Albisteak

Donostiako Udalak Euskararen erabilera normalizatzeko 6. plangintza onartu du

Donostiako Udalak Euskararen Erabilera Normalizatzeko 6. Plangintza jarri du martxan eta plangintza honen garapena bost urtez luzatuko da (2018-2022). Donostiako alkateak, Eneko Goiak, eta Euskara zinegotziak, Miren Azkaratek, aurkeztu dituzte plangintzaren nondik norakoak, hain zuzen ere, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak Eusko Jaurlaritzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Irizpide Orokorrak eta Plan Nagusia onartzearekin batera ezarritako irizpideak jarraituta egindako plana.

Aurreko planek ere bazuten helburu euskara, zerbitzu-hizkuntza izateaz gain, lan hizkuntza ere izatea. Baina oraingoan bi helburu orokor horiek askoz zehazkiago jaso dira eta, ondorengo ebaluazioei begira, bakoitzari eman zaion pisuak –%20 zerbitzu-hizkuntza, %80 lan-hizkuntza–, argi adierazten du zein den hurrengo urteetako erronka nagusia.

Planaren helburua

Jaurlaritzak ezarritako metodologia eta irizpideei jarraiki, Tokiko Gobernu Batzordean onartu zuen Donostiako Udalak bere 6. plangintza. Eneko Goia alkateak azaldu duenez, "hemen ere barruko erabileran jarriko da arreta berezia; udal administrazioaren esparru guztietan bi hizkuntza ofizialak erabiltzea lortu nahi da, bai ahoz eta bai idatziz". Hau da, Donostiako Udaleko jarduera-esparru guztietan, euskarak zerbitzu- hizkuntza izan behar du herritarrekiko harremanetan, baita administrazio barruan lan egiteko hizkuntza ere. Donostiako Udalak bi ardatz horien inguruan egingo du lan eta, lehenengo aldiz, Bikain ziurtagiriak erabiltzen duen metodologia erabiliko du.

Donostiako Udalean ere, euskara normalizatzeko 2022 urtera bitarteko plan estrategiko honetan, martxan jarri diren ardatzetatik %80 lan hizkuntzari dagozkio, hau da, udalaren lan jarduerari erreparatu zaio (beste herri administrazioekiko eta enpresekiko harremana, lan tresnak, kudeaketa, bilakaera…) eta %20 zerbitzu hizkuntzari. Zehazki, Udalak herritarrei zuzendutako jarduera eta zerbitzuetan bi hizkuntzen erabilera bermatzea da helburua.

Donostiako 5. Euskara planaren ebaluazioa oinarri

Euskara zinegotzi Miren Azkaratek esan du, 6.plana egiteko, 5.planeko ebaluazioaren datuak hartu direla oinarri. Ez hori bakarrik, balorazio kualitatiboa ere egin da, udal langileen iritzia jaso nahirik. Datuek erakutsi dute euskara aski egoera onean dagoela. Bai udaleko barne komunikazioan, baita udaletik kanpo ere. Esaterako, idatzizko barne komunikazioan erdiak baino zerbait gehixeagok euskaraz edo ele bitan egiten du. Lan bileretako dokumentuan %49 euskaraz edo ele bitan aurkezten dira.

Udalaren barruan ahoz komunikatzeko euskara erabiltzen du langileriaren %44k. Beste erakundeekin komunikatzeko, aldiz, idatziak elebidunak izaten dira batik bat. Datuen arabera, beste erakundeetara bidalitako idatzien %50 bi hizkuntzetan bidaltzen da eta ahozkoa bada harremana, euskara gaztelaniaren gainetik gailentzen da, %58k erabiltzen baitute.

Azkarateren iritziz, horrek guztiak ez du esan nahi, jakina, zer hobeturik ez dagoenik. Batez ere zerbitzua euskaraz ematea eskatzen duten herritarren kasuan: idatziz euskaraz egindako idatzien kasuan, %13ri gaztelaniaz erantzun zaie; eta herritarrei bidalitako ohar orokorren %34 ere gaztelaniaz bidali dira.

Udal langileak

Azpimarratzekoa da, bestalde, udal langileen hizkuntza-prestakuntza. Dagoeneko lanpostu guztien %76.85ek du derrigortasun-data ezarria eta gehien-gehienek egiaztatu dute dagokien hizkuntza-eskakizuna (batzuek maila bat beheragokoa). Badira, derrigortasun-data izan gabe ere, beren borondatez egiaztatu dutenak lanpostuaren hizkuntza-eskakizuna.

Hartara, udaleko langile guztien %72,81ek egiaztatu du bere lanpostuari dagokion hizkuntza-eskakizuna, derrigortasun-data izan edo ez izan. Hurrengo bost urteetan, 6. Plan honen indarraldia amaitzerako, lanpostuen %89,83k izango du derrigortasun-data. Hala adostu da zuzendaritzaz zuzendaritza, arduradun guztiekin, eta hurrengo urteetan hizkuntza eskakizunak eta derrigortasun datak zehazteko jarraibide batzuk jarriko dira martxan.

Amaitzeko, Donostiako alkate Eneko Goiak gaineratu du, benetan pozgarria dela adostasun osoz onartu izana Donostiako Udalean Euskararen Erabilera Normalizatzeko 6. Plana (2018-2022), aho batez onartu baitzuen Udal Gobernuak.

 

 

Itzuli