Albisteak

Donostiako talde politikoek ere bat egiten dute Euskaraldiarekin

Donostiako Udaleko talde politikoek bat egin dute azaroaren 20tik abenduaren 4ra izango den Euskaraldiarekin. Beren babesa erakusteko, argazkia egin dute eta herritarrak ekimenarekin bat egitera animatu dituzte. Izena eman ahal izango da azaroaren 19a arte, ahobizi edo belarriprest rola aukeratuta.

Antolatzaileek euskara jakin edota ulertzen duen 16 urtetik gorako donostiarrak animatu nahi dituzte bigarren edizioa honetan parte hartzera. Antolatzaileen esanetan, izen-ematea www.euskaraldia.eus webgunearen bidez edota mugikorretarako sorturiko aplikazioaren bidez egitea komeni da. Hala ere, datozen bi asteburuetan hiriko hainbat lekutan; hiriko kultur etxeetan, Bagera elkartearen egoitzan, Udaleko Euskara Zerbitzuan edota hirian zehar jarriko diren haimetan izena eman ahal izango da. Bestalde, gogoratu behar da hiriko 230 entitatek 500 arigunetik gora sortu dituztela eta horietan parte hartzen dituzten norbanakoek ere izena eman behar dutela egitasmoan aritzeko.

 

Donostian 6.000 lagunek eman dute izena dagoeneko

Pandemiak sortu duen ezohiko egoerak eragina izango du aurtengo ariketan baina Donostiako Euskaraldiko antolatzaileek Euskaraldiaren garrantzia eta balioa nabarmendu nahi izan dute. “Euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko balioko du. Bakoitzaren hizkuntza ohituretan eragin eta gure eguneroko harremanetan -etxean, lantokian, lagunartean, establezimenduetan eta abar- euskara gehiago erabiltzeko aukerez jabetzea da asmoa”. “Gakoa, jokaeran dago, ez gaitasunean” gaineratu dute.

6.000 donostiarrek eman dute izena jada eta Euskal Herrian berriz, 70.000tik gora dira izena eman dutenak.

Itzuli