Indonesia. Zuzendaritza: Kimo Stamboel. Ekoizpena: Gope T. Samtani / Rapi Films, Sky Media. Gidoia: Joko Anwar. Argazkia: Patrick Tashadian. Musika: Fajar Yuskemal, Yudhi Arfani. Muntaketa: Arifin Cuunk. Aktoreak: Ario Bayu, Hannah Al Rashid, Zara JKT48, Ari Irham, Muzakki Ramdhan, Shenina Cinnamon, Giulio Parengkuan. Iraupena: 100 min.
HIZKUNTZA: indonesiera / AZPITITULUAK: euskara, ingelesa
Mo Brothers zuzendariak "lndonesiako beldurraren harribitxia" direla diote blog irredentoenek. Egiten duten zinea gordina eta bortitza dela azpimarratzen dute, baina ez zaiola umorerik falta, eta haien eraginak, nola ez ba, AEBn eta Japonian kokatzen dituzte. Timo Tjahjanto eta Kimo Stamboel dira Mo Brothers. Azkena aipatuak bere bigarren bakarkako lana aurkeztuko du Astean (iaz lehenengoa aurkeztu zuen, DreadOut). Bai berak eta bai guk eremu ezaguna zapaldu genuen: umezurztegi zahar bat. Hortxe izango dugu banketea; odola, beldarrak, abusuak, neska anorexikoak, ez dituzten mitxelinak xerratzen, ume tirokatuak (perdigoiak bakarrik, lasai). Freddy Kruegerren espiritua ez omen dabil urruti. Ezta Clive Bakerrena ere. Ondo baino hobeto, orduan.