Albisteak

Enpresek eta elkarteek bide publikoan hizkuntza ofizialen erabilera egokia egin dezaten esku orria argitaratu da

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak esku orri bat argitaratu du jendaurreko euskarri eta jardueretan, ahoz nahiz idatziz, Udalak onartutako hizkuntza ofizialak erabiltzeko jarraibideak modu egokian gauzatzen laguntzeko. Esku orri horretan, edozein enpresak edo erakundek kalean antolatzen dituen jarduera eta zerbitzuetan hizkuntzak nola erabili behar diren ikusteko ereduak eta benetako adibideak jasotzen dira.

Guztira, esku orriaren 4.000 ale argitaratu dira Udalak kontratatzen edo diruz laguntzen dituen enpresa eta elkarteen artean banatzeko.

Horrez gain, Udalak parte hartzen duen enpresa, erakunde zein sozietate publikoei ere helarazi zaie informazioa. 

Udaleko Euskara Zerbitzuak, bere aldetik, hizkuntza jarraibideok betetzen laguntzeko hizkuntza aholkularitza eta testuen zuzenketa zerbitzua eskainiko du bere baliabideen arabera.

Donostiako Udalak onartutako Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planaren helburu nagusia da herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea, eta hizkuntza eskubide horiek bermatu behar dituzte bere osotasunean bai Udalak, Erakunde Autonomoek, Sozietate Publikoek eta
hauek kontratatzen edota diruz laguntzen dituzten enpresek eta elkarteek.

Informazio gehiago

 

Itzuli