Inicio > Euskara platerean > Literatura

Literatura

EUSKALTZALEEN BAZKARIA DONAPALEUN

Xabier Lizardi, Donapalau'ra yoan-etorria, 1922

 

SABEL

 

        Goizean eginak dituzte gogozko jaiak. Gu ordea beti, inora garaiz iritsienean, soinezkora, sabal-jaiera, eta are ozta-ozta. Janez gero, gainerakoak gutxi axola... Meza, mintzoaldi samurrez; batzarrea, aurtengo gora-beherez eta etorkizunerako asmoez apainduak; euskaltzale izandu baten gorazarrez oroitz-harria agertzea... Horiek guztiak zer, urdaila zerk berotua badegu?... Hargatik zan, ba, goizean hasarre Uitzi, horiek ez genituela atzemango... Horrek, hala ere, ez du esan nahi Uitzi jale bizkorra ez danik.

        Dana dala, gaurkoak ez du honez gero zuzentzerik, bai?, eta jan dezagun.

        Jaki-agiria euskeraz poliki egina dago. Horren arabera, lehenengo eltzekari saldatsu bat dakargute, barazki-puxka gozoez egina; gero izokia arrautzolioki edo maionesaz; hurrena idiki ona, eta, azkenik, indioilo bikaina erreta. Guzia alderdi hartako ardoxka garratz batez bustia... Nik, gure Getari eta Zarautzeko txakolina horixka min!

        Baina, ardoa bizienetakoa izan ez arren, labeak hasi dira goritzen... Bai baita lasaibide bat —gure lotsagarritzat norbaitzuk etsia— euskaldunen otoruntzez gero ezin hutsezkoa; eztarri ausartenak ekin diote abesari, kantatzeari...