Albisteak

Donostia martxan da Euskaraldiaren bigarren ediziorako

Duela bi urteko Euskaraldiari jarraipena emanez, 2020an ere Euskaraldiaren bigarren ariketa antolatuko da Donostian. Bigarren edizioan, baina, beste urrats bat egin nahi da: hau da, norbanakoek ez ezik entitateek ere parte hartzea lortu nahi da, hizkuntza praktika berriak bultzatzen jarraitzeko neurriak hartuz.

Aurkezpenean, Eneko Goia Donostiako alkateak eta Markel Olanok, Gipuzkoako Diputatu Nagusiak, Euskaraldiak dituen ezaugarriak eta erronkak gogoratu dituzte. Maddi Juanikorena Bagerako ordezkariak, berriz, bigarren edizioak dituen berrikuntzak aipatu ditu. Bestalde, Euskaraldian parte hartuko duten Donostiako entitate batzuk (Amara Berri Auzo Elkarteak, Aquariumak, Arantzazuko Ama ikastolak, Kutxa Fundazioak, Plazara Goaz Intxaurrondoko Euskara Batzordeak eta Realak) aurreratu dutezergatik parte hartuko duten eta zein urrats emango dituzten hizkuntza ohiturak aldatzeko beraien erakundean.

Aipaturikoez gain, Tabakaleran egindako ekitaldian, 2018ko euskaraldian sustatzaile izan ziren hainbat entitatek parte hartu dute eta horiei ere gonbita egin zaie bigarren edizioan parte hartzera.

 

Ariguneak, entitateetan euskara erabiltzeko espazio edo guneak

Bigarren edizioaren berrikuntza entitateetan datza, beraien barruan ariguneak identifikatu eta sortzea eskatuko baitzaie. Ariguneak euskaraz lasai aritzeko guneak dira, entitate baten barruan dagoeneko eratuta dauden hiztun taldeak edo espazioak. Arigune bat sortu ahal izateko, ezinbestekoa izango da bertako kide guztiek euskara ulertzea eta gehien-gehienak ariketa egiteko prest egotea. Arigune horiek, beraz, kideen adostasunez osatzen dira eta bertan parte hartuko duteahobizi edo belarriprestek. Ariguneak hizkuntza ohiturak aldatu eta finkatzeko egokiak izatea da helburua.

Bi motatako ariguneak egongo dira:

  • Barne funtzionamenduko guneak (entitate barruko taldeak dira)
  • Kanpo harremanetarako guneak (herritarrekiko harreman espazioak dira, herritarrekin osatutako ariguneak dira. Espazio horietan 15 egunez beti egongo da belarriprest edo ahobizi bat, herritarrak euskara hitz egiteko aukera izan dezan)

Antolatzaileek adierazi dute kantitateari baino kalitateari erreparatu nahi diotela, “Arigune asko sortu baino garrantzitsuagoa iruditzen zaigu sorturiko ariguneak hizkuntza ohiturak aldatzeko baliabide sendoak izatea eta, ariketaren ostean ere, hizkuntza ohitura berriak mantendu eta euskarari eusteko tresna egokiak izatea”.

Euskaraldian parte hartu nahi duen edozein entitatek izena eman dezake jada euskaraldia.eus atarian. Izena emateko epea uztailean bukatuko da. Entitate batek parte hartu nahi badu gutxienez arigune bat sortuta izan beharko du.

Gogoratu behar da Euskaraldian abian jarri nahi den metodologia probatu egin zela iazko azaroaren 22tik abenduaren 3ra Intxaurrondon “Nitik haratago! Baietz 11 Intxaurrondon!” izeneko ariketan, Plazara Goaz euskara batzordeak sustatuta.

 

Belarripresten bila ahobiziak indartzeko

Hizkuntza aktibaziorako gune horiez gain, ezinbestekoak izango dira herritarrak: ahobiziak eta belarriprestak. Donostian aurreko edizioan baino belarriprest gehiago lortzea izango da erronketako bat. 2018. urtean Donostian parte hartu zutenen %73k (12.849 pertsonek) ahobizi rola aukeratu zuten eta %27k (4.800 pertsonek) belarriprestena. Belarriprest gehiago erakarrita ahobiziak indartzea lortzen dela gogoratu dute antolatzaileek

Horrekin batera, aurtengo edizioaren beste helburuetako bat rol bakoitzari dagokion konpromisoa ondo ulertzea izango da.

Hemendik aurrera Bagera eta Donostiako Udala hiriko eragileekin harremanetan jarriko dira ariketaren ezaugarriak ezagutzera eman eta ariguneak sortzera anima daitezen. Auzo mailan ere, batzordeak sortzen hasiko dira euskara batzordeen eskutik.

Edozein informazio behar izanez gero, Donostian Euskaraldiaz arduratzen direnekin harremanetan jar daiteke:

Emaila: donostia@euskaraldia.eus

Telefonoa: 688717074/ 943005074

 

 

Itzuli