Albisteak

Bai Euskarari Elkarteak Enpresarean Azokaren egitaraua aurkeztu du, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera

Enpresarean Azokaren laugarren edizioaren egitaraua aurkeztu da, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera. Urriaren 25ean izango da euskal enpresen eta profesionalen sareko topaketa, ekonomia eta teknologia arloko adituen hitzaldi eta solasaldiekin. Aurtengo izenburuak ikuspegi ugari erakarriko ditu: "Pertsonak, digitalizazioa eta transformazioaren etorkizuneko erronka".

Bai Euskarari Elkarteko zuzendariak, Rober Gutiérrezek, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendariak, Garbiñe Mendizabalek, azpimarratu dute aurtengo ekitaldian goi mailako enpresek eta adituek parte hartuko dutela, askotariko errealitate eta ikuspegiekin. Izan ere, Bai Euskarari Elkarteko zuzendariak esan bezala, “euskararen erabilera arlo sozioekonomikoan sustatzea helburu nagusi izanik, Enpresareanen bitartez enpresei eta profesionalei proiektuak ezagutzera emateko aukera eskaintzen zaie, solasaldirako, eztabaidatzeko eta elkarlana sustatzeko espazio bat partekatzeko aukera baliatzen dute, profesionala eta euskalduna”.

 

 

Esparru sozioenokomikoan ere, hizkuntza berdintasuna

Gipuzkoako Foru Aldunditik nabarmendu dute Hizkuntza Berdintasuneko saila inplikaturik dagoen bezala, Ekonomia Sustapeneko lantaldea ere azokan barneratuta dagoela; izan ere, “euskarak pisu eta balio esanguratsua du eta enpresa munduan hizkuntza kudeaketa premiazko elementua da”. Bukatzeko, gehitu nahi izan dute azoka hau “urrats garrantzitsua dela euskararen inguruan sareak sortzeko eta praktika onak partekatzeko, esparru sozioekonomikoan ere hizkuntza berdintasunean bidea egin dezagun”.

2000 euroko saria, “Arin-arin”

Azokarekin batera, aurreko edizioetan bezala, “Arin-Arin” saioa egingo dela iragarri da. Parte hartzaileek euren proiektuak 3 minututan azaldu beharko dituzte, arin eta labur, eta ideia irabazleak 2.000 euroko saria jasoko du proiektua garatzeko. Baloratuko da proiektua berritzailea izatea eta garatzeko aukera izatea.

 

Izen-ematea

Ekitaldira publiko bezala bertaratzeko, bete ondorengo galdetegia: 

https://goo.gl/forms/ilkN0fdAdcrhk9Xa2

Arin-arin saioetan parte-hartzeko, bete ondorengo galdetegia:

https://goo.gl/forms/J1nMSJ5PRkcMNoz43

Informazio gehiago

Enpresarean Azokaren inguruko informazio osagarria, izen-emateak, egitarau osoa, parte-hartzaileak, etab.:

Egitaraua

https://www.enpresarean.eus/info/ikusi/enpresarean-azoka-2018

Itzuli