Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

BAKARMORTUKO KRONIKAK

Mikel Albisu, Mikel Antza

ATARIKOA

 

 

  Ia zazpi urte igaro dira kronika hauek idatzi nituenetik. Orduan idatzitakoa irakurtzeko adorerik ez dut izan denbora luzean. Izan ere, kronikak idatzi nituen garaiari buruz gogoeta egiten dudan bakoitzean, orduko zauriak orbaindu gabe ditudala konturatzen naiz.

  Lau hilabete egin nituen isolamenduan, bina hilabete Moulins-Yzeure-n (Frantzia) eta Naoneden (Bretainian). Batetik besterako lekualdatzean, Lyongo ospitale bateko kartzela-moduluan egonaldi laburra egin nuen, zazpi egunetako gose eta egarri grebaren ondorioz hara eraman baininduten. Isolamendu erregimenarekin amaitzea erabaki zutenean, Okzitaniako Toulousse-Seysseseko kartzela ireki berrira lekualdatu gintuzten, modulu arruntean kokatuz.

  Hiru kartzela horietako bakoitzean kaiera bana bete ondoren kronikagintzari amaiera ematea erabaki nuen; nahiz eta kartzelako egunerokotasunak iradokitzen zizkidanekin orriak eta orriak betetzen jarrai nezakeen. Neurri batean, senide eta lagunei idatzitako gutunetan eta bestelako idazkietan jarraitu dut mundu bestelakotu honen berri ematen. Sartu berritan ia egunero dago zerekin harritu. Urteak pasatu ahala, asaldatzeko ahalmena ez galtzean dago bizirauteko gakoa.

  Kartzelak min ematen du, beldurra sentiarazten digu eta gugan inoiz sumatu ez genuen gorrotoa ernarazten du. Horiek izan ziren nigan ordura arteko indar ezezagunez nagusitu ziren sentimenduak. Eta sentimendu horiek garaitu ez nintzaten aurre egiteko modua aurkitu behar izan nuen. Nire burua antolatu nuen eta borroka egiteko prestatu.

  Kartzelak irentsia ez izateko, norberak hobeki egokitzen zaion jarrera hartzen du. Isolamenduaren aurrean, idaztea izan zen nik hautatu nuen defentsa tresna. Hastapenetik ohartu nintzen tortura zuriaren bidez zigortu behar nindutela, eta gertatzen ari zitzaidanarekiko distantzia jartzea erabaki nuen, senez esango nuke.

  Planeta ezezagun eta gaizto batean bat-batean esnatzen den kazetari ausartaren mozorropean babestu nuen nire burua. Jasanaraziko zizkidatenek izatearen sakonenean zauritu ez nintzaten, umorea zeharo galdu eta betirako ez mikazteko baliagarri izango zitzaidalakoan.

  Ondorengo orriotan irakurgai direnek ez dute orduan bizitako gertakizunen kontakizun kronologiko xehe-xeherik eskaintzen. Batzuetan nire burua mugatu nuen, idazten ari nintzena zelatatzeko kaiera kenduko zidaten kezkagatik. Beste batzuetan egoerak berak ezarri zidan muga: lerro soiletan baino ez dut aipatzen gose eta egarri grebako egun eta gau amaigabeetan bizitako sufrikarioa. Ez nituen kaierean jarri Moulinsetik gauerditan irtenda Lyongo ospitaleraino egindako izu-laborrizko bidaiarenak, non nengoela inork ez zekiela, gau ilunean errepide bazterrean autoa gelditu eta kartzelazain eta jendarmez inguratuta zain eman genuen bitartean bizitako ezinegona; ezta bizpahiru egunen buruan handik atera eta Naonederaino kartzelazainen gorputz berezien zaintzapean zazpi ordutako bidaiakoak, umilazioak... Ez nintzen, nonbait, gertakari batzuek beharrezko distantziaz hartzeko gai.

  Atxilotu eta bederatzi hileren buruan, berriro ere emaztea, haurra eta hirurok elkartzea lortu genuenean eten nuen idazketa. Ez zen eten ordea frantziar Maison d'Arrét-etako oihaneko bizitza bakartua. Guztira bi urte eta ia erdi eduki gintuzten beste euskal presoengandik bereiz, kartzelaz kartzela goizaldeko lekualdatzeak, ustekabekoak, furgoitik ikusten genituela senideak ikustaldira sartzeko kartzela atarian zain. Marseillako Baumettes, Italiako muga ondoko Draghinhan eta Kataluniako Perpinyako kartzelak ezagutarazi zizkigun Frantziako Kartzela Administrazioak, 2007ko otsailean Paris inguruko Fresnesera eraman eta beste kideekin elkartu gintuzten arte.

  Bi urte eta erdiz, hilean behineko ziega aldaketez gain, kartzelaz aldatzearen ia pareko diren modulu aldaketak jasan eta zigorren erantzun gisa gose eta egarri grebak eta bestelako borrokaldiak burutu genituen. Isolamendua eta bakartasuna ezagutu duenak soilik daki zer den kolektibo zabalago baten partaide izanik ere, kartzela-sistemari aurre egiteko egin behar den indarra.

  Lerro hauek idazterakoan, oraindik ere badira beste kideen laguntasunik gabe dauzkaten euskal presoak, eta batzuek urte luzeak daramatzate horrela, zigor erantsi hori jasanez. Gainera, presoarentzat ez ezik sakabanatutako kartzeletara doazen senide eta lagunentzat ere zigorra da, beste senide eta lagunen babes eta laguntzarik gabe, eta hizkuntza ezagutu gabe gehienetan, kartzelazainen larderiaren menpe baitaude.

  Atxilotu aurretik ez nuen nahi izaten kartzela gaitzat zuten liburuak irakurtzea. Nirekiko nioen gauzak okertzera neronek deskubrituko nuela mundu beldurgarri eta triste hori. Une hori iristerako nire ikuskera kutsatu gabe gorde nahiko banu bezala. Horregatik, lekukotza honi ekin nionean, oharpen hau idatzi nuen kaieraren lehen orrialdean:

 

      ?Euskal Herriaren askatasun borroka dela-eta, noizbait etsaien eskuetan erori eta bahituta izateko arriskua duenak ez luke zertan ondoan datorrena irakurri, tamalez, lerro hauen iturburuan dagoen egoera latza bere kabuz deskubritzeko aukera izango baitu.

      Gainera, ez du orriotan aurkituko biziko duen egoera horri aurre egiteko bide orririk. Ez baitago egoera horri aurre egiteko formula magikorik, duintasuna kosta ahala kosta gordetzea ez bada. Haien eskuetan gaudenean kendu ez diezaguketen bakarra horixe da eta?.

 

  Orain ez dakit 2004ko urrian idatzitako oharpen horretan aipatzen dudan aholkuaz gain, duintasuna kosta ahala kosta gordetzearenaz, alegia, beste irakaspenik aurkituko duen inork lerrootan.

  Izatez, gizakia xehatzeko asmatutako sistema baten barrutik egindako salaketa idazkia da kronikok osatzen dutena, nire ikuspegitik egindakoa. Horrela egin nion aurre nik kartzelari, bizirauteko aurkitu nuen nire modua izan zen, nire jarrera eta jokabidea aurrean nuenaren arabera moldatu nuen. Niretzat baliagarria izan zen, hori besterik ez. Oharpen hartan nioenez, ez baitago formula magikorik.

  Argitara emateko asmoz kaierok berriro irakurri ostean, bere horretan utzi ditut orduan idatzitakoak (ulermena errazteko ezinbesteko orrazketa kenduta). Ez dut nahi izan hausnarketa berririk gehitu, zazpi urteotako kartzela aldiak orduko egoera hobeto ulertzen lagundu didan arren, ikuspegia aberastu eta zorroztearekin batera.

  Moulinsen hasitako kaiera hari sarrera ere idatzi nion. Honela nioen horko pasarte batean:

 

      ?Kronika hauek 2004ko urriaren 6an hasi nituen arren, gaur arte, urriaren 27a, orri solteetan edota nire burmuinean egon dira gordeta.

    Gaurtik aurrera, zaharrak garbira pasatu eta berriak koaderno honetara biltzen hastea erabaki dut.

      Zeregin honi ekiten diodanean ez dakit kronika hauek, nire basamortuko bidaldi bakarti honen testigantza izan nahi dutenak, inoiz inork irakurriko ote dituen. Neronek ere, behin idatziz gero ez dut berriro irakurtzeko asmorik. Bakarmortuko ibilbidean norabidea markatzeko, ez galtzeko, harri txintxar batzuk balira bezala botatzen ditut kronikok... Eta baita ere, noizbait ibilbide behartu honetan galduko banintz, eta kronika hauek norbaiten eskuetara iritsiko balira, nondik nora ibili naizen jakiteko balio dezaten.

      (...) Berez, kronika urriaren 5ean hasten da, emazte eta semearengandik banandu eta gero, sei polizia frantsesek, ni bezala esku loturik zegoen beste euskaldun bat eta biok Euskal Herritik Parisera abioi txiki batean eraman gintuztenean.

      Ez dut gogoratzen eskuak aurrean edo atzean lotuak nituen. Miarritzeko Parma aireportutik hegaldatu zen hegazkina. Baiona-Tarnoseko inguruak atzean utzi eta Landetan barrena gindoazela itxi nituen begiak. Ez nituen ireki Parisera bitartean. Boligrafoa eta papera eskuan izan bezain pronto, abioitik kartzelarainoko ibilbideak sortu zidan sentsazioa islatu nuen?. (Ikus MUNSTROA).

 

  Bahitu eta sei urte ondo pasata epaitu gintuzten, 2010eko azaro-abenduan, eta orain 2012an egingo diguten helegite auziaren zain gaude. Denbora guzti honetan kartzelari aurre egiteko izan dudan babes-jantzia, isolamenduan eta bakartuta eduki gintuzten garai horretan ehundutakoa da. Eta oraindik ere, kartzelak bere aurpegi zikinena erakutsi eta zigor ziegara igortzen gaituztenetan, edota arbitrariotasun handienaz gure gizatasuna kentzen saiatu eta animaliak baino okerrago erabiltzen gaituztenetan, garai hartan ereindako amorruak gainezka egiten dit, orbainduta zeudela uste nuen zauriak odoletan hasten zaizkit, eta ikusten ez diren malkoz egiten dut negar. Baina une berean, injustiziari eta nagusikeriari aurre egiteko grina badudala ohartzeak irribarrea ekartzen dit aurpegira. Bizi gara!

  Kartzela ezagutu duenak, hurbiletik edo barrutik, ez du zalantza handirik egingo: kartzelak desegin egin behar dira. Besterik da, noski, kartzelarik gabeko jendartea nola eraikitzen den, nola garatuko litzatekeen. Jendarte batek ezinbestean sortzen dituen arau hausteen aurrean zein jokabide hartu beharko litzatekeen.

  Jendarte aurreratuena dela uste dugun mendebalde kapitalista honetan amets lortezina dirudi kartzelarik gabeko mundua; irudikatzeko ere zailtasunak izaten ditugu gure burua ezkerreko iraultzailetzat dugun askok. Are gehiago, kartzela gero eta modernoagoak, sofistikatuagoak eta handiagoak eraikitzen ari direnean gure herrian bertan (Norte I, Norte II eta Norte III, noren iparra garen ahaztu ez dezagun, nonbait); sekula baino finkiago kartzela eta errepresio sistema jendarte aurreratuenaren erdigunean mozorrotuta kokatzen ari direnean.

  Mendebalde ustez aurreratuko jendarte sistemak sortzen dituen mota guztietako arazoak kartzelaren bidez eta kartzela zigor gero eta gogorragoz konpontzea proposatzen dute agintariek. Jakinaren gainean dauden arren kartzelak ez duela deus konpontzen, ez bada arazoa larriagotzen. Ez ote duten horrexegatik sustatzen gizon eta emakumeak lau hormaren artean bizirik lurperatzen dituen sistema hau. Kartzela, kapitalaren pilaketa gutxi batzuen eskuetan gordetzean oinarritzen den sistemaren ezinbesteko osagai gisa agertzen baita azpi-mundu honetan gertatzen dena aztertzeko nekea hartzen duen edonorentzat.

  Kartzelarik gabeko hautabidezko sistemarik ez dela munduan onartuta ere, gure burua iraultzailetzat dugunok, inoiz bestelako jendarte sistema aske eta zuzen bat eraiki nahi badugu, kartzelaren errealitateari, errepresioaren auziari eta jendarte sistema orok sortzen dituen arazoei nola erantzun hausnartu beharko dugu. Hausnartu ez ezik hautabideak, eraikitzen ezin bada, bederen irudikatzen ere hasi beharko dugu. Bestelako jendarte bat irudikatzen dugunean eguneroko arazo errealei aurre eginez irudikatu eta eraiki behar baitugu. Eta kartzelarena ezin da izan zerrenda bateko azken gaia. Bere baitako arazoak konpontzeko, pertsonaren askatasuna eta duintasuna kentzean oinarritzen den jendarte sistema bat ez baita inoiz zuzena eta iraultzailea izango.

  Euskal Herniaren askatasunaren alde borroka egiteagatik bahitu gintuen Frantziako Errepublikak, eta berak hainbat goresten dituen giza eskubideen, berdintasunaren eta zuzentasunaren hilerri diren kartzelotan bizirautera kondenatu.

  Gaur artean ezagutu ditudan zortzi kartzelak, hormen eta zimenduaren berritasuna gora behera, nahiko antzekoak dira: jendartearen zabortegi eta erraustegi. Hondakin bezala pilatzen dute jendea, birziklatzeko asmorik edo esperantzarik gabe. Atearen alde batean eta bestean jendarte maila xumeenetakoak daude gainera. Aberatsek txiroei beren artean zaintzeko zeregina eman bailien.

  Kartzelotako etxartean aurrera eta atzera edo errotarrian ibili izan naizenetan, bakarrik edo kideekin, biharko mundu askea, Euskal Herri askea, zabortegian usteltzen den jenderik gabe irudikatzen saiatu izan naiz. Zeregin itzela begitandu zait aldioro. Baina zeregin albora ezina. Ez badugu etorkizunean guk ere sudurrak itxita ibili nahi, gaur egun gu zanpatzen gaituztenek egiten duten bezalaxe. Kartzeletako horma sendoenek ez baitute eragotziko ziega-hilkutxotako kiratsak gure itxurazko zorionaren gezurra agerian uztea.

 

Lyon-Corbas, 2011ko irailak 29

 

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki