Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

JUSTIZIA INTERDITAREN POETIKA

Fito Rodriguez

BIOPOLITIKAREN JAIOTZA

 

Bosteko bastoa: Franz Kafka.

Franz Kafkak gazteluan bazuen meritu

Enplego txar batean zelako metitu

Lapenako tunelak mila metro ditu

Zentimetro bederan etsai bat aurkitu

Kableak finitu?

Jaberekin kitu?

Zero ta infinitu

Eztut konprenitu

Maraiaren nikelak miloi bat ardit du.

 

Esan behar dut, halaber, hau guztia burutzeko erabili dudala bere garaian irakurri nuen Michel Foucault frantziar filosofo baten erreferentzia: Naissance de la biopolitique, (Biopolitikaren jaiotza). Eta zergatik hori? Bada, Foucaultek berak bere teoria plazaratzeko Francoren heriotza erabili baitzuen.

Franco hiltzen ari zela esaten zuen Foucaultek: «Aspalditik hilik dago baina hala ere biziarazi egiten dute, iraunarazi egiten dute eta egunero dugu parte medikoren bat deitzen dena esateko, adibidez: la flebitis está remitiendo y está siendo superada... Orduan, Franco ia gorpua zen kasik eta, hala ere, iraunarazi egiten zutela begi-bistakoa zen.

Egoera hori erabili zuen Michel Foucaultek, adibide zehatz modura harturik, kasu horretan boterearen aldaketa baten aurrean geundela esplikatzeko.

Eta zein zen aldaketa hura? Aldaketa hura zen boterea zentzu errepresiboan, debekatzailean eta alienatzailean ikustetik, boterea sortzaile, produktibo eta kontrolatzaile izatera pasatzearena.

Hau da, garai jakin batean boterea indarra zen funtsean, heriotza ekartzeko eta edozeini mehatxurik egiteko aukera zuelako. Botereak hil egin zezakeen eta, horregatik, botereak zigortu, agindu eta mehatxatu egin zezakeen. Baina une jakin batetik aurrera, boterea jadanik ez da izango hilaraztea, biziaraztea edo iraunaraztea baizik. Medikuntzan erabilitako bigarren sistema hori da botereak erabili izan duena modernitatean eta Francoren heriotza, Foucaultek erabiltzen zuen adibidea, eredu hura zentzu zabal batean aplikatzeko eta, era bertsuan, biopolitika deritzana definitzeko ibili zuen.

Biopolitika, beraz, horixe litzateke, hain zuzen ere, ez errepresio zuzena, kontrola baizik. Eta kontrolerako, berriz, debekua ez erabiltzea, produkzio bideratua baizik.

Horrek zer esan nahi du? Memento jakin batetik aurrera ez dela debekatuko, adibidez, euskara erabiltzea, baizik eta ekoitzi eta bideratu egingo dela hiritar mota jakin bat gizarte bizitzan, gurean «espainiar demokratak deritzanak».

Horretarako, botere piramidalaren partez, zeinean batzuk (agintariak) erpinean dauden bitartean gehienak (zapalduek) haien azpian bizi behar duten, botere-sarearen kontrolaren bidez zokoratuak eta deskonektatuak agertuko zaizkigu: kanpoan utzitakoak. Botere antolaketa berri honetan baztertuak izango dira iraganean zapalduen tokia hartuko dutenak. Ildo honetatik, garai bateko zentralismo errepresibo sakralizatuaren ordez deszentralizazio saretua bezain kontrolatua garatuko da, eta botere politikotik legez kanpo geratuko direnei, beraz, benetako oposizio alternatiba izatea besterik ez zaie geldituko.

Handik aurrera, ekoitziko den gizartean, ez da boterea zentzu negatiboan soilik ibiliko, modu osagarrian eta, gero eta garrantzi handiagoz, zentzu positiboan baizik.

Boterearen gizarte kontrol hau biopolitikaren oinarri-oinarrian dago.

Orduan, Foucaulten planteamendu honek balio digu ulertzeko uneren batean sortu egiten dela nolabaiteko botere haustura, zeinean botere autoritarioa, debekatzailea, nonbait, bekatua eta legez kanpokoa zer den esaten zuena, hori adierazi beharrean, desioaren nondik norakoa bideratzen hasten baita, hau da, produkzioa eta sedukzioa erabiltzen hasten denean, gizartea aldatu egin dela esan nahi du, eta honekin batera, aldatu egiten dela botere erlijioso errepresibotik beste botere kontrolatzaile batera. Gizartea antolatzeko eredu autoritario zentralistaren ordezkoa modu sekularra eta autonomikoa izango da eta, prozesu luze baten bidez, aurreko indar zaharren birmoldatzea ekarriko du menperatze modu konplexu berriak gailentzen diren bitartean.

 

 

SEKULAKO SEKULARIZAZIOA

 

Seiko bastoa: Giovani Papini.

Papinik oso bista laburra daduka

Argi bizien kontra egin du burruka

Satorrak ezin duke eguzkirik buka

Nahiz eta litzakeen haren brintzak uka

Iluna muska

Eginen du truka

Haurrik ez eduka

Esku baleduka

Zarratuko lituzke eskolak oihuka.

 

1961ean suertatu zen Euskal Herrian 339 apaizek erabateko kritika egin ziotela erregimenari, frankismoari, eta orduan hasi zen Euskal Herrian aldez aurretik ezagutzen ez zen sekularizaziorako dei bat, hau da, gizartea eta politika hasi ziren bihurtzen laikoak, baita gero eta modernoago ere.

Orduan, Arestik idatziko lukeen bezala, ohiko planteamendu jeltzale tradizionala, jaungoikoarena eta lege zaharrena, bere maldan beherako bidean hasi zen.

Aldiz, sasoi berean, hasten ari zen gizartea eratzeko planteamendu berriago bat, sekularizazioarekin batera eta, ondorioz, Euskal Herria oso herri tradizionala izatetik herri modernoa izatera pasatzen joan zen.

Frankismoak apurtu nahi izan zuen aurreko modernitatearekin. Hau da, Errepublikarekin eta laizismoarekin zeuden lotura guztiak hautsi nahi izan zituen estatu kolpearekin. Horregatik frankismoak bere iraupena kudeatzeko eutsi egin zion Monarkiari eta ez Errepublikari, eta horregatik ere, frankismoak eutsi nahi izan zion, besteak beste, Vatikanoarekin zuen hitzarmen zaharraren planteamendu horri.

Era berean, Elizaren bidetik joan izan zirelako, Frankoren «gurutzada»ren aitzakiak ez zuen balio izan euskaldunen aurkako borrokan.

Berriki argitaratutako Zamorako apaizen historiak gogoratu egiten digu orduko apaizen sekularizaziorako bidearen hasiera eta, horrekin batera, 60ko hastapenetan abiatzen den prozesu oso bat.

Kontu interesgarria da Juan Carlos Erregeak berak zer esan ohi duen Francori buruz. Izan ere, erregeak azaldu duen Francorekiko atxikimendua, miresmena eta abar izugarri dokumentatuak daude eta beti aurkeztu du bere burua Francoren jarraitzaile moduan. Oso-oso bitxiak dira honi buruz egin izan dituen adierazpenok baina funtsezkoenak gertatu ziren 60ko hamarkadaren hasieran, hau da, frankismoaren iraupena sekularizazio prozesuarekin batera hasten denean, hala gizartean nola politikan ere.

Erregeak berak «adiskidetze nazionala» nahiz monarkiaren beharra espainiar trantsizioa deitutakoan teorizatu zuen Santiago Carrillo politikariaren hiletan, ir(k)onikoki Marcelino Camacho izena zuen egoitzan, goraipatu zuen aipatu garaian Espainiaren alde eginiko lanagatik, aurreko egunean Espainiatik aldentzeko dauden sezesionismoaren nahiak gogor kritikatu zituen Juan Carlos berberak (Carrillok PCEko idazkaritza nagusia 60ko hamarkadaren hasieran eskuratu zuen).

Ez da ahaztu behar, bide batez, Trantsizioaren arabera eraiki zela hala Carrilloren nola PCEren itzal luzea espainiar politika garaikidean eta, horren oinarrian, estatu aparatuek Madrilgo Atocharen abokatuen aurka burututako atentatuaren bidez eragindako mehatxua izan zela (1977). Cubillo kanariar independentista ere jo zuten espainiar zerbitzu sekretuak garai bertsuan (1978). Estatu bortxak, beraz, baldintzatu zuen Trantsizioaren bide politikoa bere hastapenetatik eta, behar izan zenean, 1989an Euskal Herriaren egoera aldatzeko aurkeztu nahi izan zituzten proposamen politikoak gerarazteko, kasu, bide berriari ekin ziola espainiar estatuak.

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki