Albisteak

Donostiako Udalak euskarazko kultur eta aisialdiko produktuen gida argitaratu du

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak euskaragida.eus izeneko euskarazko kultur eta aisialdiko produktuen gida argitaratu du. Bakarka, lagun artean nahiz familian aisialdia euskaraz gozatzeko era guztietako eta adin guztiei zuzendutako produktuak jasotzen dira bertan: aldizkariak, komikiak, DVDak, joko eta jolasak, musika, liburuak, hiztegiak, gurasoentzako nahiz euskara ikasteko material berezitua, web orri interesgarriak eta abar. Produktuak jasotzaileen adinaren arabera datoz sailkatuta eta bakoitzaren ezaugarri nagusienak zehazten dira (izena, egilea, argitaletxea eta gutxi gorabeherako prezioa).

 

 

 

Gabonetan haurrei opariak egiteko gida lagungarria

Miren Azkaratek 2016 Hiriburutzako, Kulturako, Euskarako eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkariak zehaztu du paperezko edizioak 500 produktu inguru jasotzen dituela, gehien-gehienak berriak, aurten argitaratuak, eta guztira 165 puntutan bantuko diren 25.000 ale argitaratu direla. Katalogoak helburu bikoitza du, batetik, euskal kultura sustatzea euskal produktuei ikusgarritasuna emanez, jakinda horrek kontsumoa handitzen lagunduko duela, ahaztu gabe euskal sortzaileei eta euskal kultur industriari babesa emateko modua ere badela, eta, bestetik, euskara bera sustatzeko, izan ere, euskarazko produktuak kontsumitzen ditugunean euskaraz ari gara, eta hori da gakoa, euskaraz bizitzea, lanean, eskolan, kalean eta baita irakurtzen, jolasten eta musika entzuten dugunean. Eguberri hauetan opariak egiteko garaian gida ardatz hartzeko eta euskal produktuen aldeko hautua egitera deitu ditu donostiarrak.

Banaketa zabala egingo da datozen asteetan, besteak beste, Donostiako ikastetxe eta irakaskuntza zentroetan, euskaltegietan, kultur etxe, haurtxoko, gazteleku etakiroldegietan eta hiriko beste hainbat gune publikotan. Era berean, ekimenean parte hartu duten Donostiako hainbat saltokitan edonoren esku egongo dira.

Produktu bakoitzaren azpian, beste informazio batzuekin batera, gutxi gorabeherako prezioa ere adierazten da. Saltokien arabera alda daiteke.

euskaragida.eus ataria eguneratzen joaten da

Bestalde, www.euskaragida.eus atariak, bere aldetik, paperezko edizioan iragarritako produktu guztiak nahiz egunez egun argitaratzen doazenen gaineko informazioa jasotzen du, produktu motaren eta adinaren arabera sailkatuta. Aurreko urteetako produktu batzuk ere jasotzen dira. Liburuen atalean egileen araberako bilaketa egiteko aukera ematen du. Era berean, erabiltzaileari gustukoen duen produktua eskuratzea erraztearren, gehientsuenek on-line erosteko loturak erantsita dituzte.

Harpidetza eginez gero webgunean bertan, posta elektronikoaren bidez berrikuntzen buletina jaso ahal izango da hilero.

Itzuli