. Autoirudi kasua izan daiteke, oso autoirudi prekarioa, bistan dena. Kasu klinikoa. Gero hor ditugu autore honen titulu batzuk: El concepto de la angustia (estuasunaren kontzeptua), Temor y temblor (beldurra eta ikara), eta holako.

 

  1-d.- Talde literariorik egin ez zuen beste autore bat Edgar Allan Poe dugu. Beharbada Estatu Batuetako poeta nazionala, ilunpeak eta izua kantatzen zuena, eta bere produkzioaren artean nabarmentzen ahal da bat, poema bat, zeinari baitzaio izena The raven, hau da, bela, eta belak gau ilun batean leiho hegian jartzen zaio poeta atormentatuari eta honela diotso: never more, never more, never more. Hau da, sekula ez gehiago. Benetan mezu etsigarria etsigarririk badago. New Jorkeko kale bazter batean aurkitu zuten hilda, mozkor baten ondorioz dirudienez, oraindik berrogei urte beteak ez zituenean.

 

  1-e.- Beste kasu kliniko bat Arthur Rimbaud-ena dugu. Poeta paristar honek klasiko grekoak, Iliada denen buru, ardangela batean irakurri zituen, Paris iraultzaileko ardangela batean, eta poema gogoangarri batzuk idatzi ostean denari lagata Etiopiara alde egin zuen arma trafikoan dedikatzera, eta bertan gazterik hil egin zen. Oso iradokigarria da, bai, haren koadro klinikoa, haren historia klinikoa.

 

  1-f.- Beste kasu bat Nietsche-rena dugu zeinak pasatu baitzituen bere urterik hoberenak bakarrik Italiako ostatu hotzetan, azkenik zeharo gaixotu zen arte, eta honen filosofia bere espiritu dekandenteari kontra egindago ahalegin bezala ere konprenitzen ahal da. Bakardadean garatutako errorez betetako ezagutza sistema, zeren betiereko itzulerarena ez baita eusten zutik kontuan hartzen badugu evoluzioa infinitua izan daitekeela, eta infinituak, pitagorikoek bazioten, euren dialogoetan ondorioztatua duda barik, infinituak inperfekzio bat du, hots, edozein dela hartzen dugun zenbakia beti dago zenbaki handiagorik, beraz konparazioa evoluzioaren teoriara ekarria bada, ikusten dugu zirkularitatea ez dela, inondik inora, historiaren ezaugarria, beti baitago zirkularitatea apurtzen duen evoluzio posiblerik.

 

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki