Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

TWIST

Harkaitz Cano

  Zerk eraman zuen Fontecha harreman hura hastera -Fontechak hasi ote zuen, egiaz? Ez ote zuen Belenek hasi?— hori ez zen erraza azaltzen.

  Elkarrekin pasatu zituzten orduek eta lan egun luzeek, etxetik kanpo hotel berean eta gela bereizietan konpartitu zituzten gauek, baina agian eta bereziki, ordu luze eta aspergarri, neutro eta zaporerik gabeko horien artean harreman fisiko eta sentimentalera lerratzeko inolako aurre asmorik gabe gauzatu ziren zenbait une intimok, lan harremana mundu pertsonalera hurbildu zutenak, ustekabean. Bere buruari kontatzen zion errelato horietako bat ?ziurrenik faltsua izango zena, honenbestez?, The New York Times egunkariko berriemaile bereziak egin zion elkarrizketarena zen. Elkarrizketa luzea egin zion, gero bere iritzietatik bizpahiru lerro baino erabili ez zituen arren erreportajea osatzeko, eta Belenek egin zizkion itzultzaile lanak. Itzuli bakarrik ez, interpreteek egin ohi duten legez, belarrira xuxurlatu zizkion kazetariaren galdera luze eta mamitsuak, sofan bere ondoan jarrita. Gertutasun hark, neskaren izterra bere izterraren kontra, neskaren ezpainak bere belarrietatik hain gertu, haren ahots xuxurlaria leun-leun hizketan zuela, bereziki xarmatu zuen. Fontechari otu zitzaion orduak eta orduak igaro zitzakeela hantxe geldirik, zaldiei xuxurlatzen omen dieten horien antzera, bera zaldi bilakaturik eta Belen xuxurlatzaile. Kitzikagarria zitzaion hain gertu sentitzea, petalo zurien perfumea, aurpegian emandako ukendu freskagarrien lurrina. Urduri zegoen elkarrizketa haren atarian, ezustekoa izan zen beretzat Belen bere ondoan hain gertu eseri izana, izter eta gerriaz gain sorbaldak ere elkarri ukitzea hain nabarmen. Galderak azaldu ahala eskuak mugitzen zituenean neskaren hatzei erreparatzen zien tarteka, denbora guztian begiradari ez eusteagatik ?horrek areago urduritzen zuen Fontecha?, atentzioa mantentzen zuela adierazi nahi zion, galdera ulertzen zuela, bai, baina Fontechak esku haiei heldu nahi zien, laztandu egin nahi zituen, kutsatu egin nahi zuen azal leun, azal ehun harekin. Oso profesionala dena, profesionala soilik eta profesionala baino ez, itzulpen kontsekutibo ariketa inpertsonala, politikaz baino ez ziren aritu, euskal gizarteaz, euskal nazionalisten grinaz eta Fontecharen grina horrekiko ikuspegi kritikoaz, eta hala ere, berriemaile berezi amerikarraren galderak sekula ez amaitzea desio zuen Fontechak: «Egin ditzala galdera luzeak, Belenen itzulpena entzuten segitu nahi dut belarri ertzean».

  Hallean elkarrizketa egin ostean hoteleko gelan hitz egingo zuten horri buruz, nola Fontecha aztoratu egin zen Belenek galderak itzultzen zizkion bitartean belarrietako iletxoak ere ikusiko zizkiola pentsatze hutsarekin, nola Belenek ere bazuen halako izu bat, bere hatsa desatsegin suertatuko ote zitzaion Fontechari, «belarriek ere usaintzeko ahalmena balute bezala»... Eta hoteletako enkontruen ondoren Belenen etxea ezagutzea etorri zen, pauso handiegia, bertigoa ematen duen horietakoa; garajetik sartu ziren, inork ikusiko zituen beldur, oso berandu, baina ez zituen inork ikusi eta salbu sentitu ziren elkarren besoetan. Eta haren etxea, etxe soila, domestikoa oso, hunkigarri izateraino apala, ikasle izateari utzi berri dion eta oraindik diseinuaren atzaparretan erortzeko adina diru ez duenarena, ?ez ziren uste bezain eskuzabalak izango alderdian komunikazio arlokoen soldatarekin?; Ikeako altzariak eta katiluak, zuzenbide ekonomikoarekin zerikusirik ez, gehiago zen han Belen arrunta eta benetakoa, janzten zituen gauzen neurrikoa, ganbara itxurako txapitula, apur bat bohemioa ere bai, zergatik ez esan, eta zein ederra haren lotsa eta kezka Fontecharentzat leku hura gutxitxo izango ote zen behin eta berriro errepikatuz, «etxe oso normala daukat», zenbat aldiz errepikatu ote zion desenkusa hura, jakin gabe ziur aski, Fontecha bere etxean baino are etxekoago sentituko zela han, ahaztuak zituen bere ikasle garaiko oroitzapen intermitenteak piztuko zizkiola, gaztetu egingo zuela etxeak berak Belenen azal ehunak eta azal leunak adina, hunkitu egingo zuela Belen bere gainean zangalatrau ikusteak, zakilari heltzen eta zakilari hura Belenena balitz bezala eraginez, trabesti ezinezko bilakaturik neska bere begien aurrean, «urteak ziren inork ez ninduela masturbatzen».

