Inicio > Euskara platerean > Literatura

Literatura

SABELAK HONDATU

Orixe, Santa Kruz Apaiza, 1929

 

SABEL

 

        Euskalduna.— Zer behar du euskaldunak Zu maite izateko?

        Euskal Herria.— Jainkoaren mendean egotea. Zer lege nahi dituzu zere herrirako? Beste noren mende egon nahi? Zere buruaren mende? Begira ez ote zabiltzan oker! Jainkoak bere eskuan dauzka herriak: Harek azaltzen ditu, Harek hondatzen uzten ditu herriak. Haren mendean gauden arte, ez gera hondatuko.

        Euskalduna.— Hortan nago ni ere: Eukal Herrian Jainkoaren legeak behar ditugula aurrena. Baino zer gaitz zer makar degu gaurko euskaldunak?

        Euskal Herria.— Sabela dezute etsairik haundiena. Aberastu zineten, askorekin ohitu, ta orain asko-beharra. Lanerako ez zerate orain ere besamotz, baino atzeko bat etortzen bada, zuen irabaziarekin errezago biziko da, ta etxetik bialduko zaituzte. Atzekoak dituzue nagusi, hoien Amerika zuen herria da, ta zuek itxasoz harontzeko Amerikara joan-beharra, edo behintzat etxetik aldegin-beharra.

        Euskalduna.— Sabelak, jan-edanak hondatu gaitu, bai. Hurrena?

        Euskal Herria.— Hurrena, euskera baztarreratzeak. Gizon bizardunak eta neska apainak, lotsa hartzen dute beren hizkuntzaz. Mutil gazte zoroak ere, ostikoka ta arrotz-jokoa pranko, ta buruan muin gutxi, Euskal Herria gorabehera. Egia garratzagoak ere esan-beharra nintzake, baino gauza bat gogoan idukazu: Jainkoaren legepean nagon arte, Ni ez naiz itzaliko; ta Harengandik aldegiten badet, errukarri naiz. Zuzentasunak eraikitzen ditu herriak; pekatuak ordea errukarri egiten ditu.

        Euskalduna.— Jainkoaren legea ta euskera nahi ditut Zuretzat, Ama Euskal Herria: gañerakoa Jainkoaren kontu. Bera baita herrien jabe ta jaun.