Albisteak

Donostiako xxv. poltsiko antzerkia jaialdia otsailaren 11tik 27ra

Poltsiko Antzerkiak 25 urte bete ditu.

Donostiako Poltsiko Antzerkiak 25 urte bete ditu eta programa zabal eta irudi berritu baten bitartez ospatuko du. Orotara, hiriko 28 gune ezberdinetan 30 ikuskizun baino gehiago burutuko dira. Amaiera bikaina emango zaio Poltsiko Antzerkiaren 25. edizioari, Yogurinha Borova transformista famatua, Maribel Salas, Ane Gabarain, The Chanclettes eta Dj 2ttor-en partehartzea izango duen amaiera festarekin.


Donostia Kulturak, Kultur Ekintza Sailaren bitartez, Poltsiko Antzerkia Jaialdiaren edizio berri bat aurkezten du, oraingo honetan hogeita bosgarrena. Hortaz, oso jaialdi berezia izango da aurtengoa eta nabarmentzekoa da otsailaren 27an egingo den amaiera festa.

Egitarau honek, guneek hala ahalbidetzen dutelako, eta proposamenak ere izaera hori dutelako, formatu txikiko eta ertaineko lanak erakusteko aukera emateaz gain, idei eta proiektu berriekin esperimentatzeko parada eskaintzen du.

Ohiko jarraitzaileei zein honelako antzezpen-eremuetara joateko ohiturarik ez duen publikoari barietate-antzerkia hurbiltzea da jaialdi honen helbururik nagusiena.

Horixe baita jaialdi honen ezaugarrietako bat, hots, antzerki-saioak publikoengandik hurbil dauden eremu eta tokietan ohiko esnezatokiak ez izanagatik programatzea.

Zentzu honetan, Kultur Etxeek egiten duten eguneroko lanaren adibide garbia da jaialdia, hots, hiriko kultur programazioari begirada ezberdina ematen diote, hiritarretatik gertu dauden ekipamenduen bitartez.
Antzerkiaz gain, umorea, klowna eta musika izango dira jaialdi honen osagai nagusiak; gaurko gaiak, gizarte kritika eta transgresioa. Finean, bizileku dugun munduari buruzko ikuspegi ezberdina emango digute tabernetako eta beste tokiko oholtzetan jardungo duten aktore eta aktoresek.

Bestetik, aurtengo jaialdian Donostia Kulturak, Poltsiko Antzerkia Jaialdiaren esparruan, Udaleko Euskara Zerbitzuaren eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearen laguntzarekin Antolatutako Antzerki Sorkuntzaren deialdiaren 6. Lehiaketako irabazle eta finalista izandako taldeak parte hartuko dute.

Nomofobikak taldearen Sarean Kateatuak izan da edizio honetako lan irabazlea eta Bazen Behin taldearen Sexijentziak Askatuz,finalista.

Poltsiko Antzerkiaren, eta orokorrean, formatu txikiko antzerkiaren inguruan euskarazko lanen eskaintza urria dela ikusita alor horretan euskarazko sorkuntzak bultzatzea da ekimen honen lehen helburu nagusia.

Proiektu irabazleak eta finalistak, hurrenez hurren, 4.000 eta 3.600 euroko dirulaguntza jaso dute, antzezlanaren sustapena eta ekoizpena burutzeko.

Hona hemen Poltsiko Antzerkia Jaialdiaren barruan egongo diren euskarazko emanaldiak:

BAZEN BEHIN CLOWN: 'Sexijentziak Askatuz'
1. Erdigunea. Botanika. 19:30 (Otsailak 11)
2. Egia. Beti Boga. 20:30 (Otsailak 18)
3. Loiolako Erriberak (Amara). Apitxin. 20:00 (Otsailak 21)
4. Martutene. Etxarriene. 20:00 (Otsailak 26)
2016ko “Antzerki Sorkuntza”ren 6. lehiaketaren
finalista. Inozentziaz eta umoreaz baliatuta, harreman erotikoen gaia taularatuko duen klown bakarrizketa.

ENBIDO PROD.: 'Kitto, nik uzten dut'
1. Sagues (Gros). El Muro. 21:00 (Otsailak 12)
2. Loiola. Ardube. 20:00 (Otsailak 26)
Amagoia da tragikomedia honetako protagonista, aktorea eta garbitzailea eta gaur 40 urte betetzen ditu. Bere lankideek opari bat egin diote: oparia antzezlana bera da. Berak egoeraren ezustekoa aprobetxatuko du berri bat emateko: ezin duela gehiago, utzi egingo duela eta kitto. Baina zer utziko du?, lana?, antzerkia?, bizimodua?

RAMON AGIRRE & INAZIO TOLOSA: 'Putinen guardasola'
1. Amara. Via Fora. 20:00 (Otsailak 14)
2. Herrera. El Nido Taberna. 20:00 (Otsailak 19)
3. Igeldo. ItxasAurre. 19:00 (Otsailak 21)
Lehendakaria kezkatuta dago: "Euskaldun guztiok batuko gaituen ereserkia behar dugu" aitortu du. Baina nork egingo du? Bilera luze baten ondoren adostasuna lortu dute: Ray eta Nik izango dira Euskal Ereserkiaren egile.

NOMOFOBIKAK: 'Sarean Kateatuak'
1. Gros. Scanner. 20:00 (Otsailak 17 )
2. Intxaurrondo. Sidi Kauki. 20:00 (Otsailak 18)
3. Añorga. Jolas Etxea. 20:00 (Otsailak 19)
4. Egia. Le Bukowski. 20:00 (Otsailak 21)
2016ko “Antzerki Sorkuntza”ren 6. lehiaketaren irabazlea. Mugikorrekin eta sare sozialekin dugun menpekotasunaz arituko dira antzezlan honen bitartez

XIXKA: “Magia poltsikoan”
1. Erdigunea. Tanger Taberna. 20:00 (Otsailak 25)
2. Parte Zaharra. Tas Tas. 20:00 (Otsailak 26)
Ikusle handientzako formatu txikiko magia. Zapore eta kolore magikoen nahasketa, zuzenean dastatu ahal izango duzuna. Magia apala, baina ez erraza, gertutik sentitzeko eta poltsikoan eramateko.

25. URTEURRENAREN AMAIERA FESTA: Maribel Salas, Ane Gabarain, Yogurinha Borova, The Chanclettes eta Dj 2ttor
Otsailaren 27an, Egiako Dabadaban 23:00etan
Festa Elebiduna izango da.

Itzuli