Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

AUTONOMI OGASUNAK ETA EUROPAKO KOMUNITATEKO AURREKONTUAK

Baleren Bakaikoa

NAFARROAKO FINANTZ ITURRIAK

 

Nafarroak, Foru-sistemaren azken aztarnak mantendu ditu 1841etik gaur arte. Ezaguna da «Itundako Legea» (Ley Paccionada) zeina 1841ean onetsi zen eta beraren ondorioz, Gobernu zentrala eta Nafarroako Aldundiaren artean eman diren zerga-harremanak Komenio Ekonomikoan arautzen dira.

1990. urtea arte indarrean egon zen Komenio Ekonomikoa 1969koa izan zen, eta beronek, printzipioz bederen, Amejoramendu-Legea onetsi bezain pronto bertan behera geratu behar zuen, baina zortzi urte luzatu zuten, Amejoramendu-Legea 1982an onetsia izan baitzen. Bestalde, aitortu behar da ere, Kontzertu Ekonomiak ez bezala, Komenio Ekonomikoak ez duela iraupen finko bat, baizik bi alderdiak, hau da, Nafarroako Aldundiak (Gobernuak) eta Gobernu Zentralak ados jarri behar dute eta Komenio Ekonomiko berri bat negoziatu eta onartu, honetara iristen ez den bitartean indarrean mantentzen da.

1982ko Autonomi Estatutuak (Amejoramendu Legeak), bere 45. artikuluan esaten du Komenio Ekonomikoaren bidez arautuko direla Nafarroako zerga eta finantz-jarduera, ohizko sistemarekin lotuz. Bestalde, Nafarroak Estatuko gastu orokorrak finantziatu behar ditu berari dagokion heinean, eta kontribuzio hori Kupoaren bidez egingo du, urtero egokituz, horretarako metodologia finko bat aplikatuko delarik.

Beraz, Komenio Ekonomikoan azalduko da zenbat ordaindu beharko zaion Estatuari honek Nafarroan egiten dituen gasto orokorrak estaltzeko, eta kopuru hau eguneratzeko metodoa ere bertan etorriko da. Era honetan, aurreko Komenio Ekonomikoek ere jasotzen zuten zehaztasun hau, indarrean dagoenak daukan bezala, baina Kupo hau kalkulatzeko metodoa aldatu egin da. Guztiz aldatu ere.

Autonomi Estatutuak, bere 45.3. artikuluan, Nafarroa ahalmentzen du bere zerga-sistema mantentzeko, ezartzeko eta arautzeko, baina beti kontutan hartuz, 1969ko Komenio Ekonomikoak esaten zuena. Gainera, ez da ahaztu behar, Nafarroak solidario izan behar duela gainontzeko Komunita Autonomoekin eta bere zerga-sistema ere harmonizaturik egin behar duela Estatukoarekin.

Solidaritate kontzeptua, Konstituzio eta Autonomi Estatutuetan bezala, agertzen da Amejoramendu-Legean ere, eta beraz Nafarroak solidario izan behar du, nahiz orain arte indarrean egon den zerga-sistemarekin zaila eta koropilatsua izan den solidaritate hori gauzatzea. Baina, 1990eko Komenio Ekonomikoa onetsi ostean, solidaritate hori gauzatzea posible izango da, azken finean, Lurraldearteko Konpentsazio-Fondoa baita honetarako tresna nabariena.

Azkenik, gainontzeko Komunitate Autonomoen gisa, baina hauek baino ertsitasun gutxiagorekin, Nafarroari Zor Publikoa jaulkitzeko ahalmena onartzen zaio, eta fondo publiko bezala kontsideratuko da. Halere, Estatuko Gobernuarekin kontatu beharko du zor honen bolumena eta baldintzak finkatzerakoan. Dena den, Zor Publikoa edonola ezin daiteke jaulki, bere eragina baitu moneta-politikan eta, politika mota hau, Gobernu Zentralaren esku utzi nahi izan da, gainontzeko Autonomi Estatutuetan gardenki geratzen den antzera.

 

1969ko KOMENIO EKONOMIKOA

 

1969ko Komenio Ekonomikoa sinatu zenenan eztabaida asko sortu ziren Nafarroan, azken finean aurreko Komenioarekin baino gehiago ordaindu behar zela aitortzen baitzuten zenbait navarristek. Baina denbora joan ahala, Komenio honek ahalezko egin zuen Nafarroak finantz autonomia handia erdiestea eta finkatzea, eta Estatuak Nafarroan egiten zituen gastuak estaltzeke uztea. Izan ere, Estatuari ez zitzaion oso zaila egiten Nafarroa bezalako komunitate txiki batean eskuratzen zuen dirutza baino gehiago gastatzea. Horretarako arrazoi politikoak egon ziren, eta honela izan zen Komenio berria indarrean ezarri arte behintzat.

Komenio honetan kontenplatzen ziren Zerga asko itxuraz eta edukinez aldatuz joan ziren eta behin Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ) indarrean (1986) ezarrita gero, honako Zerga hauek ziren komenituak Nafarroa eta Estatuaren artean:

 

Zerga zuzenak

1.- PFEZa

2.- Sozietateei buruzko Zerga

3.- Ondareari buruzko Zerga

4.- Oinordetza eta Dohaikuntzari buruzko Zerga

 

Zerga zeharkakoak

5.- Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZa)

6.- Telefonoari buruzko Zerga.

7.- Ondare Transmisio eta Ekintza Juridikoei buruzko Zerga.

8.- Alkohol, azukre eta tabakoaren produkzioari buruzko Zergak, azken honen fabrikak Nafarroan kokatzen zirenean. (Tabakoa fabrikatzen den enpresarik ez da aurkitzen!).

 

Zerga bakoitzak bere ñabardurak zituen Foru-Ogasunari edo Ogasun zentralari ordaintzeko definitu behar zirenean. PFEZa, adibidez, nafar hiritartasun zibilaren arabera ordaindu behar zitzaion Ogasun bati edo besteari; BEZa ordaintzeko, berriz, kontutan hartzen zen nondik irtetzen ziren ondasunak edo zerbitzuak, Nafarroatik edo gainontzeko lurraldetik, Foru-Ogasun edo Ogasun zentralean aitorpena egiteko. Beraz, zerga bakoitzak bere berezitasuna zuen aitortzerakoan, eremua ongi definitu behar baitzen Ogasun bati edo besteari ordaintzeko.

Gaur egun indarrean dagoen Komenio Ekonomikoak zenbait Zerga gorde du, adibidez BEZa eta 1985ean onartu ziren arau berek diraute. PFEZak ere aldaketa gutxi izan ditu hiritartasuna kenduz gero, baina azpimarratu behar da itxurazko aldaketak gehiago direla benetakoak baino.

 

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki