Atzokoak gaur programaren gai nagusia aurten saskigintza izango da. San Telmok urtero, Aste Santuan, ofizio tradizional baten inguruko jarduera sorta antolatzen du galtze bidean dauden lanbideak ezagutzera emateko asmoz. Aurten apirilaren 7tik 19ra erakusketa, zuzeneko erakustaldiak eta haur eta familientzako jarduerak egongo dira saski motak eta horiek sortzeko moduak ezagutzeko.
Egitarauaren inguruko xehetasun gehiago, laster.
Haurrentzako ipuin kontaketa, Izaskun Mujikak eskainia. Katu biboteduna ipuina online entzun eta ikusi ahal izango da gure Youtubeko kanaleko zerrenda honetan. Ipuina zeinu hizkuntzan eskainiko du Eskuaireko Bego Gonzalezek.
Bideoa apirilaren 11n 16:00etatik aurrera ikusgai egongo da.
Martxoaren 30ean hasi ziren Ipuinaren Orduaren saio birtualak, Lur Korta eta bere taldearen eskutik. Saioa egunero izango da, 16:00etan, familia osoari zuzendutako ipuin batekin. Saio hauek euskaraz izango dira, igandeetan izan ezik (horiek gaztelaniaz izango baitira) eta larunbateko saioa zeinu hizkuntzan eta euskaraz izango da. Honako narratzaile hauen saioez gozatzeko aukera izango da: Lur Usabiaga, Izaskun Mujika, Saioa Aizpurua, Kattalin Ansorena, Amaia Puin, Iraitz Lizarraga eta Lur Korta.
Apirilaren 9ko oharra: hainbat eragilek apirilaren 10erako eta 11rako deitutako kultur itzalaldi digitalarekin bat egin du artistak eta ekitaldi hau atzeratu egingo da datorren astera (apirilaren 17ra).
"Itxialdi honetatik barrura begiratzen saiatzen naiz, sentitzen eta pentsatzen. Pianoa, inprobisazioa, musika emozioen gune eragingarri gisa, babeslekua da niretzat, gozagarri bat, baina baita pizgarri bat ere, bultzada bat. Kontzertu txiki honetako bi piezen bidez guztiekin partekatu nahi dut sorkuntzaren unibertso hori, gogoetarako eta emoziorako leku bihurtu nahian".
Iñaki Salvadorrek bi piezatako kontzertua eskainiko du Youtubeko gure kanaleko zerrenda honetan.
Bideoa apirilaren 17n 19:00etatik aurrera egongo da ikusgai.
Antzokia Etxean programarekin jarraituko dugu, zeinak agenda berri bat irekiko baitu ostegunetik igandera bitarte (gune eszenikoetan jende gehien izaten den egunetan, alegia), 19:00etan. Hemengo artista eta sortzaileek beren ikuskizun edota sorkari berri orain arte erakutsi gabeen zatitxoak eskainiko dituzte formatu honetan. Kontzertuak, bakarrizketak, koreografiak... izango dira, 5 eta 15 minutu artekoak, eta primizia gisa gozatu ahal izango dira Donostia Kulturako kanaletatik.