Albisteak

Euskara ikasteko matrikulazio kanpaina zabaldu da

Donostiako Udalak eta hiriko zentro homologatu zein euskaltegiek euskara ikasteko deia egin diete donostiarrei. 2018-2019 ikasturtean euskara ikasi nahi dutenek izena emateko aukera dute irailean hiriko euskaltegi eta zentro homologatuetan. Hori gogoratzeko, #euskaldunízate kanpaina jarri dute martxan.

Matrikulazio kanpaina hau, gainera, Euskaraldia dinamikarekin lotu nahi izan da, euskara ikasten ari diren ikasleek aukera paregabea izango baitute Euskaraldiarekin euskaltegietan ikasten ari diren euskara kalean erabili ahal izateko, Ahobizi eta, batez ere, Belarriprest rola jokatuz.

Euskara ikasi edota maila hobetu nahi dutenek hirian euskaltegi sare garrantzitsua izateaz gain, ikasleen beharretara egokitutako eskaintza izango dute. Euskaltegiek, batetik, ohiko aurrez aurreko ikastaroak eskaintzen dituzte.

Bestetik, euskara azkarrago ikasi nahi dutenentzako ikastaro trinkoak ere eskaintzen dira. Euskaltegira joateko zailtasunak dituztenek, berriz, Internet bidezko autoikaskuntza ikastaroak dituzte aukeran. Bestalde, xede bereziko taldeentzako egokitutako ikastaro berezituak, hau da, guraso, merkatari, ostalari edota etorkinentzat ere antolatzen dira.

 

2018-2019 ikasturterako diru-laguntzak eskatzeko epea eta baldintzak

Euskara ikasi nahi dutenek, irailean hasita, Donostiako edozein euskaltegitan izena emateko aukera izango dute eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuan ikastaro horietarako diru-laguntza eskatzeko epea, berriz, urriaren 1etik azaroaren 16ra egongo da zabalik.

Urritik aurrera euskara ikasten hasiko direnek eskatu ahal izango dute diru-laguntza Euskara Zerbitzuan (Konstituzio plaza, 2) eta UdalInfo bulegoetan: Udaletxean, Morlansen eta Altzan. Diru-laguntza eskaera on-line egiteko aukera ere izango dute.

 

3.790 lagun aritu dira Donostian euskara ikasten 2017-2018 ikasturtean

2017-2018 ikasturteko neguko ikastaroetan (udako datuak oraindik ez dira jaso), 3790 lagun aritu dira hiriko euskaltegietan euskara ikasten. Neguan ikasten aritutakoek irailean jasoko dute diru-laguntza. Hartara, ikasturte berrirako matrikula ordaintzeko baliagarri izango zaie jasotzen duten diru hori. Udan aritutakoek, berriz, abenduan jasoko dute dagokien diru-laguntza.

Informazio gehiago

 

 

 

Itzuli