Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

ENTSEGU LITERARIOAREN BIDEAN

Fito Rodriguez

SAIAKERAK IDAZTEKO BIDEAK

 

  Danile Pennacen entsegu batek literatura lantzeko ibilbide proposamenak egin bazizkigun ere171, arazoa ez dago oraindik ebatzia. Hala eta guztiz ere, balizko arazo hori argitzen joateko bahintzat, egoki deritzot hastapenetik bertatik terminologia arloko funtsezko bereizketa bat aipatzeari, hau da, egon, badaude, irakasteko jakintzak eta irakats daitezkeen jakintzak172eta, pentsa daitekeenaren aurka, praktikan bi jakintza mota horiek (berez, ezberdinak...) batera doaz.  Ikasketa-prozesuan, batak besteari, elkarri, eragiten diela, nolabait esatearren. Beraz, literatura, jakintza gisa, irakasten den neurrian, irakasten ari denaren bidez ari da birmoldatzen hura irakasteko erabili ohi den didaktika egokitzen doan hein berean. Nire aspaldiko doktorego tesian, asmoz behintzat, horixe bera frogatu nahi izan nuen, eskolatze-prozesuaren bitartez ekoizten hasi zen bertsogintza aldatuz joan zela eta, halaber, bertsolaritza eskolaratzeak hizkuntzaren didaktika-eskolan (ahozkotasuna, batik bat), eraldaketa handia pairatu izan duela. Horregatik, agian, idazle askok idazten irakastea ezinezkoa dela uste izan dute (Stendhal gogora dezagun...), beren ?jakintza gorde nahian edo...? baina, adibidez, gurean ere bertsolaritza eskolaratzea ezinezkoa zela uste zutenen iritzia honezkero zeinen gaindituta dagoen ikusita, literaturaren didaktikak ere zeinen ibilbide luzea egiteke duen begi-bistan jarriko zaigu. Hurrengo lerrootan, bada, eta bide horretatik joan ahal izateko hain zuzen ere, idazkera literarioa eta, zehatzago, saiakeragintza, eskolan sakontzeko, aholku batzuk ematen ahaleginduko naiz.

 

Metodoaren hastapena:

 

  Ikasketa honek, gainerakoek bezala bestalde, denbora eskatzen du, baina, norakoa errakuntzaz errakuntza emandako bidea izan beharrean, literaturaren didaktikaren arabera eratua izatea nahi izanez gero, behinik behin, honako hastapenetan oinarritu beharko luke:

    - alde batetik, arlo horretan metatutako ikuspegi orokorraz jabetzea,

eta bestetik,

    - aipatutako ikuspegien araberako praktikak abian jartzea.

  Lehenengo hastapenari dagokionez, literaturaz aritzeak (irakurtzea, idaztea eta irakurria izatea) haren aldeko gogoa azpimarratzera behartzen gaitu. Hau da, inola ere ez, eskoletako beste hizkuntz jardunbideetan izaten den modura, idazterakoan egindako akatsak nabarmentzera eta zuzentzera, idatzitakoa bere hartan (ortografiako hankasartze eta guzti...) abiapuntutzat hartzera baizik173.

  Bigarrenari buruz, berriz, idazle-ibilbidea egiten laguntzeko, hasi berri izatetik harago joateko, eman beharreko urratsak zer-nolakoak diren azaltzen saiatuko naiz, baina ahaztu gabe, lan horri emandako denboraz gain, norbera idazle bihurtzen delarik, ezaguerak eta esperientziak bat egiten dutela. Izan ere, ikasi denak soilik, behar adina gaitasun izan ezean, ez duela balio praktikara eramateko. Beraz, horrek guztiak literaturaren ikaskuntzan sakontzeko bidea bakarrik eman dezake baina inola ere ez, jakina, zeregin horretan arrakasta eskuratzeko ziurtasunik eman, zeren eta azken hori berma-ezina baita. Dena dela, badakigu idaztea, beste edozeren gainetik, aldez aurretik norberak bere buruari planteaturiko galderei erantzunak eskaintzea dela174, horretan ekoitzitako erantzun bakoitza, idazteko lanabes berri bihurtzen delako idazlearentzat. 

