Albisteak

2019ko Poltsiko Antzerki Sorkuntza: "Ama-Alu-lur" proiektuak irabazi du

Euskarazko formatu txikiko antzerki sorkuntza eta ekoizpena bultzatzeko 2019ko Poltsiko Antzerki Sorkuntza izeneko programak baditu dagoeneko lehen eta bigarren sariak. Jasotako proiektuen artean, epaimahaiak lehen saria eman dio Intujai teatro taldearen Ama-Alu-lur (Sorgin baten ametsak...) antzezlanari. Bigarren sariak, berriz, Txinparta taldearen Zurrunbiloan lanari egokitu zaio.

Ama-Alu-Lur (Sorgin baten ametsak)

Proiektu honen ideia eta gidoia Beatriz Larrañagaren eta May Gorostiagaren eskutik datoz. Biak testuan parte hartzen dute, Imanol Arabaolaza eta Ekaitz Goikoetxearekin batera. Era berean, bertsoak, Ekaitz Goikoetxearenak dira. Azkenik, Beatriz Larrañaga eta Itziar Saenz de Ojer izango dira antzezlanean parte hartuko duten bi aktore nagusiak. Antzezlan honen abiapuntua komunikabideetan agertutako albiste bat da:Oreretako AITZBITARTE IV kobazuloan, duela 14.000 urte inguruko paleolito garaiko irudiak aurkitu dituzte. Guztien artean goi-behe metro bat baino gehiago den alu bat nabarmentzen da... Albiste horren inguruan sekulako trama prestatuko dute.

 

Zurrunbiloan

Antzezlan honetan aktore lanetan Nerea Gorriti eta Ander Azurmendi ditugu. Bestalde, gidoilari bezala, Iñigo Dierez arituko da.Proiektu honen sinopsia hauxe da: Gaizka aulki batean aurkitzen da. Ez daki nola iritsi den horretara, ezta zer gertatu zaion ere. Harrapatuta, laguntza eske hasiko da. Halako batean, eskuan gitarra daraman emakume bat agertuko zaio. Baina... Gizakia al da? Gaizkak ez du jakingo amaiera arte. Dakien bakarra gitarra jole hori bere arazoei amaiera ematen laguntzera etorri dela izango da. Horretarako, bere barnean erantzun asko aurkitu beharko ditu.

 

Proiektu irabazleak 4.000 euroko diru-laguntza jasoko du proposatutako antzezlana garatzeko eta ekoizteko. Bigarren sariak, berriz, 3.200 euroko diru-laguntza izango du. 2019ko otsailaren 7tik 24ra Donostiako hainbat taberna eta aretotan egingo den Poltsiko Antzerki Jaialdiaren 28. edizioaren barruan ikusteko aukera izango da.

Donostia Kulturak, Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak deialdian parte hartu duten guztiei beren esker ona azaldu nahi diete.

Itzuli