Albisteak

Donostiako euskararen kale erabilera %15,2 da

Soziolinguistika Klusterrak egindako Hizkuntzen Erabileraren VII. Kale-Neurketaren emaitzen arabera, Donostian euskararen kale erabilera %15,2 da. Bost urtean behin egiten den neurketak adierazten du gazteleraz entzuten dela gehien( %80,5 ) Donostiako kaleetan. Frantsesaren erabilera %0,2 da eta beste hizkuntza batzuena berriz %4.

Azken hamar urteetan, 2006tik 2016ra, atzera egin du euskararen kale-erabilerak Donostian. Hala ere, atzerago begiratuz gero, 1989-2016 epealdian, ia bost puntuko igoera izan du.  Igeldon ( %75) eta Añorgan  (%46,2) erabiltzen da gehien, eta Altzan (%4,2) eta Bidebietan(%7,9) gutxien.


Emakumezkoen (%15) eta gizonezkoen(%15,5) erabilerari dagokionez,  nahikoa parekoa da. Haurrak (2-14 urte) dira euskara gehien erabiltzen dutenak (%26,9),  gutxien berriz adinekoek ( 65 urtetik gorakoak) egiten dute, %16,9. Gazteek ( 15-24 urte) eta helduek (25-64) antzeko erabiltzen dute, %13 eta %13,5, hurrenez hurren.
 
Bestalde, erabilerarik altuena haurrak eta nagusiak elkarrekin hizketan ari direnean ematen da. Haurra hitz egiten ari bada erabilera %32,9koa da  eta nagusia ari denean %25,1ekoa.  

Euskal Herrian orokorrean beherantz

Euskararen kale erabilera Euskal Herrian apaldu egin da azken 10 urteetan. 2006an, %13,7koa zen eta 2016an berriz, %12,6koa. Joera desberdinak sumatzen dira herrialdeen arabera: Bizkaian (%8,8), Gipuzkoan (%31,1) eta Ipar Euskal Herrian (%5,3) euskararen erabilera jaitsi egin da; Araban (%4,6) eta Nafarroan (%6,7) aurreko neurketetan baino euskara gehiago entzun da.

Hiriburuei dagokienez, Bilbon %2,5ekoa da, Gasteizen %3,7koa, Baionan %1,9koa eta Iruñean %2,9koa. 

Ikerketa honen datu nagusiak txosten batean jasota daude. Gogoratu behar da Euskal Herri osoko 144 udalerritako kaleetan jaso direla datuak,  515.260 solaskideren arteko  187.635 elkarrizketa behatu ondoren.

Donostiari dagozkion datu guztiak berriz, hemen aurki ditzakezu.

Itzuli