  Halere, ildo horretatik ibiltzen hasiz gero, badaude, egon, maiz errepikatzen diren ohiko egoerak, adibidez, nondik hasi ez jakitea, edo norberaren balioa estimu gutxian izatea, edo arazo jakin bati heldu nahi izatea eta zeharo beste bati buruz aritzea edota, idatzi ondorengo irakurketan aurretik adierazitakoaz lotsatzea, edo ideiak eduki bai baina inoiz ez idaztea, edota, azkenik eta arruntena, idazteko behar bezalako metodologiaren jabe ez izatea. Esan bezala, azken horixe litzateke zabalduena, konpontzen errazena eta, litekeena, aurreko gaitz guztien sendabidea. Horri zuzenduak dira hurrengo lerroak, hain justu...

  Literaturan, eta are gehiago saiakeragintzan, aritzeko errezeta magikorik ez badago ere, behar bezalako metodologiaren erabilerak lagunduko digu denbora alferrik ez galtzen eta, horren ondorioz, idazkera literarioak berezkoa duen nahia eta ezina arinduko digu.

  Baina, hots, hitz egitea eta idaztea gauza bera ez direnez, azken horretarako behar dugun hizkuntzaren jabe egin behar dugu, nahiz eta literaturak, gutxienez, eguneroko bizitzarako soilik behar dena eskatu ohi duen. Beraz, behaketa eta, gogoeta eginez gero, hizkuntza berezian adierazi ahal izatea da helburu. Hizkuntzaren bidez ikusten ez dena azalaraztea eta, aurretik esan dugun moduan, ideia bat agerrarazteko gaitasuna izatea. Ez du, bada, ezertarako balio ez arrazoibiderik ez eta ideia zoragarririk izatea, haiei dagokien hizkuntza-formulazioa emateko gauza ez bagara. Literaturan edukiak ez du baliorik hura azaltzeko prozedura egokirik aurkitzen ez badugu.

  Eta nola helarazten ditugu ideiak?... sintaxiaren bidez, jakina, edo beste moduz batez esanda, esaldiak direla medio.

  Idatzi nahi dugunaren muinak, agiriak, bere barne-koherentzia, lotura eta hurrenkera behar baditu ere, bidezkoa den esaldia medio agerrarazi ezean ez da ezer izango eta behar bezalako sintaxi-kontzientzia eskuratu ahal izateko, berriz, irakurtzea bezalakorik ez dago. Gainera, lehen aipatu dudan moduan, genero literarioak, azken finean, testu eredugarriak izanik, saiakerak irakurtzea litzateke artezko sintaxiaz jabetzeko bide eraginkorrena.

  Hala eta guztiz ere, irakurtzea ez da aski izango idaztearen saiakuntzarik gabe eta, hasieran bederen, horrek ez bide du auto-zentsurarik eskatzen, alderantziz baizik, idazkera askatzea besterik ez. Balizko etorkizun batean idatzitakoarekin zer egingo dugun ez du asko axola hastapenetan, idazten hasteak soilik baitu garrantzia lehenengo aldi horretan. Idazkera literarioari hasiera eman behar zaio. Noiz? Edozein une izan daiteke idazketaren oinarri. Horretaz gehiegi pentsatu gabe, bada, deliberoa hartu eta idazten hasi..., norentzat egiten den axolarik izan gabe, norbere buruari izkiriatzea baita saiakera-egilearen jite literarioa!

  Idaztea, orduan, aldez aurretiko planik egin barik. Ez du merezi hasierako aldietan labur edo luze edota lehenengo edo hirugarren pertsonan idatziko den aztertzeak, bidea ireki beharra dagoela baizik eta, nola edo hala, ahalmena askatzea helburu bihurtu behar da. Nekea datorrela?...utzi, beste une jakin batean berriro berari heltzeko. Berreskuratzean, ordea, lehen idatzitakoa lotugabea bezain nahaspilatua edo serioegia eta aspergarria irudituko zaigu. Gure idazkera jauzika baitabil eskolaren, hizkuntza akademikoaren eta mintzaira naturalaren artean bere estilo bila eta, bide hori, esan beharrik ez dago, neketsua eta malkartsua izaten da.

