Albisteak

Artistak bilatzeko Izarrak Plazara ekimenean izena emateko epea zabalik

Izarrak Plazara 5-17 urte bitartekoei zuzendutako ekintza da, artistak bilatzeko ekimena, eta beraz, musika tresnak jotzea, kantatzea, dantzatzea, antzerkia egitea, txisteak kontatzea, bertsoak kantatzea, magia egitea, zirku ikuskizunak eskaintzea... gogoko dutenek hementxe dute aukera. Ekimen honen helburu nagusia gazteen sormen artistikoa sustatzea da, eta aldi berean, elkarrekin euskaraz ongi pasatzea.

Izarrak Plazara 2012. urtean sortu zen Intxaurrondoko Plazara Goaz euskara elkarteak sustatuta, auzoko Kultur Etxeak lagunduta (Donostia Kultura) eta beste erakunde batzuen babesarekin. 2017.urtetik Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak, Donostia Kulturak, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostiako Udaleko Gazteria Sailak dute ekimenaren ardura, eta emanaldi nagusiak Olatu Talka jaialdiaren baitan egingo dira.

Ekimena bi kategoriatan banatzen da, adinaren arabera: 5-11 urte bitartekoak (2008-2013 urteen artean jaioak, biak barne) eta 12-17 urte bitartekoak (2001-2007 urteak). Partaideek taldeka edo bakarka aurkezteko aukera izango dute eta ikuskizun originala edo moldatua izan daiteke. Ikuskizunak gehienez 5 minutukoak izango dira eta euskaraz izan beharko dute. Abilezia erakusteko musika lagungarri gisa erabiliz gero, esaterako, dantza egiteko, musika lagungarri hori euskaraz izan beharko du.

Izen-emate epea

12-17 urteko gaztetxoek martxoaren 22ra arteko epea izango dute izena emateko, eta hori www.olatutalka.eus webgunearen bidez egin beharko dute. Izena ematen dutenek casting bat egingo dute apirilaren 5ean (edo 6an parte-hartzaile kopuruaren arabera) MartutenekoEtxarrienen, eta horietatik, emanaldi nagusirako 6 bakarlari edo talde aukeratuko dira. Emanaldi nagusi hori Olatu Talka jaialdiaren baitan egingo dute, ekainaren2an. Castingean aukeratutakoek aditu talde baten laguntza izango dute euren ikuskizunak hobetu ahal izateko. Adituakhauek izango dira: Ainhoa Aierbe aktorea, Jabi Rodilmusikaria eta Edu Muruamendiaraz dantzaria. Tailer horiek, maiatzean zehar egingo dira, antolatzaileek zehaztutako egun eta orduetan.

Bestalde, 5-11 urte bitarteko partaideek ere martxoaren 22ra arteko epea izango dute izen emateko, baina horretarako Donostiako Haurtxokoetara jo beharko dute. Parte-hartzaileek entseguak izango dituzte antolatzaileek zehaztutakoan, euren ikuskizuna behar bezala prestatu ahal izateko, eta ekainaren 1ean Larratxo Kultur Etxean egingo dute azken emanaldian.

Partaide guztiek gurasoen edo tutoreen baimen sinatua eraman beharko dute castingaren egunean edo entsegu egunetan (baimen-inprimakia Olatu Talkaren webgunean dago). Informazio gehiago: www.olatutalka.eus webgunean eta Bagera Elkartean bagera@bagera.eus helbidean edo 943 005 074 telefono zenbakira deituz.

Itzuli