Azkoitiko Bigoterik Gabea antzerki taldeko kideak gara. 2017an, K-baret antzerki musikalaren proiektua jarri genuen martxan eta azken bi urteotan oholtzaratu dugu. K-baretak badu aurreko antzezlanekin alderatuz bereizgarri bat: lehen aldiz, guk geuk jarri diegu ahotsa abestiei. Kantuen lanketaz baliatuta, taldeko abeslariok kontzertu akustikoak egiteko hautuari heldu genion. K-baretak dakarren azpiproiektu bat bada ere, antzezlanetik at dauden abestiek ere osatzen dute kontzertua. Musikaz gozatu eta kide bakoitzari oholtzara igotzeko aukera bat gehiago emateko modua da.