Albisteak

Donostiako erdialdeko 600 establezimendu bisitatuko ditu Udaleko Euskara Zerbitzuak

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak Erdialdeko 600 establezimendu bisitatuko ditu euskararen erabilera sustatzeko dituen zerbitzu eta diru laguntzen berri emanez. Bisita horietan establezimendu bakoitzaren egoera eta ezaugarriak kontuan hartuta, euskararen erabilera areagotzeko dituen aukerak aztertu eta Udalak eskaintzen dituen baliabideak erabili eta egitasmoetan parte hartzeko azalpenak emango zaizkie.

Jon Insausti Kulturako eta Euskarako zinegotziak Euskara Zerbitzuak eskaintzen dituen laguntzak eta zerbitzuak gogoratu ditu. “Euskara ikasteko laguntzak ematen ditugu, sektoreko langileentzako euskara ikastaro berezituak antolatzen ditugu euskaltegiekin elkarlanean; errotulazioa euskaraz edo ele bitan egoteagatik laguntzak ematen ditugu; euskara ikasteko lehen urratsak egiteko material espezifikoa eskaintzen dugu; testuen itzulpen eta zuzenketa egiteko doako zerbitzua eskaintzen dugu eta zerbitzuak euskaraz ematen dituzten establezimenduak identifikatzeko egitasmoa ere badugu”.

Erdialdeko bezero gehienak gipuzkoarrak dira eta euskara ulertzen dute

Euskara zinegotziak garrantzia eman dio merkataritza eta ostalaritzan euskararen erabilerari eta hizkuntzen kudeaketa egokia egiteari. “Donostiako establezimenduetako bezeroen gehiengoa gipuzkoarra da, baita Erdialdean ere. Auzo turistikoetako establezimenduetan egiten den gastuaren %87 gipuzkoarrek egiten dute eta gipuzkoarren hiru laurdenak euskara ulertzen du”. Datu horiekagerian uzten dute, Insaustiren ustez, euskara erabiltzeak onurak besterik ez dizkiola ekartzen establezimendu bati “komunikazioa hobetzen duelako, bezero euskaldunak asebetetzen dituelako eta negozioari balio erantsia ematen diolako. Euskara bertako bezeroak erakartzeko eta harreman estuagoa lortzeko, hau da, fidelizatzeko balio du”.

 

Lehendabiziko bisitak San Martin merkatuan

Aste honetan hasi dira Erdialdeko establezimenduak bisitatzen, San Martin merkatutik hasita. Azaroaren bukaera bitartean, Erdialdeko 600 establezimendu bisitatuko dira. 2022an hiriko beste zenbait auzotako establezimenduak bisitatzea da asmoa.

Udaleko Euskara Zerbitzua sektoreko hainbat eragilerekin ari da elkarlanean merkataritzan eta ostalaritzan euskara sustatzeko asmoz. Horietako batzuk gaurko prentsaurrekoan izan dira: Iñigo Garcia Sshops Donostiako kudeatzailea; Arantza Kortabarria, Gipuzkoako Merkatariak ordezkatuz; Eneritz Olaizola, Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearen izenean;eta Amaia Elosegi, Donostiako Sustapenaordezkatuz.

 

Udaleko Euskara Zerbitzuak merkataritza eta ostalaritza sektorearentzat duen informazioa www.donostiaeuskaraz.eus/merkatari webean jasota dago.

Itzuli