Albisteak

Donostiako Udalak haurrak euskaraz matrikulatzeko deia egin die gurasoei kanpaina hastearekin batera

Donostiako Udalak haurrak euskaraz matrikulatzeko deia egin die gurasoei kanpaina hastearekin batera. Miren Azkaratek, Udal Gobernuko Euskara zinegotziak adierazi du haurrak elebidunak izan daitezen aukera onena euskarazko ereduan ikastea dela: Datorren astelehenean, urtarrilak 25, hasiko da matrikulazio kanpaina eta, beste urte batez, datorren ikasturtera begira seme-alabak zein hizkuntza eredutan matrikulatuko dituzten erabakitzeko unea dute gurasoek, zentzu horretan, euskaraz matrikulatzeko deia egiten diegu, horixe baita elebitasunik orekatuena bermatzen duena”. Matrikulazio epea zabalik egongo da otsailaren 5era arte.

Hiriaren egoera soziolinguistikoa (2011ko EUSTATen datuen arabera 30 urtetik beherako herritar euskaldunak+ia euskaldunak %89,07 dira) kontuan harturik, egin diren ikerketek eta orain arteko esperientziak erakutsi dute D ereduak bermatzen duela elebitasunik orekatuena.

Euskara Zerbitzuak euskara jakiteak seme-alabentzat duen garrantziaz eta hortaz euskarazko eredua hautatzearen garrantziaz ohartarazi nahi izan ditu gurasoak. Horrela mezu hau helarazi nahi izan die gutun baten bitartez aurten lehen aldiz beren seme-alabak matrikulatuko dituzten 1.600 guraso donostiarrei. Gutunarekin batera, 2016. urtean sartu berritan, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburua den honetan hain zuzen, Irria aldizkariaren ale berezi bat banatuko zaie. Bertan, besteak beste, Albaola, Kultur Hiriburutzaren proiektuetako bati buruzko komiki, ipuin eta erreportajeak jasotzen dira, gurasoek, haurrarekin batera, irakurri eta goza dezaten.

 

D ereduaren hazkunde etengabea Donostian

Donostian hamar ikasletatik ia bederatzi D ereduan matrikulatzen da eskolan hasten denean. Donostian 3 urteko haurrentzat eskaintza egiten duten 19 ikastetxe publiko eta 26 ikastetxe pribatu edo hitzarmendunetan, D ereduaren aldeko bilakaera etengabea da eta hori agerian geratzen da azken urteetako datuei erreparatuz gero.

 

1992/1993

ikasturtea

2002/2003

ikasturtea

2012/2013

ikasturtea

2015/2016

ikasturtea

A Eredua

% 17

% 10,2

% 9,3

% 10,2

B Eredua

% 49

% 36,7

% 11,6

% 4,1

D Eredua

% 34

% 53,1

% 79,1

% 85,7

Iturria: Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila, Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritza

 

Datuok agerian uzten dute gurasoek Donostian D ereduaren alde egiten dutela eta beraien seme-alabek hizkuntza bat baino gehiago jakitea nahi dutela. Zenbat eta hizkuntza gehiago ikasi eta erabili, orduan eta hobeto garatuko ditu beste zenbait gaitasun, eta, kultur aniztasun handiagoaz gozatzeko aukerarekin batera, lan etorkizun zabalagoa izango du. Haurrak euskaraz hazten badira, euskara haiek adina haziko da.

 

Itzuli