  Segi idazten, halere. Erasmusek zioenez, idaztearen gogoa idaztearen poderioz elikatzen baita eta, irakurle lagun baten bidez, baldin eta horrelakorik balego (horra hor aldarrikatu nahi dugun irakasle ez-preskiptorearen edo ez-zentsuratzailearen irudia), idatzitakoan barna, ideia berriak, gogamen originalak, mintzaira berezia, esaldi borobilak, hizkuntza malgua, formulazio sortzaileak, trebezia...., errepikapenen artean, klitxez beteriko formulazioekin nahastuta edo gaizki azaldutako gogoeta aspergarriekin batera ere aurkituko dira...; ondo goaz.

  Has daiteke, bada, metodo horren bigarren aldia.

 

Hitz-jarioaren ordena:

 

  Idazkera literarioan oinarria esaldien erabilera bada ere (forma), saiakeran, batik bat, mezua albora-ezina izaten da, eta mezua diodanean, esaldien multzoek eraikitzen dituzten diskurtsoez ari naiz, idazketaren bidez jorratzen den gaiaren formulazio testualaz ari naiz175. Aipatutako aferak, halere, idaztearekin batera moldatuz eta zehaztuz joan arren, abiapuntu jakin bat eta, hura azaltzeko, hizpideak izango ditu.

  Horretarako, behaketarako gaitasunarekin batera landu nahi denaren inguruko informazioaz jabetzeko aukera ere eduki beharra dago. Horretan ez dago araurik. Saiakeraren idazkuntzak dena baimentzen du. Modu laburrean agerraraztea (aforismo moduan) edo iruzkin zehatz bezain luzeak egitea, baina, kasu, gaiari dagokion logika literarioa aurkitzen jakin behar dugu eta, ereduak horren ugariak direnez, azalpenari ordena jakin bat ezarri beharko diogu otu zaigun ideiari behar bezala lotzeko. Horretan, beste literatur generotan ez bezala, sentimenduez harago joaten saiatu beharra dago.

  Burutazioa burutzeko, bada, ahalik eta argien ulertzea lortu behar da idazten hasi aurretik, nahiz eta, amaiera jakina idatzi, eta, halaber, idatzi ahala, arazoa argituz joan. Abiapuntua, behintzat, argigarria izan behar du.

  Gai berdinari buruz (demagun..., Edipo) literaturaren historian badaude hamaika idazki desberdin ere, eta, ia denek, abiapuntu berdina eduki arren, bakoitzaren ekarpena, batzuetan bukaeraren aldaeran dago, baina, gehienetan, azalpenaren ordenan egoten da. Zinema ?artistikoa? edo ?saiakerazkoa? deritzenen emaitza ere horixe bera da, irudien mugimenduak direla medio gertaeren ohiko hurrenkera (gehienetan kronologiko hutsa izaten dena...) aldatuz eraikitzen dela.

  Baina, esan bezala, azaldu beharrekoak bere literatura-logika eskatzen duenez, arlo horretan teoriak edo proposamenak eman baino gehiago norberaren praktiketatik teorizatzea izan behar du proposamen bakarra. Idazten den esaldi bakoitzak deliberoa baitu eta, horren arabera joango da literatura bere berezko logika azalarazten. Horrela, hastapenetan uste zena aldatuz badoa, ongi da, baina, hots, idazki laburretan, iritzi artikuluetan esaterako, abiapuntua eta adierazitakoen hurrenkera idatzi aurretik zehatz-mehatz ezagutzea komeni izan arren, saiakera luzeetan aipatu beharrekoen ordena guztia ezin da hasieratik kontrolatu. Hori bai, batean zein bestean erabiliko den hizkuntzaren logikak antzekoa izan behar du: mintzaira-erregistro orekatua, egokiera semantikoa, testuinguruarekiko harreman berdina, ikusmira berbera, etab.

  Ikuspegiak, berez, zer-nolako aditzak erabili behar diren argituko digu, eta haien arteko komunztadura mota, jakina...

  Behin abiapuntua jakinda, hura idazkiaren amaierarako uzterik dagoen ala ez eta mezuaren gakoak zeintzuk izango diren, hitz giltzarriak erakutsiko dizkigu eta, artean, aipuak eta, haiekin bat, erreferentzien atomizazioa erabiltzea zilegi bada ere, idatzitakoa ulertaraztea da helburu (ulermen hori osoro arrazoizkoa bakarrik ez izan arren... eta hor da hor, literaturaren funtsaren zailtasuna!)

 

Zehazkizunen garrantzia:

 

  Saiakeragintzan gaia ezagutarazteak topikoetatik harago joan ahal izatea eskatzen du eta, horretarako, huskeria batek balio lezake baldin eta, anekdota, metonimia edo metafora moduan, ohiko informazioari heltzeko beste ikuspegi batetik begiratzeko balio badu. Saiakera, literatura guztia bezala, artefaktua besterik ez da baina zehazkizunek, ikusmira aldarazteko balio lezaketen era berean, gaia ezkutatzeko ere tresnak izaten dira eta, hala balitz, helburu literarioa zehaztu beharrean hura lausotzea baino ez genuke erdietsiko.

  Laburpenak edo bidezidorrek, berez, ez dute balio. Zehazkizunak beharrezkoak dira baina, tentuz, eta gaiak eskatzen duen logika literarioaren azalpenak eskatzen duen neurrian bakarrik.

  Antzera gertatzen da idazkeran erabili beharreko abstrakzio-mailarekin. Saiakerak behar duen ?begirada diferitua? edo hizkuntz ikusmira aldaketarako abstrakzioaren premia izan arren bizieratik irtendako gogoeta ezin da galdu. Saiakerak gertaeren bidez adierazten du adierazi beharrekoa, gertaerak gertakizun bihurtuz (literatura iturburu izanik ere...) eta haietaz gogoeta plazaratzeko azaldu beharrekoa esakunetan sailkatuz. Hortxe dago berehalakotasunaren eta orozgaintasunaren arteko diferentzia. Izan ere, bizitzaren jarraipena nahita hausten denean, haraindikotasuna eta kontzientzia sortzen dira batera? eta kontzientziarekin batera, berriz, gizakien artekoa nahiz geroko helburuen araberako mendekotasuna. Bien artean garatzen da saiakeraren hitz-jarioa.

 

Gatazkak saiakeragintzan:

 

  Hitzen eta ideien kontraesanen arloa ulermen-gatazkarena da, bada, saiakeraren eremua. Bilatzea eta ez aurkitzea, ondorioen beldur izan eta azkenetaraino iristea, nahi izan ez arren iritziz aldatu behar izatea..., ohikoari aurre egitea ohiko mintzaira erabiliz, kontzientzia hartzea hizkuntzaren erabilera ?diferituaren? bidez. Horri guztiari bidea eman ahal izateko, noski, denbora hartu beharra dago eta idazten saiatu...

  Horretarako elkarrizketen edo eskutitzen trukaketak, adibidez, lagungarriak suerta daitezke. Nik neuk erabili izan ditut maiz errekurtso haiek (Jerusalem: Xalimen hiria eta Faustoren itzala aurki daitezkeen  saiakeretan adibidez...) baina, haiek bezala, aipuen erreferentziak edo gertaeren kontakizunak ere eztabaidak plazaratzeko baliagarriak izaten dira.

  Aukera hauek dosifikatzen jakiten dago arazoa eta, askotan, den-dena esan beharrik ez dagoenez, irakurlearen zain, azaldu beharrik ez dagoena esan gabe uzten jakin behar da. Horretan ere zinemaren elipsiek erakutsi ohi diote bidea saiakeragintzari eta ez da hori zinematik ikasitako gauza bakarra, zeren zineman, saiakeran bezala, irudien (ideiak) eta hitzen erabilera elkarreraginean ezarri behar direnez, bakoitzaren ibilera neurtua izaten da funtsezko arazoa genero bakoitzaren adierazpidea azalarazterakoan (horretaz aritu nintzen, besteak beste, Jeu de Paumme eta Kasandra leihoan liburuetan).

  Eta xehetasunak..., literatura dena, nolabait esanda, ?xeheka saltzea? baita eta, edertasun literarioa, berriz, xehetasunen batuketa.

  Goian adierazitako moduan, guzti-guztia azaltzerik ez dagoenez, aipatu behar dena aukeratzea da lehenbiziko lana idazterakoan, eta horrekin batera, azpimarratu behar denari behar beste kasu egin xehetasunez hornituz. Horrela, orokortasunetatik ihes eginez, singularra eta diferentea denak hartuko du eman nahi diogun berezko balioa.

