Albisteak

Eguzkiteka, Kontxa hondartzako liburutegia

Eguzkiteka, liburutegiko hondartza Kontxa pasealekuaren azpiko espazioan kokatua egongo da, erlojuen parean, La Rotonda diskoteka egon zen lekuan. Uztailaren 7tik abuztuaren 31ra egongo da zabalik, astelehenetik igandera goizeko 11:00etatik arratsaldeko 19:30era. Arratsaldero 17:00etan Lur Kortak haurrentzako ipuin kontaketa saio bat emango du.

Bataz beste 60 metro karratu izango dira, irakurketari eskainiak eta publiko mota guztietara zuzenduak. Egunkariak, aldizkariak, eleberriak, gure hiriari buruzko liburuak, komikiak, albumak eta haur liburuak irakurtzen gozatzeko topagunea.

Egunero, arratsaldeko 17:00etanLur Kortak haurrei zuzendutako ipuin kontaketa saioak egingo ditu. Guraso edo arduradunei gogorarazten zaie, haurrekin egon behar dutela ipuin kontaketa saioak irauten duen bitartean.

Inaugurazioa uztailaren 7an

Eguzkitekaren irekiera egunerako irakurketa saio eleanitza antolatu da. Daniel Defoe idazlearen Robinson Crusoe  liburua irakurriko da, literatura unibertsaleko klasiko honek itzulpen ugari izan ditu, baita argitalpenak eta egokitzapenak ere. Irakurketa Errazean ere badu bertsio bat eta oso aproposa da Eguzkitekan irakurtzeko. 

Irakurketa saioaren hasiera 12:00etan izango da eta liburuaren bost bertsio irakurriko dira: Irakurketa Errazean, euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Saio honetan parte hartzeko izen-ematea liburutegiaalderdieder@donostia.eus email helbidean egingo da.

Jarraian, arratsaldeko 17:00etan Lur Kortak haurrei zuzendutako lehen ipuin kontaketa saioa egingo du. Guraso edo arduradunei gogorarazten zaie, haurrekin egon behar dutela ipuin kontaketa saioak irauten duen bitartean.

Zergatik

Hondartzako liburutegiaren irekiera irakurketarako espazio berrietara zabaltzearen liburutegi politikan aurreikusi behar da. New York aitzindarietako bat izan zen hirietako parke eta lorategietan irakurketarako espazioak eskainiz. Gure inguruan ezagunak dira hondartzetan eta igerilekuetan kokatzen diren liburutegiak. Donostia Kulturaren liburutegi sareak duela hogei urte sortu zuen Urgulleko udako liburutegia eta orain urrats berri bat emango da publiko berrien bilaketan Kontxa hondartzako liburutegiarekin, Donostiako uda garaiko gune nagusienetako bat.

Itsasoari begira irakurtzen egotea Kontxa hondartzak eskaini dezakeen zerbitzu berri bat izango da eta prestigio handiagoa emango dio. Liburutegi honen izaera bereziak, alde batetik Kontxa pasealekuaren azpiko kokapena eta bestetik udan egunero zabalik egoteak, Donostia Kulturaren liburutegi sareko eredu mota berri baten aurrean jartzen gaitu, bai ordutegia, araudia eta zerbitzuei dagokienez.

Nola

Liburuak maileguan hondartzara eramateko aukera egongo da, bertan irakurtzen egoteko, eta Liburutegia itxi baino lehen itzuli beharko dira. Liburutegia osatzen duten elementu fisiko guztiak, apalak liburuekin, mahaiak eta aulkiak, egunaren amaieran jaso egin beharko dira, horrela baitago arautua indarrean dagoen Kostaldeko legedian eta hurrengo goizean berriro kokatuko dira dagokien espazioan, beti ere pasealekuaren azpiko pasabidea libre utziko delarik.

Eguraldiaren aldaketek eragina izango dute liburutegiaren funtzionamenduan, enbata edo galerna sortzen bada edo eguraldia oso txarra dagoenean, segurtasun baldintzek hala eskatzen badute, liburutegia itxita egongo dela iragarriko da.

Itzuli