Albisteak

22 haur eta gazte saritu dituzte aurtengo 31. Koldo Mitxelena Literatura Lehiaketan

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak sari banaketa birtuala antolatu du aurtengo Koldo Mitxelena Literatura Lehiaketako irabazleak ezagutzera emateko. Covid 19 dela eta, Udalbatza aretoan eta aurrez aurre antolatzen den ekitaldia egiteko aukerarik ez zegoenez, bideo batean jaso den sari banaketa originala eta ezohikoa antolatu da.

Urtero bezala, saridunak izan dira protagonista nagusiak alegiazko sari-banaketan. Saria jaso duten haur eta gaztetxoek etxean egindako grabazioak bidali dituzte beraien lanak irakurriz edota azalduz. Sara Cozarrekaurkezpen lanak egin ditu hutsik zegoen pleno aretoan; Iñaki Salvadorrek eta Ainara Ortegak musika dotorez apaindu dute ekitaldi birtuala, eta epaimahaiko kideek saritutako lanen gaineko azalpen interesgarriak eman dituzte. Azkenik, Eneko Goia Alkateak eta Jon Insausti Euskarako zinegotzi ordezkariakhutsik zegoen udaletxetik zoriondu dituzte saritu eta aipatu guztiak.

Bestalde, itxialdia zela, irabazleek sariak jasotzera udaletxera joaterik ezin zutenez etxean jaso dituzte sariak. Hala ere, ekitaldi bukaerako urteroko “familia argazkia” egin dute, modu birtualean hau ere, saridunekin, epaimahaiko kideekin, agintariekin eta aurkezle zein musikariekin.

 

 

1.244 lan aurkeztu dira aurtengo edizioan

Koldo Mitxelena Literatur Lehiaketaren31. edizioan 22 lan saritu dira eta 39 lanekjaso dute aipamen berezia. Parte hartzeari dagokionez, arrakastatsua izan da oso, iaz baino 200 lan gehiago aurkeztu baitira lehiaketara, 1.244 lan hain zuzen ere.

31. edizioan saritutako lanak (6 komiki, 2 olerki, 6 ipuin, 4 bertso eta 4 mikroipuin) liburuxka birtual batean bildu dira eta www.donostiaeuskaraz.eus -en ikus daitezke.Bertan, epaimahaiaren (Iñaki Martinarena “Mattin” komikigilea, Beñat Gaztelumendi bertsolaria eta Yolanda Arrieta, Ana Malagon, Inazio Mujika eta Arantxa Urretabizkaia idazleak) aipamen berezia merezi izan duten lanen zerrenda ere argitaratu da; 39 lan, hain zuzen ere. Aurtengo edizioan, bestalde,24 ikastetxeko ikasleek parte hartu dute.

Informazio gehiago

 

 

 

Itzuli