Antzerkia, bertsolaritza, kantagintza, literatura... gustuko dituzu?
18-22 urte bitarte?
Ostegunak bereziak izango dira aurten ere azaroan unibertsitate inguruan dabiltzan gazteentzat. Iaz egin bezala, ahozko kultur sorkuntzarekin ondo pasatzeko Ahostegunak antolatu dugu Mintzola Ahozko Lantegiak eta UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak, Euskaltzaindiaren eta EHUKulturaren laguntzarekin batera.
Antzerkiaz, bertsoaz, kantuaz eta literaturaz gozatzeko saioek osatzen dute Ahostegunak. Ostegunetan egingo dira saioak, 16:00etatik 19:00etara, UPV/EHUko Gipuzkoako campusaren ondoan dagoen Euskaltzaindiaren egoitzan, Donostian. Urriaren 29an izango da lehen saioa, eta elkarren segidako beste lau ostegunetan egingo dira, azaroaren 26ra arte. Aipatutako kultur sorkuntza bat landuko da egun bakoitzean: gazteek beraien artean harreman sarea ehuntzea da helburua, esperientziak eta iritziak partekatzea, eta diziplina horretan aritu eta aditu den lagun batek edo batzuek hartuko du(te) parte saio bakoitzean. Azken egunean, aurretik egondako gonbidatu guztiekin mahai-ingurua egingo dugu.