  Beraz, saiakerak idazteko orain arte erabilitako argudioak laburbildurik:

  Literaturaren idaztankera esaldien osaeran eta hautaketan oinarritzen da.

  Gaiaren besterenganatzea gertaeren azalpenena (edo ez) eta hurrenkera dela medio garatuz doa.

 

Arriskuak ekidin:

 

  Atal honen hasieran idazle hasi berriaren ?estropezuez? idatzi dut (ohiko errepikapenak, klitxez beteriko formulazio nahasiak edo gaizki azaldutako gogoeta aspergarriak...) baina badaude halaber saiakera mota ?arriskutsuak ?, edo beste modu batez esanda, ekarpen izan zitezkeenak baina, tamalez, behar bezala burutu gabe, bide erdian gelditu direnak.

  Hori gerta daiteke azaldu nahi dena argi ez edukitzeagatik edo, goian esan bezala, metodo faltagatik.

  Lehenengo kasua oso bitxia da, izan ere, idazle batek idazten hasiz gero, zer azaldu behar duen argi eta garbi izan behar duelako, ustez behintzat, baina zenbait ideia alboratzea lan nekeza denez, azalpen nahaspilatua pentsatzen dena baino ohikoagoa izaten da. Idazterakoan, berriz, pertsona bakoitzaren iruditeria oharkabe agertuz doan neurrian, azalpena, ezinbestean, trabatzen doa ?berezko gehikuntza haiek? garbitzen ez badira..., baina idazle bakoitzak  bere estiloa duenez, ideia berdinak eduki arren, bi idazlek beti modu ezberdinez idatziko dute idatzi beharrekoa eta hori konpontzeko modu bakarra bakoitzaren lan metodoan zuzenketak egitea da eta, ahal dela, gertuko irakurle baten aholkuz lagundurik176.

 

Lan metodoa zehaztuz:

 

  Sorkuntza egitasmoa denboraren antolaketa berezia da eta, horren arabera, idazle bakoitzak aurreikusiko du egiteke duen bidea zer-nolakoa den planteatzeko, gero, horren baitan, idazkera azkarra ala iraupen luzekoa egin ahal izateko.

  Idaztean ez dugu idaztankera edo estiloa bakarrik hobetuko. Egitasmoak, halere, literatura arloan gure burua ezagutzen laguntzeaz gain, idazlanen araberako bideak diseinatzeko (eta burutzeko) aukerak emango dizkigu. Horrek, noski, idazteko ohituretan sakontzea eskatuko du (idaztokiak hobestea, ordutegiak hautatzea eta idazkuntza-moduak fintzea).

  Montaignek bere dorrea zuen, Borgesek liburutegia, Sartrek taberna jakin batzuk..., beharrerako ahalik eta erosoen egotea da helburua eta, jakina, horretarako ere bakoitzak bere hautuak egiten ditu.

  Proustek ordutegi jakin bat ezarri zuen bere ekimen literarioari ekiteko (bere alter egoa Marcelen bidez, hala  kontatzen digu · la recherche-n?...177) eta sekulako garrantzia eman zion horri.

  Eta idazkuntza nola gauzatu? Batzuek kaiera txikietan apuntatu izan dituzte beren burutazioak, besteek ahal izan dituzten moduan, baina denek eduki dute buruan idazketa eta hura joan dira elikatzen nola edo hala.

  Idatzi beharrekoak, halere, helburuaren arabera luze ala labur, baldintzatuko du hori guztia. Eta erabaki bakoitzak hurrengoaren beharra ekarriko du norberak dituen ezaugarriak ahalik eta hobekien garatzeko. Esaldi bakoitzari kasu eginez, eta hurrengoarekiko loturari erreparatuz, oreka bilatzen da, inspirazioa ez baita dena eta ezin baita baieztapen edo deskripzio on baten ondoan erdipurdiko beste bat erantsi. Metodoak ez digu ezaguera edo informazioa berez hobetsiko, baina, behar izanez gero, haiengana iristeko bidea erraztuko digu. Metodoak, idazki batean sobera dagoena hautemateko eta hura ezabatzeko adorea eman behar digu, idazlearen aiurria bakean gera dadin.

  Idazketa eta irakurketa (partekatua, ahal dela...); saiatu eta aldatu..., esperientzia literarioan sakondu.

  Eta gure elikagaia mota guztietako irakurketek osatua izango bada ere, bakoitzari zer iritzi diogun ahalik eta garbien gelditu beharko luke. Idazle bakoitzari zer-nolako onurak edo, alderantziz, zein akats leporatzen dizkiogun ikusteko egindako ariketa horrek, hezi egiten baikaitu idazle gisa.

  Hortik aurrera, deliberoa: idaztea!

  Saiatu beharra dago, halere, idatzi beharrekoa bere osotasunean ikusten eta, idazketari, berriz, jariotasuna ematen. Horrek, jakina, berridazketak eskatuko ditu testuan egon daitezkeen hizkuntza-erregistroen arteko desorekei antzemateko eta haiek zuzentzeko eta, azken finean, idazkiaren tonu orokor egokiari eusteko.

  Era berean hautatu beharra dago zein gertaeren bidez agerraraziko dugun adierazi beharrekoa, eta haien arteko lotura literarioa ahalik eta zorrotzena izanik, noski. Hori da, izan ere, idazkera literarioaren funtsa. Behar beste ez saiatzearren, adierazi nahi den hori aukeratutako gertaeren multzoa arruntegia izateagatik edo, jakin-mina piztu ahal izateko kontatzen denak baliorik izango ez balu, idatzitakoa bera ere alferrikakoa izango litzateke. Horrela idazteko ez da beharrezkoa izaten saiakeragintzan aritzea, arrunta denaren aurkako idazkera da entseguari dagokiona. Saiakera, berez, hizkuntzaren bidez gogoeta egiteko bide zailena baita. Horregatik, arestian esan dudan bezala, ezin da entsegua filosofiarekin edo kazetaritzarekin parekatu, ez baitu ezer frogatu nahi  esperientzietatik abiatuta, literatura dela medio, hausnarketa bideratzen soilik lagundu baizik. Eta horretarako, esanak esanda, burutazioak idatzi behar dira, besterenganatu, partekatu..., modu soilean, hornidurarik gabe, eta iradokizun bihurtu.

  Filosofiaren eta Pedagogiaren aurrekaria da saiakeragintza, kontzeptuak formulatu aurrekoa edo haien hedakuntza zabaltzen hasi aurretikoa. Hitz neurtuen aldeko hautua egiten duena, soberakinik gabeko idazkuntzan burutazio batetik abiatuta eta, garatuz doan ahala, gatazka kognitiboaren bidez, gai bati buruz ohiko ikuspegiak eraldatu nahi dituena, testuingurua hastapenetan duena baina haren moldaketa eginkizun duena. Ahalik eta hitz zehatzenen erabileraz eremu semantikoaren anbiguetatetik ulermen zentzu berriak proposatzen dituena. Amaiera irmo batekin. Erabilitako aipamenen sendotasunaren bidez egina. Hitzontzien kontrakoa. Agerikoa zalantzan uzten duena. Testu ahikorra. Collage diziplinatua. Irakurria izateko idatzia. Zirrara eragiteko sortua. Urratzailea. Egilearen aukeren nahiz mugen arabera izkiriatua.

  Beraz, inor ez da saiakeragintza lantzera behartua izan eta ezin da inor horretara behartu. Baina, saiakera idazten hasi nahi izanez gero, ez izan beldur gatazkei eta hasi idazten. Bide horretan ibili direnen berri bildu eta, haien eszeptizismoaren nahiz borondatearen indarraz jabetu, haiek bizitza literarioaren ezaugarri bilakatu eta, baldintza haietatik, idaztea eginbehar bihurtu. Norbera bere irakurle kritikoa izanik, xehetasunei erreparatu eta gaindikinak ezabatu testuei behar duten tonua eta oreka eman arte. Horretarako bakoitzari dagokion lan-metodoan sakondu behar da, sorkuntzaz, burutazioez eta trebeziaz gain, osagarri horiek guztiak moldatuz eta birmoldatuz zertzea baita. Horrela, mundu ikuskerari buruzko ideiak, literatura medio, gauzatzen joango diren neurrian, besteen iruditeria izatera ere helduko dira, nahiz eta, Georges Bataille-k zioen bezala, ?horrek guztiak ezertarako balio ez izan arren...? 

 

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki