Albisteak

1.000 establezimendutik gora atxiki dira “Merkataritzan eta ostalaritzan ere euskaraz” egitasmora

Donostiako Udalak, sektoreko eragile eta euskara elkarteekin batera, “Merkataritzan eta ostalaritzan ere euskaraz” proiektua martxan du hiriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektorean euskararen erabilera sustatzeko asmoz. 

Duela bi urte abian jarritako egitasmoa zabaltzen eta gorpuzten joan da eta egun 1.098 saltegik bat egin dute egitasmoarekin.

Miren Azkarate 2016 Hiriburutzako, Kulturako, Euskarako eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkariak azaldu duenez euskararen erabilera sustatu nahi dugu hiriko establezimenduetan. Bezeroak euskaraz ere artatuak izango direla bermatu nahi dugu, eta horretarako baldintzak bete eta egitasmoarekin bat egiten duten establezimenduak eranskailu batekin identifikatzen ditugu. Horri esker, bezeroek identifikatutako establezimendu horietan euskaraz egin dezaketela jakingo dute.

2016an Gros, Egia, Loiolako Erribera eta Amara Berriko saltegiak bisitatu dira

Merkataritzan eta ostalaritzan ere euskaraz” proiektua fase ezberdinetan eta eremuka gauzatzen ari da. Aurten Gros, Egia, Loiolako Erribera eta Amara Berriko establezimenduak bisitatu diraeta 503atxiki dira egitasmora ( Grosen 289, Egian 70, Amara Berrin 137 eta Loiolako Erriberan 7). Proiektuan parte hartzeko baldintza bakarra bete behar dute: bezeroei arreta eskaintzen ari diren langileen erdiek edo gehiagok euskaraz ondo hitz egiteko gaitasuna izatea eta, era berean, lehen hitza euskaraz egiteko konpromisoa hartzea.

Horrela, baldintza hori bete eta egitasmoan parte hartzeko interesa duten establezimenduek eranskailua jartzen dute kalera begira (atean edo erakusleihoan). Behin establezimendua identifikatuta, bezeroek eranskailua ikustean, bertan euskaraz egin dezaketela jakin dezakete.

Egitasmo hau abian jarri zenetik 4.108 establezimendu bisitatu dira eta horietatik 1.712 saltegik, %41,67, baldintzak betetzen dituzte, hots, bezeroei arreta eskaintzen diren langileen erdiak euskaldunak dira. Baldintzak betetzen dituzten 1.712 horietatik, %64, hots, 1098 saltegi atxiki dira egitasmora.

Herritarrek euskara erabiltzeko urratsa eman dezaten lehiaketa antolatu da

Donostiako Udalak herritarrak animatu nahi ditu, establezimenduetan oro har eta horietan bereziki, euskara erabiltzera. Miren Azkarate, 2016 Hiriburutzako, Kulturako, Euskarako eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkariak azaldu duenez, “Udalak erraztasunak eman nahi dizkio euskara erabili nahi duen herritarrari eta horretarako ari da identifikatzen zerbitzua euskaraz eman dezaketen saltegiak. Horrekin batera, garrantzitsua iruditzen zaigu donostiarrak animatzea hiriko denda eta establezimenduetan euskaraz egitera eta asmo horrekin antolatu dugu lehiaketa hau”.

“Nik hemen ere euskaraz” kanpaina/lehiaketa abian da Gros, Egia, Amara Berri eta Loiolako Erriberan eta azaroaren 26ra arte iraungo du. Auzo horietan identifikatu diren eta lehiaketan parte hartu nahi duten establezimenduetako bezeroek “Truke-txartel” bat jasoko dute euskara erabiltzeagatik establezimendu horretan. Txartel hori saritua izan den jakiteko Donostiako kaleetan jarriko diren postu ibiltariren batera joan beharko da. Postu horietan panel bat egongo da zenbakiekin eta truke-txartela duenak horietako bat aukeratuko du saria eskuratu ahal izateko. 2.000 euro banatuko dira saritan (40 euroko 50 erosketa txartel). Irabazleek truke-txartela eskuratu zuten establezimenduan gastatuko dute dirua. Sari horiez gain, beste hainbat produktu sorta (poltsak eta abar) lortzeko aukera egongo da.

Postu ibiltariak ondoko leku eta egunetan jarriko dira:

Azaroaren11n, ostirala, Groseko Nafarroa Beherea plazan ( 17:30-21:30)

Azaroaren 12an, larunbata, Egiako Luis Martin Santos plazan ( 10:30-14:30)

Azaroaren 19an, larunbata, Loiolako Erriberako Bartzelona Hirib. 20an ( 10:30-14:30)

Azaroaren 25an, ostirala, Amara Berriko Amara plazan ( 17:30-21:30)

Azaroaren 26an, larunbata, Amara Berriko Madril etorbidearen 16an ( 10:30-14:30)

Horrez gain, eta kontuan hartuta Intxaurrondo, Parte Zaharra, Antigua, Erdialdea eta Amaran ere aurretik identifikatutako establezimenduak badaudela, komunikazio kanpaina orokorragoa egingo da hainbat hedabide eta sare sozialetan. Egitasmora atxiki diren establezimendu guztiak www.donostiaeuskaraz.eus web orrian jarritako mapa interaktiboan aurki daitezke.

Merkataritzan eta ostalaritzan ere euskaraz”egitasmoa Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak garatzen du sektoreko eragileekin Donostiako Sustapena, San Sebastian Shops, Gipuzkoako Merkatarien Federazioa, Gipuzkoako Ostalarien Elkartea eta euskararen alde lan egiten duten zenbait elkarte eta auzoetako euskara batzordeekin.

Irudia eta errentagarritasuna hobetzeko modua

Donostiako merkataritzaren bezero garrantzitsuenak donostiarrak eta gipuzkoarrak izanik (%71,9) eta kontuan hartuta hauen euskararen ezagutza (donostiarren %40,6 euskalduna da eta %28,6 ia-euskalduna, eta Gipuzkoarren %53,7 euskalduna da eta %22,7 ia- euskalduna), euskaraz hitz egiteko eskaintza bermatuz gero, bezero euskaldunari zerbitzu hobea eskainiko zaio, eta negozioa errentagarriagoa izango da.

Itzuli