  Eta gero, maitale noizbehinkakoak noizbehinkako izaten jarrai dezaten nahi denean sekula egin behar ez litzatekeen zerbait: amorantearen bizitza domestikoa ezagutzearen arriskua, larrutarako denbora gehiago uzten duten otordu errazak elkarrekin prestatzea, Belenek flaskoak eta kremailerak nola ireki eta ixten dituen, elkarri belarrira gauzak ahapeka esanez, The New York Timeseko berriemaile bereziak du errua, belarrira itzulitako hitzek.

  Arrisku hori bizi eta arrisku horretan erori. Amiltzeko arriskua, eta berriro ere amiltzeko aukera izango duzula jakitea.

  Rodrigo Mesak Cartagenan Soto eta Zeberioren hezurrak identifikatu dituztela irakurri duenean Vargasi deitu dio berehala. Honek ez dio, ordea, telefonorik hartu. Fontecharekin saiatu da, orduan, ezinegonak jota.

  Fontechak entzun nahi zukeen azken ahotsa da Rodrigo Mesarena.

  — Irakurri duzu egunkaria?

  «Zakurrak ere ekartzen dituzte batzuetan».

  «Zakurrak?».

  «Bai, entrenatzeko».

  «Ba hemendik aurrera ez ditzatela ekarri. Akabo zakurrak, akabo motoak, eta akabo tenis partidak denboraldi batez. Garbi dago?».

  — Rodrigo...

  — Irakurri duzu egunkaria? ?entzun du berriro.

  Javier Fontechak ez du egunkaria destolesteko premiarik bertan zer dioen jakiteko, nahiz eta albistea irakurriko duen berehala, diagonalean, dena dakienak bezala, jada bere buruan idatzita dagoen albistearen aldagarria mentalki idatzitakotik zenbateraino urruntzen den ikusteko, eta bereziki eta garrantzitsuena, bere izen-deiturak agertzen ote diren edo ez ziurtatzeko.

  Ez dira agertzen, baina halakoxe aurreikusezinak dira-eta burubideak, Javier Fontecha ez da horregatik lasaiago geratu.

  — Abokatu on bat nahi dut ?bota dio Rodrigo Mesak mehatxagarri?, ez aurrekoan jarri zenidaten txorimaloa.

  — Telefonoz ez, Rodrigo...

  — Non geratuko gara orduan?

  Fontecha etxera heldu bezain pronto jabetu zen Patricia haren zurbiltasunaz.

  — Zerbait gertatu da, Javier?

  Su-etena apurtu zenetik hona atentzio gehiago jartzen zion Patriciak senarrari, haren sarrera-irteerei, ustekabeei, irratiari. Erlojuari arreta jartzen zion beti inguruan irrati edo telebista bat zegoenetan, eta orduak puntuan zirenean piztu egiten zuen beti irratia, albistegiaren lehen minutua entzun eta ez bere senarra ez beste inor ez zutela hil ziurtatzeko: tsunamia Malaysian, lurrikara Haitin, lan hitzarmena kolokan, hegazti gripea Asia latz kolpatzen. «Ongi, sentitzen dut, baina lasaitasunez hasperen egitea da gorputzak eskatzen didana». Halaxe da: murritza da axola diguten katastrofeen diametroa, eta urteekin gero eta murritzagoa. «Gaur ere ez dute Javier hil», edo, gehienera jota «egun bat gehiago atentaturik gabe», bururatuko zitzaion, eta bihotza —berak hainbeste ezagutzen zuen bihotz hura, bere balbulekin eta bere iskemiekin eta bere elektro menditsuekin— bere onera etorriko zen berriz, patrikako telefonoak bonba-erloju izateari utziko zion, eramailearen eskuetan leher zorian zen esku-granada izateari utziko zion bere patrikan, mezulariaren tresna arrunt bilakatzeko berriz: mezu friboloak jaso eta bidaltzeko tresna alaia. Gaizki pasatzen zuen Javierren zain, senarrak ekitaldi publikoak zituenetan, bereziki, nahiz eta bazekien halakoak izan ohi zirela seguruenak, goizean goiz autoan akabatzen —«jainkoarren, zer hitz da hori?»— zituztela haietarik gehienak, gutxien uste zutenean, akats ttipi batek edo segurtasun neurrietan egindako lasaiune minimo batek eraginik, bizkartzain eta guzti, autoaren pean lapa-bonba bat jarrita, «arratoiak bezala», eta ez zela aukera handirik geratzen, geratzen zena haien bihotza izaten zela, porrokatua, eta ez zegoela hari txinparta batekin berriro ere martxa ematerik, ez zegoela zerri balbula ez aleazio bereziko metalik haiek berpiztuko zituenik. Patricia ohituta zegoen odola ikustera bere lanean: transfusioak, oharkabean irteten zen borborra, ebakuntza zailenen ondoren zakarretan amaitzen zuten latexezko eskularruak, maskarak eta mantalak, oso lantzean behin kirofanoan geratzen zitzaien gaixoren bat, maskara hieratiko berpiztu ezinezkoak, atzematen zailak ziren aneurismak, ez zen beti miraria posible. Bere lanaren parte zen hura, usain batzuk, irudi batzuk eta keinu batzuk, zehatzak eta zuzenak, errepikatzearen errepikatzez aski mekanizatuak. Azken urteotako teknologiaren aurrerapen itzelek keinu eta jarduera berriak etengabe ikastera derrigortu zuten ?etxeko bibliotekan Javierren gustuko nobela saldoaren ondoan apalak leporaino betetzen zituzten kirurgia-manual mardulak horren lekuko, AEBetako eta Australiako ikertzaileen artikuluak?, baina odola beti zen odola, eta ohiturik zegoen, bisturiaren marrazki zehatzera, mozketa kalkulatura, bular-hezurrak hatz puntekin ukitzera. Besterik izango zen espaloiaren erdian odolusturik topatuko zuena bere senarra izatera. Javierri sekula ez aitortu arren, askotan pentsatzen zuen horretan, senarrak azken muxua eman eta etxea uzten zuenean. Ordutegiak eta bizitzaren eguneroko martxa aldatu zitzaizkien, eskerrak seme-alabak jada unibertsitatean edo ezkonduta zituzten bederen ?nork bereak, aurreko ezkontideekin izandakoak, beste bizitza batean?. Garaiz guraso izanaren azertua aitortu behar zioten elkarri, desmartxa hark haiei biei eragiten zien, eta ez seme-alabei. Gaitz erdi. Baina gaitz handi baten erdia, edonola ere.

  — Zerbait gertatu da, Javier?

  Norbait maitatzea harengandik egin ditugun norabidearen jirak eta bizi-koordenaden aldaketak sekula ez hari leporatzea da, zenbat aldiz zapuzten ditu harremanak erreprotxe-festa horrek: «Zugatik ez balitz, niri berdin zait, baina zu, ez al zara konturatzen zu ez bazeunde nik, zugatik esan nion ezetz, zugatik ez naiz joan, zugatik eta umeengatik uko egin diot, ez al zara jabetzen?»; «Norbait maitatzea, Javier», pentsatzen du Patriciak askotan, «da ez aitortzea sekula lehen hain gustuko zenuen lan-osteko solasari uko egin diozula, kolegekin txutxu-mutxu klinikoen errepasoa egiteari uko egin diozula da maitasuna, Poliklinikako neurologoekin eta kirurgia estetikoko arduradunarekin hartzen zenuen arratsalderoko garagardoari uko, zergatik eta, autora zazpiak jo aurretik iristeko eta ez zazpiak eta laurdenetan, zazpiak puntuan irratiko albisteak entzun nahi dituzulako, auto erosi berrian eserita, tapizeriaren larru usainak inguraturik. Eta federik izan gabe otoitz egitea ere bada maitasuna, patrikako telefonoari orakuluari bezala begiratzen diozun bitartean, albisteetan ez dezaten zeure senarraren izenik esan».

  — Zerbait gertatu da, Javier?

  «Maite dut, maite nuen eta ohitu egin nintzen harekin bizitzera, gero ohiturak pisua irabazi zuen eta maitasunak galdu, baina ohitura bat ezin maita daiteke, ala?». Hainbeste literatura, hainbeste fikzio, hainbeste psikoanalisi merke egin da ekuazio sinple horren lepotik: ohitura eta hormonak nola lotu, arrazoia eta pasioa nola uztartu norbere burua suntsitu gabe, zertan gauzatu norbere barruan gertatu eta galtzen diren batailak, eta kokots-gora eta duin segitu kalean barrena oinez, duela zenbait urte geure buruaren baitan erridikulu joko genituzkeen itxura eta jarrerekin.

  — Zerbait gertatu da, Javier?

  Ohiturak eman dio hori, ohiturak eman dio Javierren aurpegia bere esku ahurra bailitzan irakurtzeko gaitasuna, gertatzen da urteekin, hori bakarrik estimatzen diogu denboraren igaroari, une batetik aurrera ezagutzen ditugun jende-modu eta aurpegiera guztiak lehendik ikusiak ditugula beste non edo non, beste norbaiten aurpegian. «Ezer ez zaigu berri eta ezer berri ez izatea lasaigarri da une batetik aurrera», pentsatzen du Patriciak, «eta horregatik dakit nik senarraren zurbilak zerbait esan nahi duela, eta axola zait zer esan nahi duen, bizirik dagoelako hemen eta nirekin, eta gaur goizean eman didan muxua, orduan ez nekien baina orain bai, ez delako azkena izan».

  Ezetz esan dio Javierrek, ez dagoela zertaz kezkaturik, baina Patriciak badaki ez dela egia eta aurki emango duela Javier Fontechak amore.

  — Zerbait kontatu behar dizut, Patricia.

 

  — Sei puntu eman behar izan dizkiogu, baina zure emaztea ondo dago.

  — Mila esker, tira... Ez da nire emaztea, lankideak gara.

  Bere miopiarako aski graduatuak ez ziruditen betaurreko zikinen gainetik begiratu zion medikuak.

  — Nola egin du zauria?

  «Basa ari ginen larrutan, entzun izan bazenitu bere oihuak. Hogei urte gaztetzen nau eme honek».

  — Laprast egin eta atzerantz erori da, gau-mahaitxoa jo du...

  Orduan jabetu zen ez zuela Belenekin bertsio bateratua adostu. Ez zekiela Belenek zer esan ote zion medikuari. Izu-laborriak erasan zion. Odol-jarioa handia zen, kokotean izotza jarri eta korrika etorri dira larrialdietara, beste ezertan pentsatu gabe.

  Medikua isilik geratu zen, zerbait idatzi zuen eskuetan zuen libretan.

  — Horrelakoetan... txosten bat egin behar izaten dugu, jakinaren gainean egongo zara.

  «Jakinaren gainean egongo zara».

  Ahotsak sobera dar-dar ez egiteko saiakera dagi Javier Fontechak.

  — Ulertzen dut.

  Gutxi uste zuen Fontechak parlamentuan genero indarkeriaren kontrako legea aurrera atera zutenean inoiz modu hartan eragingo zionik berari.

  — Bisita dezakezu nahi baduzu, lasaigarriak eman dizkiogu. Ez dirudi odolbildurik duenik, baina gaua hemen pasatzea izango da onena.

  Errudun sentitzen zen Belen gajoa, bere etxeko gau-mahaitxoaren ertz zorrotza berak diseinatu balu bezain errudun.

  — Ondo al zaude?

