Plastikoak azken mendeko material arrakastatsuena izan dira; denerako eta denean erabiltzen ditugu. Arrakasta horrek, ordea, badu bere ifrentzua: ingurumena poluitzera iritsi dira, eta kalteak eragiten dituzte bizidunetan. Zer egin dezakegu? Zer egin beharko litzateke?
Zientzia eta gizartea bidegurutzean. Eztabaida dezagun
Lau mahai-inguru egingo ditu Elhuyarrek helburu honekin: gizartean kezka sortzen duten gaiak plazaratzea, ikuspegi zientifiko eta kritikoarekin, eta herritarrekin batera eztabaidatzea, herritarren parte-hartzea sustatzeko helburuarekin.
Saio bakoitza gai jakin bati buruzkoa izango da, eta, zeharka, denetan landuko dira ingurumena, berdintasuna eta hizkuntza. Hiru adituk parte hartuko dute saio bakoitzean, gaiari buruz duten ikuspegia eskaintzeko, eta herritarren parte hartzea ere bultzatuko da, Elhuyarreko kide batek gidatutako dinamika baten bitartez.
Hizkuntza: gaztelaniazko aldibereko itzulpena egongo da.
Antolatzailea: Elhuyar
Laguntzailea: San Telmo Museoa