Albisteak

300 gaztek euskara eta hizkuntzen inguruan arituko dira Tabakaleran abenduaren 13an,14an eta 18an

Ekolingua

Gazteak Tabakaleran jokoaren dinamika batean.

300 gaztetik gora elkartuko dira gaurtik aurrera Tabakaleran euskara eta hizkuntzei buruz hitz egin eta gogoeta egiteko. Abenduaren 13an, 14an eta 18an, Donostiako hamahiru ikastetxetako 14 eta 20 urte bitarteko gazteak bilduko ditu UdalekoEuskara Zerbitzuak.

Ekolingua solas jokoa erabiltzen da baliabide gisa gazteak berriketan jartzeko.  Gazteek hizkuntzen gaineko arrazoibide eta kontzeptuak mahai gainean jartzen dituzte eta horrek gogoeta egiteko tartea zabaltzen du.

Abenduaren 13an eta 14an, 9 ikastetxetako 230 gazte arituko dira Tabakaleran euskararen inguruan solasean. Gazteak taldeka bildu eta EkoLingua karta jokoan hasiko dira. Bertan informazio, eztabaida eta erronka kartak daude, eta horietan oinarrituta bideratzen da solasaldia eta hausnarketa.

Donostiako DBHko Euskara Batzordeen Topaketa

Hilaren 18an aldiz, Donostiako DBHko zazpi ikastetxetan ikasleek sortuta dituzten Euskara Batzordeetako kideak bilduko dira. Bertan, ikastetxe hauetako ikasleen aktibazioa modu berezian landuko da, gazte hauek euskararen aldeko jarrera aktiboa baitute aldez aurretik. Horien kasuan, tresnak eman nahi zaizkie beraien inguruan, kuadrillan eta abar eragiteko.

Elkarrizketarako gunea

Ekolingua eta Euskara Batzordeen topaketa dinamika interesgarriak dira euskarari buruzko elkarrizketak eta eztabaidak piztu eta iritziak trukatzekoHorrez gain, euskara batzordeetan ari diren gazteekin zuzeneko harremana izateko baliagarria izango da.

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatu ditu saio hauek guztiak Horrez gain,  EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko graduko ikasleek prozesu osoan parte hartu dute eta Jone Miren Hernandez eta Jaime Altuna irakasleen gidaritzapean. Horrela, egun horietan gazteek ateratzen dituzten ondorioak oinarri hartuta, azterketa bat aurrera eramango dute.

 

Itzuli