Albisteak

Eleaniztasuna eta euskararen normalizazioa

Udaleko Euskararen Kontseilu Sektorialak landutako HIZKUNTZEN ERABILERA izeneko dokumentua argitaratu du Euskara Zerbitzuak beste urrats bat emateko helburuarekin bai eleaniztasunaren onarpenean eta baita euskararen erabileraren normalizazioan ere. Hiriko bi hizkuntza ofizialez gain, gainerako hizkuntzak erabiltzeko jarraibideak ematen dituen dokumentua osatu du.


Donostiako Udaleko Euskararen Kontseilu Sektorialaren baitan, hiriko hainbat arlotako eragilerekin osatutako lan taldeak (Kontseilu Sektorialeko euskalgintza, merkataritza-ostalaritza eta alderdi politikoetako zenbait kiderekin batera,  dagoeneko beste zenbait hizkuntza erabiltzen dituzten erakundeetako ordezkariek parte hartu dute, zehazki, Donostia Turismoak, Donostia Kulturak, Donostia 2016k) egin du dokumentua gero eta hizkuntza gehiago erabiltzeko bai Udalak eta bere entitate autonomoek eta baita zenbait entitate, establezimendu zein hiritar askok duten beharrari aurre egiteko asmotan. Donostian nagusi diren lau hizkuntzen –euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa- arteko elkarbizitza ahalik eta orekatuena eta ordenatuena bermatzeko jarraibideak ematea da helburua.

Dokumentua lau hizkuntzatan argitaratu du Euskara Zerbitzuak, bai paperean eta bai formatu digitalean. Paperean, oraingoz, 500 ale argitaratu dira (euskarazko eta gaztelaniazko bertsioetan) Donostiako Udaleko departamentu zein entitate eta erakunde autonomoetan eta ekimenak antolatzen dituzten bertako eta nazioarteko entitate publiko eta pribatuei banatzeko. Formatu digitalen, euskaraz zein gaztelaniaz hemen topatu daiteke eta ingelesez eta frantzesez aurki egongo da eskuragai.

Miren Azkarate, 2016 Hiriburutzako, Kulturako, Euskarako eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkariaren esanetan, “mundua eta jendartea eraldatzen ari den globalizazioaren erdian murgilduta dago Donostia. Handiak eta sakonak dira gure hirian gertatzen ari diren aldaketak, bai hiri antolamenduaren alorrean baina baita egitura sozioekonomikoan zein kultura edota hizkuntza eremuetan ere. Informazio eta komunikazio teknologia berriek mundua txikitu diguten honetan, betikotasuna baztertuz, bertakotasuna babestea lehentasunezko betebehar bihurtu zaigu aniztasuna baloretzat dugun guztiontzat. Eta horixe da HIZKUNTZEN ERABILERA izeneko dokumentuaren bidez kultura eta hizkuntza esparruan hasi nahi dugun bidea: geureari eutsiz, besteei ateak zabaldu”.

Edozein erakunderen irudi korporatiboan nahiz ohiko kanpo komunikazio ekintzetan - harreran, webgunean, publizitatean, argitalpenetan eta jendaurreko ekitaldietan- bertako hizkuntza babestuz besteak txertatzeko jarraibide zehatzak jasotzen dira HIZKUNTZEN ERABILERA dokumentuan, eta osagarritasun hori bermatzeko zenbait neurri ere proposatzen dira. Nolanahi ere, erakundearen izaeraren, eragin-eremuaren eta komunikazio-ekintzaren arabera, hizkuntzen erabilera era batekoa ala bestekoa izango da, hau da, euskaraz, bi hizkuntza ofizialetan edo modu eleaniztunetan aritzeko aukera zabaltzen da.

“Donostia euskalduna eta Donostia eleaniztuna nahi ditugu aldi berean, - dio 2016 Hiriburutzako, Kulturako, Euskarako eta Hezkuntzako zinegotziak - baina osagarriak biak, ez  kontrajarriak. Aurrera begira dagoen euskararen hiri honetan, gero eta hizkuntza gehiago entzuten dira, gero eta bisitari gehiago ditugu, eta gu geu, euskarari uko egin gabe, gero eta eleaniztunagoak gara. Bertakoari eusteak ematen digu besteei ateak zabaltzeko indarra eta konfiantza, euskaldun izanik baikara europarrak. Euskara babestuz zabaltzen dizkiegu ateak beste hizkuntzei. Egitasmo hori ordenatzeko asmoz sortzen da HIZKUNTZEN ERABILERA izeneko dokumentua, betiere ele aniztasuna indartzeko”.

 Dokumentua euskaraz pdf formatoan

 

Itzuli