  — Azala tenk sentitzen dut, baina ez da mingarria. Ile mataza bat moztu behar izan didate hobeto josteko. Nik... ez dakit zer esan, Javi. Asko sentitzen dut...

  Katagorri izutuaren aurpegi hura. Gozo saiatu nahi du, baina arduratuegi dago Fontecha.

  — Esan... Galdetu dizute medikuek nola egin duzun?

  — Egia esan diet... Tira, egia... garbitzen ari nintzela eta buruarekin jo dudala armairua...

  — Armairua esan diezu?

  Argizariaren koloreko jarri zen derrepente Belen. Bere ordura arteko kezka ez zihoan hortik. Bat-batean jabetu zen ez zela txantxetako kontua, huskeria hartatik eratorritako kaltea uste baino handiagoa izan zitekeela Fontecharentzat.

  — Zuri ere galdetu dizute? Zer esan diezu?

  Fontechak mentalki alderatu ditu Belenen gertaeren bertsioa eta berak emandakoa, ziztu bizian: «laprast egin eta atzerantz erori da»; «garbitzen ari nintzen eta buruarekin jo dut...», ez ziren gauza bera, baina osagarriak izan zitezkeen. Gau-mahaitxoa esan zuen batak, ordea, armairua, besteak.

  — Ez kezkatu horregatik.

  — Zertan ari ginen pentsatzen, Javi? Ez zenidan ospitale barruraino lagundu behar... Honek arazorik ekartzen badizu, ez diot sekula nire buruari barkatuko.

  — Hartu atseden orain eta zaindu zauria, ahaztu beste guztia.

  Javier Fontechak ez daki nola egin Belen agurtzeko. Muxu emango lioke ezpainetan, baina erizainak dituzte inguruan. Noiznahi sar daiteke medikua ere. Eskua estutu dio, hatz lodiaz laztandu dizkio hatz guztiak. Indarrean helduz erantzun dio Belenek.

  — Bihar goizean bidaliko zaituzte etxera, ez da ezer izan.

  Belenek Fontecharen eskua darama ezpainetara.

  — Maite zaitut, Javi. Orain zoaz etxera gauzak gehiago konplikatu baino lehen.

  «Maite zaitut, zoaz etxera»: maitaleak hitz egin zuen lehenbizi, idazkariak gero.

  Kopetan eman zion azken muxua Fontechak, eta gezi batek bezala zulatu zion gogoa bi ordu lehenago besarkatu zuen emakumezko haren gorputz biluziaren akorduak, oheko jardun basatiak, besoetan hartu eta emakumezkoaren bularrak dilindan ikusteko bere gogo demasagatik nola jirarazi zuen Belen bere gainean zamalka zedin, buztana haren barrutik atera ere gabe behin eta berriro posturaz aldatuz, eta nola orgasmoaren azken astinaldietan Belenek atzerantz egin zuen buruarekin, bonbilla bakarreko mahai-lanpara piztuta zuen gau-mahaitxoaren ertzarekin buruan nahigabe kolpea hartu aurretik. Izutu egin zen Fontecha. Konortea galdu zuen Belenek une batez.

  Ospitaleko igogailua hartu eta kalerantz abiatu zen Javier Fontecha. Denek ezagutzen zutela eta denek begiratzen ziotela sentitzen zuen. Ez luke zertan: herritar arrunt bat baino ez da, berari ere gertatzen zaizkio ezbeharrak. Paranoia hutsa besterik ez zen beharbada, bera lako politikaria eskoltarik gabe ibiltzeak harritzen zuen jendea agian. «Laprast egin eta atzerantz erori da», «garbitzen ari nintzen eta buruarekin jo dut...». Erruduntasunaz haratago, ospitalera egindako bisita hark bere karrera politikoan eraginik izan ote dezakeen ari da neurtzen. Ezezkoan dago, baina biziki narritagarria zaio dena kontrolatuta daukazunean, justu orduantxe, gauzek okertzeko duten joera. Eskerrak Fontecha ez zuen inork ikusi Belenen etxera sartzen eta bertatik irteten, eskerrak garajetik zuzenean igo zen igogailuan.

 

  Eta, hala ere, inoiz ez zeneukan ziurtasun osoa.

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki